Sustraiekin berriz elkartzea

Atzera begirako erakusketa ondu du Bilbo Artek 1999tik hona bildutako margolanekin. Hogei artistaren obra bana jarri dute ikusgai. Abuztuaren 22ra bitarte izango da zabalik

Fernando Villena artista bilbotarra, 2007an ondu zuen margolanari begira. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Duela hamabi urte egindako margolanari begira dela, obra bere egiten duela dio Fernando Villena artista bilbotarrak; ezagutzen duela, ondu zuenetik denbora asko igaro den arren. «Gizakiak uste du denaren erdigunean dagoela, eta espazioarekin dugun harremana landu eta irudikatu nahi nuen margolanean». Hamarkada bat igaro da lehen gogoeta hartatik. «Akaso bestelako ertz batetik helduko nioke orain, testuingurua eta ni neu asko aldatu garelako. Oinarria, baina, bere hartan utziko nuke». Bilbo Arte ekoizpen artistikorako zentroan egonaldia egin zuen Villenak 2007an, eta, zentroaren gordailuan hamabi urte eman ondoren, egin du topo koadroarekin. 20 urte betetzen ditu Bilbo Artek aurten, eta ibilbide osoan zehar bilduman pilatutako lanen lagin bat erakustea erabaki du Begiradak atzera begirako erakusketan. 1999tik 2018ra bitarte ekoizpen zentroan izan diren 20 artistaren lanak jarri dituzte ikusgai orotara. «Euskal Herriko artearen ibilbidearen erakusleiho da ikusgai jarri duguna», azaldu du Aitor Arakistain komisarioak. Abuztuaren 22ra bitarte izango da ikusgai.

Artistek lehen urratsak egin ditzaten, egonaldiak antolatzen ditu Bilbo Artek. «Sortzaileen lehen egitasmoak bultzatzeko laguntzak eman ditugu hasieratik: lan egiteko espazioaz gain, bitartekoak ere ematen dizkiegu. Normalean, fakultatetik atera berritan etortzen dira artistak guregana, bide profesionala hartzeko lehen urratsak egiten dituzte hemen». Datua ere eman du Arakistainek: 1999tik hona 400 artista inguru izan dira Bilbo Arten. «Egonaldiak egin dituzten artista guztiekin adosten dugu bertan egindako lanetako bat gurean utzi behar dutela». Hala osatu du ekoizpen artistikorako zentroak bere bilduma. 400 artelan dituzte, guztira, gordeta; horien erdia Euskal Herriko sortzaileek ondutakoak dira; eta, nazioarteko artistenak dira gainontzekoak. Guztien arteko aukeraketa bat da Begiradak erakusketan bildu dutena.

Abiaburura itzultzea

Galbahea pasatu, eta hogei sortzaileren margo bana aukeratu dute: Abigail Lazkoz, Alain Urrutia, Alberto Albor, Fermin Moreno, Fernando Villena, Gala Knorr, Ianire Sagasti, Ignacio Goitia, Ismael Iglesias, Jorge Rubio, Juana Garcia Pozuelo, Judas Arrieta, Kepa Garraza, Leticia Gaspar, Lourdes de la Villa, Txaro Arrazola, Taxio Ardanaz, Aitor Lajarin, Mikeldi Perez eta Iker Serranorenak, zehazki. «Ez da lan erraza izan. Ahalik eta estilo gehien biltzen saiatu gara, eta gaien aldetik ere aniztasuna lortu nahi izan dugu. Are, gaur egun aktibo jarraitzen duten sortzaileen lanak erakustea erabaki dugu». Garrantzitsua da erakusketa Arakistainen iritziz, lehen aldia baita Bilbo Artek atzera begirakoa egiten dutela. «Ez da atzera begirako soil bat, ikusgai jarri dugunak Euskal Herriko pinturaren historiaren berri ere ematen du».

Artisten hasierako lanetan gordetzen da sormen prozesuaren jatorrizko «hazia». Hala uste du Arakistainek. «Ondoren egiten dituzten lanak baino garrantzitsuagoak izan ohi dira lehenak, hasierako ideia horiek izaten direlako intimoenak eta egiazkoenak». Komisarioaren hitzetan, egin duten bideari erreparatzeko aukera ere izango dute artistek. «Hasierako lana beraien gaur egungo jardunarekin alderatzeko bidea ere izango da erakusketa». Horixe da, hain zuzen, Villenari gertatu zaiona. Bilbo Arten egonaldia egin zuenetik, estreinakoz ikusi baitu bere lana. «Modu organiko batean hasi nintzen margora gerturatzen, beti zalantzan jarriz gizakia ez dela ezeren erdigunea. Margolan abstraktua ondu nuen orduan. Forma organikoak, zerutik ikusitako irlak... edozer igar dezake ikusleak hemen», esan du bere lanari begira.

Testuinguruaren garrantzia

Ez zion izenik jarri orduan, eta gaur egun ere gauza bera egingo lukeela azaldu du. «Ikuslea aurreiritzirik gabe gerturatzea nahi dut; bere zama eta bizipen pertsonalekin». Antzeko sentipena du berak ere. «Denbora asko igaro da lana azken aldiz ikusi nuenetik, eta beste begirada batekin aztertzeko aukera eman dit oraingoak. Uste dut, sakonean, badudala margolanak utzitako aztarnaren bat edo beste, pertsonala zein artistikoa».

Oraindik ere gai berari tiraka jarraitzen duela aitortu du Villenak, baina zehaztu du sormen prozesua aldatu duela. «Inguruan dugunarekin batera aldatzen gara denok, eta artistei ere gauza bera geratzen zaigu. Duela hamabi urte izan nituen bitartekoak eta gaur egungoak ez dira berdinak». Teknologia berrien erabileraz ari da, besteak beste, Villena. Bere azken lana jarri du adibide gisa. «Oinez aritzeak gogoeta bat eskatzen dio gizakiari; kontzientea edo inkontzientea izan daitekeena. Prozesu hori lantzeko, oinez ibiltzearen ekintza piezaren parte bihurtu dut. GPSarekin ibilaldiak egin ditut naturan , eta gailuak erregistratzen dituen ibilbide horien mapa ardatz hartuta hasi naiz margoarekin lanean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.