Donostiako 66. Zinemaldia. Zuzendari Berriak

Etengabeko zalantzen bidegurutzean

Hadrian Marcu zinemagile errumaniarrak 'Un om la locul lui' aurkeztu du Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Petrolio industrian lan egiten duen gizon baten istorioa kontatzen du pelikula «minimalista eta errealistak»

Erabakiak hartzeko ezina eta etengabeko zalantza dira Hadrian Marcu zinemagilearen pelikulako gai nagusiak. BERRIA.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hautatu beharra. Ataka hori bizi du Petru protagonistak Un om la locul lui (Gizon prestu bat) pelikulan. Haurdun dagoen bikotekidearen eta istripua izan berri duen maitalearen artean, Bukarestera joatearen edo landa eremuan gelditzearen artean, egia esatearen edo gezurretan jarraitzearen artean... Etengabeko zalantzan dago filmeko protagonista. Hala ere, badu kezka bat; guztiaren gainetik «gizon prestua» izatea du helburu. Izen horixe bera eman dio Hadrian Marcu zuzendariak filmari. Lau urtez proiektua ontzen aritu ostean, atzo aurkeztu zuen pelikula, Donostiako 66. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean.

«Errealista eta minimalista» da filma, Marcuren arabera. Petru da hari eroalea. Petrolio enpresa bateko ingeniaria da, eta Errumaniako landa eremuko hiri txiki batean bizi da. Haurdun gelditu berri da bere bikotekide Laura, baina bere maitale Soniak istripua izango du, eta, halako batean, harrapatuta geldituko da bi errealitateen artean. Batekin eta bestearekin izan nahi du bidezkoa, baina kosta egingo zaio bi bide horiekin aurrera jarraitzea. Berdin kostatuko zaio, ordea, bata edo bestea aukeratzea. Ezinegon horrek ez aurrera, ez atzera utziko du Petru, harik eta Laurak beste harremanaren berri izan arte.

«Berez ez du bizitza zaila, baina gizon konplikatua da Petru», azaldu du Marcuk. «Filmak iraun bitartean, ez du erabaki bat bera ere hartzen. Ezintasun hori du, eta uste dut hori badela gizakiaren tragedia txiki bat». Horregatik, kritika soziala baino gehiago, gizabanakoen «istorio txikiei» erreparatu nahi izan die zuzendariak: «Pertsonaia guztiak ulertu behar dira testuinguru konkretu batean, eta, beraz, arlo sozial hori kontuan hartu behar da. Hala ere, gehiago interesatzen zait pertsonaia bakoitzaren barne gatazka hori», ohartarazi du zuzendariak.

Edonola ere, aitortu du filmaren kokalekua eta pertsonaiaren identitatea ez direla ausazkoak: «Jakina, petrolio guneetako lan bizimodua oso gogorra da. Bakartia eta bakartua. Bestalde, gizon bat da Petru, eta badu gatazka bat gizon identitate horrekin». Hala ere, uste du pelikularen helburua ez dela horren inguruko gogoeta egitea: «Bai, badago kezka bat maskulinitatearen inguruan, baina uste dut filmean garrantzia handiagoa dutela etengabeko zalantzak eta erabakiak hartzeko ezintasunak».

Marcuk Petru Cimpoesuren Firesc liburua hartu du istorioa osatzeko oinarrian. «Bi gauzek erakarri ninduten. Batetik, interesgarria iruditzen zitzaidan petrolio eremuen ingurumen hori zinemara eramatea. Iruditzen zait nahiko ezohikoa dela halako lanbideak eta halako paisaiak zineman ikustea. Bestetik, protagonistaren zalantzarako joera hori deigarria iruditzen zitzaidan». Hala jo zuen gidoia osatzera: «Gauza konplikatuak interesgarriagoak dira beti. Dena sinplea eta zoriontsua izango balitz, aspergarria litzateke. Bitarte horretan dago gakoa».

Bikote harremanetan ez ezik, enplegu arloan ere badu zalantza Petruk: enpresako nagusiek Bukarestera lanera joatea eskaintzen diote, postu hobe batera. «Hor ere islatzen da protagonistak harremanak mantentzeko duen zailtasuna. Maitaleekin ez ezik, laneko kideekin ere apenas duen harremanik, eta, agian, horregatik kostatzen zaio hainbeste hirira joatea. Eroso dago espazio txikiagoetan», nabarmendu du Marcuk.

Alegia, eguneroko gatazka txikiak handi egiten zaizkio Petruri, eta horixe da, hain justu, Marcu harrapatu duena: «Azkenean aurkitu dut arrakala horietan istorio bat kontatzeko, interesgarria izan daitekeena». Urte luzez film laburrak egin ostean, hau du lehenengo lan luzea.

Errumaniako zinema, goraka

Zinemagileak hainbat lan aurkeztu ditu nazioarteko jaialdietan, baina, azaldu duenez, aldendu egin zen denbora batez zinemaren mundutik. Orain «lan konbentzional» batekin itzuli da, nahiz eta ukitu propioa eman dion: «Gustatzen zaidan zinema minimalista da, eta hori egiten ahalegindu naiz film honetan». Aitortu du, gainera, bere lanean eragina duela Errumaniako zinemak azken urteotan izandako gorakadak: «Gero eta film gehiago egiten ditugu gure herrialdean, eta, gainera, pluralago bihurtzen ari da pelikulen eskaintza. Uste dut hori osasuntsua dela gure zinema industriarako».

Hortaz, sentitu du «mugimendu berri» horren eragina, baina azpimarratu du espero duela zinema errealistan ere bere harria jartzea: «Uste baino gehiago eragin dit azken urteetako gorakadak. Horregatik, agian, ez da hain pelikula diferentea, nahiz eta espero dudan nire aletxoa jartzea».

Errumaniako zinema industriaren osasun onaren adibide, Marcu jada ari da Un om la locul lui filmaren bigarren atala egiten, nahiz eta orain estreinatu berri duen lehen zatia. Edonola ere, ez du filmaz ezer berezirik espero: «Pelikula amaitzean esaten duzu: kito, egina dago. Orain jarrai diezaiola bere bideari, ikusiko dugu zer gertatzen den. Iruditzen zait hori dela estreinaldia kudeatzeko modurik onena».

Petru pertsonaiaren ezintasunek harrapatu zuten Marcu, eta hori du istorioarekin jarraitzeko arrazoi nagusia: «Uste dut hortik harago ez dudala mezu jakin bat eman nahi. Pertsonaia interesgarria da pantailan ikusiko duguna. Finean, azaltzen duena da zein zailtasun ditugun erabakiak hartzeko eta hautuak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.