Dabilen harriari, goroldiorik ez

XV. Getxophoto jaialdiak partekatzea izango du ardatz. Irailaren 2tik 26ra egingo dute. Filmin plataformako kate propioa izango da berritasun nagusietako bat

Jokin Aizpuru, Getxophotoko zuzendaria, aurtengo jaialdiko kartelekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Getxo
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Dabilen harriari, goroldiorik ez»; hori du aurrera egiteko oinarri Getxophoto jaialdiak, Jokin Aizpuru zuzendariak dioenez. Partekatu lelopean egingo dute XV. aldia, irailaren 2tik 26ra, Getxon (Bizkaia). Informazioaren irisgarritasunak, migrazio fluxuek eta desberdintasun ekonomikoek «menderatutako munduan», partekatu kontzeptuak har ditzakeen esanahi berriak aztertuko ditu.

Ohi bezala, erakusketak Portu Zaharretik Ereagako hondartzarako ibilbidean eta Algortako erdigunean egongo dira, baina aurten beste leku bat ere izango dute: Erromo-Itzubaltzetako Kultur Etxean ere izango dira ikusgai.

Argazkia oinarritzat daukan festibala izanik, herritarrei eragiten dieten interes orokorreko gaien inguruko «elkarrizketa» bat proposatuko diote gizarteari, askotariko euskarrien bidez. «Elkartzeko eta elkarren onarpenerako espazio publikoa berreskuratu, eta ezohiko formatu eta erakusketa gune fisikoen eta digitalen aldeko apustua egingo dugu horretarako», esan du Aizpuruk.

Aurtengo egitarauak hiru arlo izango ditu: erakusketak, online egitaraua eta egitarau parte hartzailea. Hogei erakusketa izango dira, gehienak aire zabalean. Egitarau digitalari dagokionez, jaialdi «hibrido» bat egiteko asmoa dute. Aizpuruk zehaztu du iaz Interneteko presentzia indartu zutela, irismena hainbat plataformatara bideratuz: «Jendea sarean bizi dela ahazten dugu. Lan onak egiten dira». Programazio digitalerako, podcastak, app-ak, memeak eta zuzeneko emankizunak prestatu dituzte. Baita esperientzien eta ezagutzen berri emateko laborategiak, topaketak eta kolaborazioak ere.

Argazkigintzaren bitartez, migrazio mugimenduak, informazioaren hedadura eta desberdintasun ekonomikoa jorratuko dira. Horien berri nola eman aztertu du Jon Uriarte (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) zuzendari artistikoak. Komisario digitala da Londresko The Photographers' Gallery-n. Bigarren urtez hautatu ditu egitarau artistikoa osatuko duten hogei proiektuak. Europaz kanpoko proposamenak batu ditu, «begirada eurozentrista limatzeko», Aizpuruk dioenez.

Askotariko gogoetak

Jatorri eta arlo ugaritako artistek ikuspuntu anitzetatik erantzuten diote partekatzearen auziari. Zahara Gomez argazkilariak sortu duen Recetario para la memoria da, Aizpururen iritziz, «aurtengo lan hunkigarrienetako bat». El Fuerteko bilatzaile taldeko [Las buscadoras de El Fuerte] emakumeak narkotrafikoarekin eta krimen antolatuarekin lotuta bortxaz desagertzen direnen gorpuak aurkitzen eta identifikatzen saiatzen dira. Gomezek liburu bat osatu du bilaketa lekuetako paisaien argazkiekin eta hainbat desagerturen plater gogokoenen errezetekin. Elkarteko emakume batzuk Getxon izango dira.

Sebastian Schmieg artista berlindarrak «tonu ironikoz» salatu nahi izan du artisten prekarizazioa, Aizpururen hitzetan. Haren Gallery.Delivery lanak kolokan jartzen du gaur egun «dena berehala» nahi eta behar izatea. Banaketako enpresa multinazionaletan nola, eskatzen duen edonork arte pieza bat jasoko du etxean. Rider edo bizikletako banatzaileek erabiltzen dituzten motxila kuboetako batean iritsiko zaio bezeroari, eta ordu erdiz gozatu ahal izango du hartaz. «Pizza bat balitz bezala; irudi poetiko horrekin jokatu nahi izan du Schmiegek bere lanekin», erantsi du Aizpuruk.

Getxori ere arreta jarri nahi izan diote, zuzendariak jakinarazi duenez: «Hemen zapaltzen dugu eta hemendik pentsatzen dugu mundua». Horrenbestez, irailean, Getxo ardatz duten eta getxoztarrek egin dituzten bi proiektu egongo dira ikusgai.

Mende laurden darama Begoña Salakotzarrek Getxoko auzoen, jaien eta data historikoen inguruko argitalpen tematikoak sortzen. Jada 100 baino gehiago sortuak ditu. Lantzen dituen liburuak, gainera, herriko liburutegi, taberna, zapata denda eta bestelako merkataritza guneetan uzten ditu. Getxophotok horiek denak digitalizatu ditu, eta presentzialki eta online egongo dira eskuragarri, ikusteko zein aztertzeko.

Jaialdiak, halaber, aitortza egin nahi dio Agirregabiria de la Sen familiari, Getxoweb sortu izanagatik. 1996an, Google Street View sortu baino hamar urte lehenago, 15.000 argazki egin zituzten online mapa interaktibo bat sortzeko. Udalerriaren arkitektura eta hirigintza nola aldatu den ikus daiteke.

Bisitak gau eta egun

Getxophotok kate propioa izango du Filminen, eta aurtengo gaiarekin lotutako hainbat film izango dira hartan. Zinemazaleak erakartzeko, Getxoko Autozinean ere egongo da zer ikusia.

Bisita gidatuak egiteko aukera ere egongo da. Iraileko asteburu guztietan egingo dira, egunez eta gauez, erakusketa bakoitzeko gai garrantzitsuenak aurkeztu eta testuinguruan kokatuko dituen bitartekari batekin. Aurten ere, lau gonbidatuk bisita propioa sortuko dute, eta erakusketa gogokoenak erakutsi. Cris Lizarraga Belako musika taldeko abeslaria eta Yogurinha Borova performerra dira gonbidatuetako bi. Alaia Martin eta Imanol Uria bertsolariek egingo dute ibilbideetako bat, bertsotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.