Kolektiboaren gidaria

Hamarkada batez isilik egon ondoren, D'Angelo kutsu sozial handiko disko batekin itzuli da. 'Black Messiah'-k aurrez aurre begiratzen die azken hilabeteetan AEBetan izandako istiluei.
Azken hilabeteetan AEBetan gertatutakoaren isla da diskoa.
Azken hilabeteetan AEBetan gertatutakoaren isla da diskoa. BERRIA

Mikel Lizarralde -

2014ko abenduak 21
Desagertu egin zen. XX. mende amaierako soula egokien definitu zuen diskoa (Voodoo, 2000) grabatu eta arrakastaren gozoa dastatzen ari zenean, D'Angelo (AEB, 1974) ezkutatu egin zen. Eta ia-ia, orain arte. 2001etik 2009ra arte ez zuen elkarrizketarik eman, ezta zuzeneko kontzerturik ere, eta ez zuen material berririk grabatu, salbu Internetera igotzen zituen amaitu gabeko maketa batzuk. Hala, haren izena beste artista batzuen diskoetan agertu zen (Common, Snoop Dogg, Dr. Dre, Q-Tip...), baina besterik ez. Zurrumurru ugari, baina emaitzarik ez. Eta orain, bat-batean, eta ia iragarpenik egin gabe, Voodoo haren jarraipena argitaratu berri du: Black Messiah.

«Eta zergatik orain?», galdetzen dute, diskoak izan duen sustapen kanpaina urria ikusita, musikariaren jarraitzaileek. Bada, diskoetxeko arduradunei kasu eginez gero, Black Messiah-k datorren urtera arte itxaron behar zuen, baina azken hilabeteetan AEBetan bi polizia zurik armarik ez zeramaten bi beltz hil eta auzitegiek bi poliziak zigorrik gabe libre uztea erabaki ostean sortutako protesta giroak ekarri du diskoa aurreratu izana. D'Angelok bere jarrera erakutsi nahi zuen —ez bakarrik AEBetan gertatzen ari denaz, baina bai bereziki—, eta ezin zuen itxaron. Eta izenburuak ere, erreferentzia erlijiosoen gainetik, horri egiten dio aipamena, D'Angelok berak aitortu duenez: «Hor dago Occupy Wall Street. Eta jendea altxatu da Fergusonen, eta baita Egipton ere. Komunitate batek nahikoa izan duela eta aldaketa bat behar duela sentitzen duen edozein lekutan». Diskoaren beraren aurkezpenean, kantariak azaldu du diskoak zeri begiratzen dion: «Ez dut neure burua mesias beltzat. Izenburuak kolektibitateari eta azken urteetako egoera politikoari erreparatzen die. Modu kolektiboan, denok gara gidari hori».

Ferguson eta New Yorkeko gertaerek eman zioten kantariari diskoa lehenbailehen ateratzeko erabakia hartzeko azken bultzada, eta, horren ondorioz, berak eta The Vanguard ohiko taldeko kideek presaka bukatu behar izan zituzten lanak. Izan ere, duela hiruzpalau aste amaitu zituzten grabazioak, eta aste honetan bertan kalean zegoen diskoa. Ekoizpen handietan ohikoak diren kanpainarik gabe.

Ia 15 urte igaro diren arren, musikalki Voodoo-ren jarraipen logikoa ere bada Black Messiah. Soula, R&Ba eta funk nahasten ditu, hip-hopari izkin egin gabe, eta apenas erreparatzen dien hamarkada eta erdian moda bihurtu eta gero desagertu diren estilo eta joerei. Alde horretatik, Marvin Gayeren Here, My dear eta Stevie Wonderren Songs in the Key of Life-ren espirituek zeharkatzen dute disko osoa.

Izarraren irudia

D'Angelo —Michael Eugene Archer benetako izenez—, Brown Sugar diskoarekin (1995) agertu zen neo-soularen eszena nahasian, eta bost urte geroago grabatu zuen mugimenduaren gailurtzat jo izan den lana: Voodoo. Musika beltzaren aurretiko maisuek bezala, kontzientzia kolektiboa eta indibiduala, izaera espiritual eta haragizkoa bildu nahi zituen musikariak izaki bakarrean, atzera begiratuz baina zerbait berria sortuz. Asmo handinahiak emaitzak izan zituen —arrakasta kritiko eta komertziala—, baina D'Angeloren irudi bat ere eman zuen. Azalean eta Untitled (How Does it Feel) kantuaren bideo-klipean biluzik agertu ondoren, sex-symbol-tzat jo zuten askok, eta hurrengo urteetan irudi horretatik ihesi aritu zen. Orain arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna