Baionako bestak

Giharrak ongi beroturik

'Qi Gong' izeneko beroketa saioa estreinatu dute Baionako bestetan: parada bat frango ezezaguna den kirola ezagutarazteko. Publikoak baikorki erantzun dio saioari
Atzo izan zen lehen saioa, baina besta garaian egunero eskaintzen dituzte Qi Gong kiroleko saioak merkatu estaliko plazan, 10:30ean.
Atzo izan zen lehen saioa, baina besta garaian egunero eskaintzen dituzte Qi Gong kiroleko saioak merkatu estaliko plazan, 10:30ean. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko uztailak 27
Puntx cocoa dauka basoan Audreyk. Basokoa isuri gabe Qi Gong jestuak egitea, hori du goiz honetako desafioa. Ez zaio batere bateraezina iruditzen. Alderantziz: «Ez banu puntxik edan, ez ninduzun aurkituko hemen!». Plaza erdi honetan, oraindik asfaltoan pegatuak dira bezperako alkohol usainak. Nahiz eta garbitzaileak pasatu diren, hortik zenbait oren lehenago plaza lepo betea zela baieztatzen duen usaina da. Baina hori detaile bat besterik ez da irria ezpainetan Qi Gong-ean ari direnentzat. Laster sartu da publikoa jokoan, eta gustura segitu du izerditzeraino. Besta ere hobeki segitzeko ez dagoela parerik konbentzituak dira denak. Pipatu zigarretak eta edan alkoholen kalteak kanpora bota, berriz hasteko.

Eta txarangak edo haurren danborrada hortik pasatzen direlarik, jestuen erritmoa txaranga edo danborren erritmora egokitu eta, azkenean, ez duela hain gaizki ematen ere ohartzekoa ukan dute. Memento goxo bat da denentzat. Belaunaldi guztiak aurkitzen dira hor. Adin eta maila guztietakoak. Batzuk, irriz, Audrey bezala; besteak, serioago. Baina guztientzako eskuragarri dela.

Eta, funtsean, hori da ere Qi Gong saio honen helburua. Batetik, erakustea eskuragarritasun hori —saioa urririk da—, eta, bestetik, hain zailak ez diren jestu batzuekin sakontasun bat lor daitekeela. Hori berresten du Akord64 elkarteko Frederique Chopinaud irakasleak. Hor dago esplikazioak ematen, frantsesez.

Qi Gong, jatorrian, ez da arte martzial bat. Arte martzialetako, adibidez Taiji Quanarako, hasi aitzin egiten den beroketa bat da. Medikuntza txinatarrari ere lotua da. Baina beroketa soil bat izatetik, aspalditik berezko diziplina ere bilakatua da.

Minbizi zerbitzu zenbaitzuetan eskaintzen da: eriei gaitzaren ondorioak hobeki gainditzeko ematen diete. Artritis dutenentzat ere minak txikitzeko balio du.

Bereziki, hirietan frango garatu da azken urteetan kirol hau, eta, hemen oraindik frango ezezaguna bada ere, gero eta zale gehiago daudela poztu da Chopinaud. Akord64 elkarteak berak hogei bat kide ditu, eta, astero, sei kurtso ematen ditu Baionako Glain aldeko elkartetxean. Baionako besten saioa beren burua ezagutarazteko ezin hobeki zaie. Bat baino gehiago bildu zaizkie informazio bila, nola segi dezaketen jakiteko.

Bada ere animazio bat gehiago segitzeko aukera Baionako besten eguneko animazioan. Jadanik aspalditik eskaintzen da yoga herriko etxe aitzinean. Horrekin segitzen dute ere aurten. Hori bai, biak tenore berean dira, hau da, 10:30ean. Baina biak egunero direnez, batean bat eta bestean bestea egin daiteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna