Sanferminak Iruñean

Eguerdietako mazedonia

Iruñeko Alde Zaharra betetzen da eguerdian, bermutaren orduan. Txistulariak, txarangak, fanfarreak eta gaiteroak, denen doinuak nahasten dira une horretan bestaren zurrunbiloan

Zaldiko Maldiko elkartean bermut lasaiak izaten dira, baina eguerdiro dute musika talde askoren bisita. Irudian, Iruña Taldekoak, dantzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Udal txistulariak, bi txaranga, gaita jotzaile talde bat eta fanfarrea. Ordu erdi baizik ez dute behar izan horiek guziek karrika bera igarotzeko. Hala dira eguerdiak Iruñeko sanferminetan: mazedonia bat. Askotariko jendea, askotariko musika taldeak, eta, denek, helburu bera: bermut tenoreko giroa alaitzea. Alde Zaharreko karriketan ibiltzeko pazientzia ezinbestekoa da ordu horietan. Peñatik kanpora ateratako mahaiak han, erraldoiak dantzan hor, edo manifestazio zuri-gorria hemen. Pazientzia behar da, baina, normalki, ez da presarik.

Mazedonian denek dute tokia: ez soilik sanferminetako ohiko taldeek, danborrada batek ere zeharkatu baititu Alde Zaharreko karrikak. Jada beroa izanagatik ere, giroa borborka jartzeko prest izan dira iruindarrak eta bisitariak. Jendetza izan da egun hauetan Nabarrerian, Curian, San Nicolasen, San Gregorion, Estafetan, Mercaderesen... Atzo, itzal bila zebiltzan bermuta hartzera atera zirenak. Hala ere, inork ez zuen hutsik egin. Frijitua eskuan, eta ibili munduan.

Txistularien gainetik pasatu ziren txarangen metalezko doinuak, eta fanfarreak isilarazi zituzten gaiteroek. Bata bestearen gainean, bata bestearekin nahasita: musika koktel bitxia sortu zen eguerdian Iruñean. Horren adibide argia Antsoleaga karrikako bidegurutzean: garai batean Iruñeko punturik altuena han zegoela eta, bertakoek txintxeta deitzen duten txapa bat dago lurrean kokatua, puntu hori nabarmenduz. Hor bertan nahasten ziren Antsoleaga eta Campana karriketatik heldu ziren doinuak. Lau teilatu lehenbizikotik, a cappella; eta fanfarre baten jota, bigarrenetik.

Jota Zaldiko Maldiko elkarteko ataritik heldu zen. Sanferminetan IKA euskaltegiaren ostatua da hori, eta Iruña Taldea fanfarrea eta Aragoiko (Espainia) txaranga bat ziren eguerdiko doinuen arduradun. Ondoren, Oberenako eta Jaranako txistulariak agertu ziren doinuz aldatzera. Bisitarik ez zuten falta Zaldiko Maldikon.

Barran, Iker Mundiñano zegoen, sanferminetan IKAren ostatuan lanean ari baita. Haren esanetan, bermut lasaia izaten dute han: «Egunaren arabera, jende gehiago edo gutxiago dugu bermutaren orduan. Txarangak eta erraldoiak pasatzen direnean jendea sartzen da; beste batzuetan, gutxiago. Olatuak ditugu». Solastatzeko garaian ez zen jende askorik taberna barnean. Kanpoan bai, denak dantzan ari ziren.

Mundiñanoren arabera, besten hasiera «oso indartsua» izan da, «inoiz baino lan gehiago» egin zuten; gainerako egunetan «urtero bezala» ibili dira. «Oso giro polita dugu hemen. Atzerriko jende asko ez da etortzen, normalki hona etortzen dena hona dator, espresuki; beraz, %95 euskaldunak dira, eta mundu guziak euskaraz eskatzen du». Sanferminetako irla euskalduna.

Bermuta, itzaletan hobeki

Euskal giroa nagusi da Oinez Txokoan ere. Hara doaz lasaitasuna nahiago dutenak; normalki, ohiko bezeroak. «Oinez Txokora etortzen direnak urteak daramate etortzen, denbora eskaintzen diote txokoari. Hemen egotera, lasai jatera, eta itzalaz eta lasaitasunaz gozatzera etortzen dira», azaldu zuen Maru Erizek. Tuterako (Nafarroa) Argia ikastolako lehendakaria da, eta lana albo batera utzi zuen une batez, aurtengo sanferminen balorazio txikia egiteko: «Sanferminak ongi joan dira. Lan asko egin dugu, eta pozik gaude. Bermutaren ordua oso ongi doa, eta ogitartekoak saltzen ere oso ongi ari gara».

Itzaletan dauden mahaiak beterik ziren bermutaren orduan. Hala da egunero, baina, ezin dute mahai gehiago paratu. «Alde Zaharreko iskanbilatik ihesi etortzen gara. Nahiz eta batzuetan, nahiago dugun iskanbila horretan murgildu», azaldu zuen Ana Garciak. Seme-alabekin zegoen, txibierroak jaten. Mahaietan hori zen jaki nagusia. Edalontzietan, garagardoa gailendu zitzaion marianitoari. Berdin, Nabarrerian. Beroak izanen zuen zer ikustekorik horretan. Azken egunetan bero egiten jarraituko du, baina bermutik ez da faltako. Bi mazedonia geratzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.