Sanferminak Iruñean

Sanferminetako Amazonas

Herri Sanferminak egitasmoa egitarau zabala eskaintzen ari da aurten, udalak antolatutako jarduerei alternatiba eskaintzearren. O plazan eta Errekoleten plazan dute beren gunea

Munduko Dantza festibala, Errekoleten plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Herritarrek O plazan eta Errekoleten plazan dute beren arnaslekua uztailaren 6tik 14ra bitarte Iruñean. Horrela ulertzen dute antolatzaileek aurtengo Herri Sanferminen txosnen funtzioa, eta beharbada sentsazio berbera du egunero hara joaten den jendetzak ere. Kontzertuak, tailerrak, edonolako emanaldiak... egitarau oso zabala dute herri sanferminek, beste behin ere, Alde Zaharrean.

Hirugarren aldiz aurten, txosnek hiriko erdigunean dute lekua. 2002. urtean, UPNk barraka politikoak debekatu zituen, eta 2016. urtera arte ez zuten erdigunean presentziarik izan. Orduan berreskuratu zuten erdigunean egoteko tokia.

Egun, egoera bestelakoa da. Luzia Etxeberria eta Gaizka Azketa Herri Sanferminak egitasmoko kideek eboluzio horren beharra azpimarratu dute. «Orduko gobernuak ez zuen herri festarik nahi Alde Zaharrean, eta urruti jartzera behartuta geunden, gune erraldoi batean», azaldu du Gaizka Azketak. Gaineratu du garai horretan udalak prestatzen zituen egitarauak are eta «balio kapitalistagoak eta espainolistagoak» zituela.

Aldaketa instituzionala iritsi zenean, gune erraldoi hori «bertan behera» uztea erabaki zuten Gora Iruñea eta Iruñeko beste hainbat kolektibok. Herri Sanferminetako kideen arabera, «desegokia» zen, urrun zegoelako ez ezik, beste arrazoi batzuengatik ere. «Espazio erraldoi horretan nahi ez dugun jai eredu horren hainbat kontu erreproduzitzen zirela antzeman genuen», gehitu du Gaizka Azketak.

«Gure balioekin eta ideiekin bat egiten duen egitarau bat da eskaini nahi duguna», esan du Etxeberriak. Horregatik, azaldu dute aurten bereziki nabarmendu dutela ekintza, emanaldi, tailer eta kontzertu guztiek «askotarikoak» behar dutela izan. Era berean, bertako taldeei eta tale txikiei eman diete lehentasuna hein handi batean, eta oholtza gainean emakumearen presentzia handia izan dadin saiatu dira. Hori bakarrik ez, eguneko programazioari indarra ematen saiatu dira, festa gauean bakarrik izan ez dadin.

Lan handia eskatzen du herri sanferminak antolatzeak. Ahalegin handia egiten dute auzolanean txosnak aurrera eramateko. «Hilabete asko egin beharko genuke atzera prozesua noiz hasi zen ikusteko», azaldu du Etxeberriak. Fruitua ematen du azkenean esfortzu orok, eta helburua erdietsi dute beste behin: herritarrak izatea jaien antolatzaile. «Jaiak ere gizarte baten erakusleihoa dira», gehitu du.

Urte hasieratik eta sanferminak iritsi arte, inplikazioa oso handia izan da egitasmoko kideen egunerokoan, eta horrek ahalbidetu du erronka betetzea. Hala ere, Azketaren arabera, oraindik ez dira iritsi azken helburura. Dena den, «laguntza txiki oro» da eskertzekoa, haren esanetan.

Oihanean dantzan

Dantza eta algararako gunea diren bezala, mezuak transmititzeko leku ere badira O plaza eta Errekoletena. Aurten, Jaien hatsa, oihaneko dantza lelopean eraiki dute festa. Antolatzaileek, sanferminen ahulguneak eta indarguneak aztertuta, erabaki zuten leloa zein izanen zen. Amazonas munduko birika den bezala, herri txosnak festetako arnasarako espazio izatea nahi dute, geroz eta gehiago zalantzan jartzen diren festa ereduko jarrera «basatietatik» ihesi. «Gertatzen diren eraso matxistak, maiz alkoholarekin lotuta gertatzen diren jarrera bortitzak... Ez dugu horrelakorik nahi gure eremuan», dio Azketak. Hori ziurtatzen saiatzeko, protokolo feminista bat dago martxan, eta trebatu egiten dira txanda egiten duten guztiak.

Herrian, herritarrek eta herriarentzat egindako festak izan daitezen lanean aritu direnek, badute arrazoi aski, lortutakoa ikusita, harro topa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.