Sanferminak Iruñean

Inflazioa apaldu da jaietan

Iraganarekin alderatuta, jaietan ez dira hainbeste igo prezioak, eta norbere poltsikora egokitutako eskaintzak aurki daitezke. Bermutaren orduak arrakasta handia du jaietan
Terrazak jendez gainezka egon ohi dira, eta Gazteluko plazan, adibidez, bertan zerbitzatzeagatik euro bateko gehigarria eskatzen dute.
Terrazak jendez gainezka egon ohi dira, eta Gazteluko plazan, adibidez, bertan zerbitzatzeagatik euro bateko gehigarria eskatzen dute. L. ARROIABE OLAORTUA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko uztailak 14

Iruindar askoren burmuinetan iltzatuta geratu da sentsazio hori. Uztailaren 6a iristearekin batera, bat-batean, inflazioak gora egiten du. Iraganean, teknikoki kontsumo prezioen indize deitzen zaion adierazle ekonomiko horrek hamarren batzuk egiten zuen gora, oso une zehatzean, produktu zehatzekin eta toki zehatzetan. Hots, sanferminetan, edari eta jangarrien atalean, eta batik bat, Alde Zaharrean zein inguruetan. Hala ere, azken urteotan, neurgailurik jarri gabe ere, sentsazio hori apaldu egin da. Inflazioa apaldu den bezala. Bat-batean prezioak ez dira igotzen, edo igoz gero, ez dira bat-batekoak, ez eta gehiegizkoak ere. Urteroko salneurrien eta jaietakoen artean ez dago diferentzia handirik. Eta bilatuaren bilatuz, aurki daitezke norbere aurrekontura egokitutako eskaintzak.

Errealitate horren isla izan daiteke jaiaren bihotza, Gazteluko plaza. Hiriaren erdigunea bertan izanik, pentsa liteke bertan inflazioak gora egingo duela. Alta, Cafe Iruñea kafetegian, adibidez, kaña 2 euroan, kalimotxoa 3 euroan eta konbinatu bat 7 euroan topa daiteke. Ziurrenik, kalimotxoa nekez aurki daiteke bertan urte osoan, baina sanferminetan eraldatu egiten da ehun urtetik gora duen ostatuaren itxura. Elegantziaren ikur dena parrandaren guneetako bat bihurtzen da.

Terrazan eseri eta lasai-lasai inguruneaz gozatu nahi izanez gero, gehigarri bat ordaindu behar da. Adibidez, Eusko Alkartasunaren egoitza azpian dagoen tabernan, terrazan kontsumitzeagatik euro bat gehiago ordaindu behar da.

Plazaren inguruan, sandwichak eta ogitartekoak 7 euroan aurki daitezke, entsaladak 9 euroan, txuleta bat patatekin 14 euroan, eta sanferminetako menu berezia 24 euroan. Festaren bihotzean, ingurune pribilegiatuan, giro apartean jateak edo edateak bere prezioa dauka, baina ezin esan aiztokada jo dutela.

Gainera, plazatik atera eta inguruetako kaleetako tabernetan murgilduz gero, zenbait ostatutan prezioak jaitsi egiten dira: kañak 1,50 eta 2 euro artean, eta pintxoak, berdin. Ogitartekoak 5 eta 7 euro artean ere aurki daitezke, baita menu merkeagoak ere. Ostalariek eurek onartu dute, gainera, bermutaren orduak oso ondo funtzionatzen duela eta jende asko biltzen dela. Hori izan daiteke arazoa. Mahai batean lasai ederrean bazkaldu nahi izateak beste prezio bat du: tokia aurkitzea kosta egiten da.

Baina aspertzeko betarik ez dago Iruñean sanferminetan. Ezta eguerdiko ordu beroetan ere. Estafeta kalean, Muthiko Alaiak peñaren balkoian DJ bat jarri dute, eta han ari da musika jartzen. Haren pean, hainbat jatorritako lagunak daude dantzan, umore onean. «Hori da sanferminen onena. 24 orduko festa da, eta une orotan topatu daiteke jendea aldarte onean. Adin guztietako pertsonentzako jaia da», azpimarratu du Amaia Nabarlazek. Claudio Audisio italiarrarekin dago. 22 urte daramatza hutsik gabe sanferminetara etortzen. Aurretik, ezagutzen zituen beste festagune batzuk, baina, duela bi hamarkada sanferminak ezagutu zituenean, txunditu egin zen. «Festa paregabea da». Dena den, kanpotik datorrenaren begirada zorrotzarekin, Audisiok uste du aldatuz joan dela. Prezioei dagokienez, iraganean kolpe handiagoa nabaritzen zuen; orain, berriz, «ez hainbeste». Autoa aparkatzeko orduan, berriz, bai nabaritzen du diferentzia. Lehenago, doan zen, eta orain, berriz, egun batekoa 8,7 euro kostatzen zaio. Janariari dagokionez, argi du zer hartu: «Gaztaren eta txistorraren artean, bigarrenaren alde egiten dut. Hemengo gazta desberdina bada ere, etxean badut non topatu; aldiz, txistorrik ez dago. Hori bai, urdailak nabaritzen du gero».

LABen protesta

Beroak jotzen duenean, gogotik sartzen da garagardo bat. Atseden hartzeko toki egokia izaten da Iruñeko Katedralaren alboko Zaldi Zuria ostatua. Hango terraza jendez beterik dago, eta zaila gerta daiteke tokia topatzea. Inguruetako belardietan eta aulkietan geldialditxoa egin dute zenbaitek, indarrak hartzeko gertu. Alde Zaharraren beste muturrean daude Herri Sanferminen eta Oinez-en guneak: prezioak merke, giro ona eta, nahi izanez gero, atsedena hartzeko itzal ugari.

Sarasate pasealekutik gertu, La Sangiovesa jatetxea dago, eta LAB sindikatuak hainbat protesta egin ditu, lau langileren kaleratzea salatzeko. Hori izan daiteke sanferminen beste aurpegi ezkutua. Jaiak negoziorako aukera dira ostalarientzat, baina zenbaitetan lan baldintzak ez dira hoberenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Goizean goizetik jendea pilatzen da Bilboko komun publikoetan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Mapan jarri dituzte

Zihara Jainaga Larrinaga

Taberna eta jatetxeen itxieraren ondorioz, ilara luzeak egiten dira Bilbo erdiguneko komun publikoetan. Erabiltzaileek eskatu dute askoz gehiago behar direla .
 ©CC0

Pandemia urtearen osteko planak

Uxue Gutierrez Lorenzo

COVID-19aren pandemiak markatu du 2020a. Urte berria, baina, bide berriak arakatu edo erdibidean lagatako zenbait berriro hartzeko urtea izan daiteke. Kontzertuak, bertso saioak, bidaiak eta Olinpiar Jokoak dira hainbat arlotako profesionalek buruan dantzan dituzten nahietako zenbait.
 ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.