1972ko Artisten Topaketen oihartzuna, mende erdi geroago

Aurten 50 urte dira Iruñeko Arte Topaketak egin zirela, eta jardunaldi batzuen bidez oroituko dituzte urrian. Aurrerapen gisa, bideo lan bat jarri dute ikusgai Ziudadelan

1972an Iruñean egindako Artisten Topaketak, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Alfonbra karratu gorri bat, bi aulki eta gailu pantailadun bat. Zinema areto berezi bat Iruñeko Ziudadela parkean: intimo eta publikoa; irekia eta barrukoa. Proposamen xume bat jarri dute martxan Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak, Baluarte fundazioak eta bertze hainbat erakundek, 1972an Iruñean egindako Artisten Topaketak oroitzeko. Eta, batik bat, horien inguruan urrian egingo dituzten jardunaldietarako giroa berotzen hasteko. Ziudadelaren (Bir) Topaketak: bideoarteari buruzko gaur egungo bortz begirada izena jarri diote, eta erakusketa-kapsula forma eman.

Ibiltariek aukera izanen dute informazio punturako erabiltzen den hiri altzari baten aurrean paratzeko, Ziudadela parkearen sarreretako batean. Ohiko iragarkiak ikusi beharrean, bortz lan artistiko bata bertzearen ondotik igaroko dira pantailan. Izan ere, nazioarteko bortz artistak bideo pieza bana ondu dute, norberak bere estiloan: Natalie Karpushenkok, Juan Diaz-Faesek, Filip Custic-ek, Mario Klingemannek eta Chino Moyak. Bi tartetan pasatuko dira haien irudiak: 11:30etik 14:30era eta 18:30etik 21:30era.

Jorge Urdanoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko alorreko zuzendariak eta Jose Luis Diez Garde kultur teknikariak aurkeztu dute lana, eta azaldu dute «bideo sorkuntzaren alde» egin dutela, hain justu, azken 50 urteetan bilakaera handia izan duelako formatuak.

Hogei minutuko lana da osotara —film luzeena zazpi minutukoa da—. Lan batzuek performancea lantzen dute, eta badira animaziozko pasarteak ere. Egun «eztabaidagai» diren gaiak jorratzen dituzte lanek, modu eklektikoan: feminismoa, ingurumena, generoa eta teknologia, besteak beste.

Natalie Karpushenko ikerlari eta argazkilari kazakhstandarraren Angel eta Rainy Ubud piezak «gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz» ari dira. Siluetak grabatu ditu uretan, azpitik hartutako irudiak, kolore beroekin. Une «atsegina, gizatiarra eta errealista» islatu du. Eta akaso multzoko lanik «estetikoena» dela erran dute.

Diaz-Faes artista asturiarraren lana doa Karpushenkoren ondotik: Sin título. Generorik gabeko formei lekua uzten die. «Alde batera utzi du giza partea, eta formetan jarri du arreta, geometrian. Edertasun hutsa bilatzen du».

Bertze erregistro batean, Filip Custic artista espainiar-kroaziarrak bere buruaz egindako hausnarketa bat plazaratu du. Generoa auzitan jarri izan du bere ibilbidean. Eta Columna eta Overthinking myself piezekin «bere izatearen eta nortasunaren isla» landu ditu.

Mario Klingemann alemaniarrak artearen eta adimen artifizialaren arteko lotura landu du; bi lan egin ditu: Submersion, makina baten mugimendu errepikakorrak antzeratuz, eta Liquid Clown Compression, pailazo robotizatu bat imitatuz. Azkenik, Chino Moya artista madrildarrak «errealitate distopikoak» utzi ditu pantailan ikusgai: Chica asiática eta Technocrator. «Huts egin duten gizarte ereduei eta giza izaerari buruzko» hausnarketa bat plazaratu du, eta artista eta zinemagile «misteriotsutzat» jo dute antolatzaileek.

Urriko kongresua

Proiektuaren kokapenari ere garrantzia eman diote Iruñeko Udaleko langileek. «Kultura ez da soilik sortzen edo kontsumitzen barruko espazioetan, museoetan edo aretoetan. Karrika artea da». Pantailaren bertzaldetik, «XXI. mendeko ikuspegitik gogoeta intelektual eta artistikorako aukera» irudikatu dute antolatzaileek, nostalgiarik gabe. Oreka ariketa batean, arduradunen esanetan, egitasmoak une eta ondare artistiko bat «gogorarazten eta balioesten du», eta, aldi berean, oraingo produkzioa «bizkortzea» bilatu. «Proposamenak bi xede ditu: jendea kalean gelditzea eta artelanak ikusi eta komentatzea».

1972ko Iruñeko Arte Topaketei eskainitako nazioarteko kongresuaren parte da Ziudadelako proposamena. Urrian egingo dituzte jardunaldiak, eta, 1972an egin zuten bezala, mundu garaikidearen erronkei buruz arituko dira; artea, literatura, musika, zinema eta beste baliatuz, eztabaida pizteko. Programazio nagusia udazkenean garatuko bada ere, aurrerapen bat egin dute, 1972ko datekin bat egiteko. «Abangoardiako jaialdia mundu mailan bizi izan zen Iruñean», nabarmendu dute Urdanozek eta Diezek, eta hala izatea nahi dute urrian egingo diren jardunaldietan ere.

Orotara, 30 elkarrizketa, mahai inguru eta tailer, eta 40 jarduera artistiko izango dira, eta nazioarteko izen entzutetsu askok hartuko dute parte horietan. Esaterako, gorrotoaren kontrako diskurtsoei berariazko tokia eskainiko diete, eta bertan izango dira David Rieff, Cynthia Fleury, Helena Maleno Garzon, Brigitte Vasallo eta Luisa Etxenike, besteak beste.

Zinemari dagokionez, Victor Kossakovsky, Pedro Costa, Carlos Mugiro, Sergei Loznitsa, Carla Simon eta Jose Luis Guerinen parte hartzea iragarri dute; musikaren alorrean, Salvatore Sciarrino, Hilda Paredes, Teresa Catalan, Tomas Marco, Matteo Cesari, Juan Jose Eslava, Irene Galindo eta Fabia Santcovskyrena; eta literaturarenean, Laszlo Krasznahorkai, Adan Kovacsics, Ana Blandiana, Jordi Doce, Anne Waldman, Martin Caparros, Ignacio Etxebarria, Belen Gopegui, Castillo Suarez, Fernando Luis Chivite, Luis Garde Iriarte eta Regina Salcedo Irurzun.

1972ko topaketek «espazio publikoa aktibatzeko» borondatea izan zutela oroitarazi dute, eta hori nahi dute aurten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.