Kalekoena eta digitalena

Getxophoto jaialdiaren XIV. edizioak espazio publikoa aztertuko du. Irailaren 3tik 27ra bitartean egingo dute. Nobedadeen artean, berariazko 'online' programa izango du

Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendaria eta Amaia Agirre Getxoko alkatea, argazki jaialdiaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Getxo
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Ediziorik kalekoena, digitalena eta parte hartzaileena» izango da Getxophoto jaialdiaren 14.edizioa, Jokin Aspuru zuzendariak azaldu duenez. Irailaren 3tik 27ra egingo dute, Getxon (Bizkaia), eta aurtengo leloa Kalera! izango da. Espazio publiko fisikoa zein birtuala —sarekoa— aztertuko ditu, protestarako, elkartzeko, jolaserako eta ospakizunerako eremu gisa.

Argazkigintza ardatz du oraindik ere jaialdiak, baina denbora da bestelako euskarriei ere ateak ireki dizkiela. «Duela pare bat urte hasi genuen ibilbideari jarraituz, jaialdi hibridoago bat sortu nahi dugu», zehaztu du Aspuruk. Gaur egun artistek erabiltzen dituzten bateko zein besteko bitarteko bisualak ikusi ahal izango dira aurtengo edizioan: besteak beste, bideoak, zinema errealitate birtuala eta performanceak.

PROGRAMAZIOA

Hogei erakusketa antolatu dituzte irailerako. Gaur egungo arazoak irudikatuko dituzte guztiek; pertsonak kalea hartzera bultzatzen dituzten arazoak, hain zuzen. Hala, klima larrialdia eta arrazakeria dira landuko diren gaietako bi.

Mundu osoko artistak gonbidatu dituzte jaialdira; horien artean, Alemaniako Mentalgassi taldea nabarmendu du Aspuruk. Duela hamar urte ere egon ziren, eta orain berriz hartuko dute parte Getxophoton, Waste Wastes lana aurkeztuz. Pertsona batek urtean sortzen duen zaborra ikusaraziko dute, zabor poltsei aurpegiak jarriz.

Felipe Romero Beltran artista kolonbiarraren Reducción izango da jaialdian ikusi ahalko diren beste lanetako bat. Espainiako Poliziak immigranteen aurka erabilitako indarkeria erakusteko, atxiloketen argazki eszenifikatuak sortu eta poliziaren artxiboetako irudiak bildu ditu.

Sexu langileei buruzko proiektu bat ere egongo da: Charlotte Schmitz artista alemaniarrak argazki batzuk atera zituen La Puenten, Ekuador hegoaldeko prostituzio etxerik handienean. Elkarlanean aritu zen bertako emakumeekin, eta haiek erabaki zuten kamera aurrean nola agertu; gero, argazkiak euren azazkaletako esmalteekin moldatu zituzten.

KALEAREN NAGUSITASUNA

«Espazio publikoa inoiz baino gehiago erabiliko dugu», adierazi du Aspuruk. Izan ere, jaialdiko proposamenen %95 eremu publikoan egingo dira, gaur egungo egoera dela-eta «seguruena» horixe izango delako. Aurrez ere kalea baliatu izan dute jaialdiko lanak erakusteko, baina azoka eta erakusketa aretoak ere bai, eta, aurten, nabarmen egingo dute lehenaren alde. Aurreko edizioetan bezala, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan ardatzean eta Algortako erdialdean egongo dira kokatuta erakusketak. Hala ere, aurten espazio berriak gehituko dira; esate baterako, Correoseko bulegoaren aurrealdea eta Urgull kaleko udal egoitzaren aurrealdea.

EDIZIO DIGITALA

Espazio fisikoaz gain, online espazioa ere izango du Getxophotok, formatu digitalean bakarrik eskuratu ahal izango den programazioa antolatu dutelako. Programazio horren barruan egongo da, beste hainbat proposamenen artean, Aran Callejaren eta Borja Cresporen kanta zerrenda, edizio honek izango duen gaian inspiratuta egongo dena eta jaialdiaren musika bihurtuko dena.

Podcastak ere entzungai egongo dira, eta, publiko gaztea erakartzeko, Instagram Aurpegi Iragazkien Lehenengo Lehiaketa egingo dute.

PARTE HARTZE IREKIA

Harreman «horizontal eta hurbila» lortzeko ahalegin handia egiten du Getxophotok, zuzendariaren hitzetan. Horregatik, parte hartzea sustatzeko hainbat egitasmo antolatu dituzte. Pantaila partekatua izeneko egitasmoa sortu dute aurten, esaterako. Gonbidapena egin diete Getxoko biztanleei konfinamendu garaian egindako bideo deietan ateratako argazkiak bidal ditzaten. Argazki horietako 30 Getxoko Udaleko komunikazio saileko eraikinaren fatxadako leihoetan jarriko dituzte.

Hirugarren Open Call Internazionala ere antolatu du jaialdiak. Mundu osoko artistek euren lana horra bidaltzeko aukera izan dute. 43 herrialdetako 239 proiektu jaso dituzte guztira, eta horietatik lau aukeratu dituzte Getxophotoren XIV.edizioaren parte izateko.

Horiez gain, beste hainbat proposamen prestatu dituzte herritarren parte hartzea sustatzeko.

ZUZENDARITZA ARTISTIKOA

Jon Uriarte izango da jaialdiaren aurtengo zuzendari artistikoa. Hondarribian (Gipuzkoa) jaioa da, eta Londresko The Photographers' Galleryko gaur egungo komisario digitala. Haren aldeko apustua azaldu du Aspuruk: «Beti izan ditugu mundu osoan ezagunak izan diren zuzendariak, baina, aurten, Euskal Herriko artista gazte bati eman nahi izan diogu aukera».

Jaialdian ohitura bilakatu denez, aurtengo ediziokoa ez ezik, hurrengo edizioko programazio artistikoaren arduraduna ere izango da Uriarte.

BISITA DESBERDINAK

Asteburuero, eguneko bisita gidatuak egingo dituzte, euskaraz eta gazteleraz. Horrez gain, gaueko bisitak ere antolatu dituzte. Horietan, ikusleek linternen argipean ezagutuko dituzte erakusketak.

Beste bisita formatu bat Getxophoto Por izango da. Horietan, irudiaren munduarekin harreman zuzena ez duten gonbidatuek bisita gidatu propioak sortuko dituzte, erakusketa gogokoenak erakutsiz eta jaialdiaren inguruko ikuspuntua emanez. Yogurinha Borova izango da gonbidatuetako bat. Miren Amuriza eta Jone Uria bertsolariek ere ibilbideak egingo dituzte bertsotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.