Maisuaren aginduetara

Joxean Agirrek harremanak eta literatura hartu ditu osagai nagusi 'Goldsmithen ikaslea' nobela berrirako. Elkarrekin argitaratu du bere bederatzigarren eleberria
Joxean Agirre idazlea, <em>Goldsmithen ikaslea</em> nobela berria eskuetan duela, atzo, Donostian.
Joxean Agirre idazlea, Goldsmithen ikaslea nobela berria eskuetan duela, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2017ko abenduak 2
New Yorkeko sortzaile polifazetiko bat da Kenneth Goldsmith. Lehenago eskultore izanikoa egun idazlea, poeta eta Pennsylvaniako Unibertsitateko irakaslea da, besteak beste. Internet bidez literatura ikastaro bat eman zuen, arrakasta handiz eman ere. Haren literaturari buruzko gogoetek erakarrita, ikastaro hori bere nobela berrirako abiapuntutzat hartu du Joxean Agirrek. Poetaren eskolak jasotzeko izena ematen duen idazlegai euskaldun bat jarri du protagonista moduan kontakizunean. Eta, hala, maisuaren aginduetara jarri du narratzailea, bere alter ego-a izan daitekeena, Goldsmithen ikaslea liburuan. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana, dagoeneko bederatzigarren nobela duena, eta atzo aurkeztu zuen, Xabier Mendiguren editoreak lagunduta.

Goldsmith aurkeztu zuen lehenik idazleak: «New Yorkeko poeta kontzeptual famatu bat da, mediatikoa, Barack Obamaren aurrean errezitalak emandakoa... Ni nobela idazten hasi baino urte batzuk lehenago, Poliziak Michael Brown izeneko gazte beltz bat hil zuen, eta oso poesia errezital garrantzitsuan, autopsiaren txostena hartu, eta oso-osorik irakurri zuen». Haren liburu bat ere aipatu zuen Agirrek, artikulu bilduma bat dena, Uncreative Writing (Idazketa ez-sortzailea, 2011). «Hor, gutxi gorabehera, esaten du Interneten aroan absurdoa dela originala izaten saiatzea; hainbesteko testu masa dugu sarean, ezinezkoa dela ezer berririk egitea, eta, beraz, abandonatu behar dela ideia hori, eta ikasi behar dugula testuak imitatzen, pirateatzen... eta aurrekoek egindakoaren birziklatze bat-edo egin behar dela». Liburu horretan aipatzen du unibertsitatean eman zuen on- line literatura ikastaroa ere, eta hortik hartu zuen ideia Agirrek. «Pentsatu nuen polita izango zela euskaldun bat hor sartzea, haren aginduetara lan bat egiten». Liburuzaina da narratzailea, eta Goldsmithi idatziko dio, esanez, ezer originala proposatu ezin dionez, berari gertatutako zerbait hartu, eta muturrera eramateko ariketa egingo duela. Baiezkoa emango dio maisuak.

Gertakaria hauxe da: liburuzaina hitzaldi bat ematekoa da, eta, etxera paper batzuen bila joatean, neska laguna beste bi mutilekin topatuko du ohean. «Horren jarraipen luze bat egiten da, modu komiko, barregarri edo parodikoan. Narratzailea bertsioak aldatuz joango da: ez da gai hitzaldia emateko, eta istorioa kontatuko du; bidean taxi gidari bati ere kontatuko dio...». Liburuzainak ere beste hiru neskarekin harreman bat hasiko du, eta gero harreman horiek «modu fulminantean» bukatuko dira. Istorioa, aldi berean, Goldsmithen eskoletara darama narratzaileak, eta nola zuzendu edo nondik nora eraman esanez joango zaio maisua. Beste plano batean, narratzailearen emaztea agertuko da, hura errealitatera ekarriko duena. «Dohain bat du: gauez ametsetan hasi, eta sekulako gauza interesgarriak esaten ditu ametsetan». Beraz, Agirrek hiru plano horietan egituratu du nobela, eta horrek «toke bitxi bat» ematen diola uste du.

Azken batean, liburuak hizpide dituen gai nagusiak zeintzuk diren galdetuta, honela laburbildu zituen: «Betikoak dira: harremanak, existentziari buruzko gogoetak, eta literatura sorkuntzari buruzkoak».

Aurreko nobelan, Gizajoen katalogoa-n, bazeuden literaturari buruzko hainbat pilula ere, baina, Agirreren aburuz, «tonu apalagoa» baliatu du lan berrian gaiari buruz hitz egiteko. «Izan da nobela bat neu izugarri eroso sentitu naizena idazten, eta gustura. Pentsatzen dut hori ona izango dela irakurlearentzat». Egiturari buruz esan zuen planoen artean oso txandakatze erraza egiteko aukera eman diola.

Ikasle bidaia

«Hor bukatu izan banu», jarraitu zuen Agirrek, «nire nobela nahiko tipiko bat izango zen». Baina ez zuen hor amaitu kontakizuna. Goldsmithen imitazioarekiko joera horri jarraituz, Agirrek pentsatu zuen berak ere zerbait egin behar zuela «gizon hau kontentu geratzeko». Harreman horien inguruan neskak egiten duen kontakizuna sartzea erabaki zuen, James Joyceren Ulises-en agertzen den Molly Bloom erreferentetzat hartuta. «Lanik gogorrena hori izan da, imitatu behar nuena Ulises-en azken kapitulua baitzen, eta hain da jeniala, ezin duzu helburu izan pareko ezer egiterik».

Baina, gero, beste ideia bat sartu zitzaion buruan Agirreri: Goldsmith bezalako poeta kontzeptual baten eta Andoni Luis Aduriz bezalako sukaldari baten arteko buruz buruko bat sartzea nobelan. Hori egiteko modua ere aurkitu zuen: Goldsmithek eta ikastaroan parte hartu duten gainerako kideek ikasle bidaia egingo dute Euskal Herrira nobelaren amaieran, eta Bilbo, Donostia, Arantzazu eta beste hainbat lekutan ibiliko dira, egungo hainbat pertsona ezagun lagun dituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna