Baionako bestak

Haurren loria

Haurrek izan dute zer gozatua euren egunean: entzierroa, Leon erregearen iratzartzea, herri kirolak.... Jendea Poterne parkera sartzeko, segurtasun neurriak hartu dituzte

Entzierro txikian, haurrek korrika saio ederra egin zuten.
Entzierro txikian, haurrek korrika saio ederra egin zuten. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko uztailak 27

Haurrak izan ziren atzo protagonista, eta haientzat propio prestaturiko ekitaldiak izan ziren nagusi. Goizean goizetik, haur andana zebilen kalean, erraldoien atzetik dantzan eta erraldoiekin argazkiak ateratzen. Haur batzuek, ordea, ez zuten nahi: «Sobera handiak dira!». Baina gurasoek, ohi bezala, oroigarri nahi dituzte irudiak, eta atera egin behar. Handik ez oso urrun, Jacques Laffite kalean, haurren danborrada hasteko prest zen, dultzainen, txistularien eta musika bandarekin batera. Donostiako martxa-rekin hasi zuten, eta kalez kale ibili ziren bazterrak alaitzen; merkatura ere sartu ziren, eta ustekabean hartu zituzten han zirenak.



Bitartean, haurren eguneko ekitaldi arrakastatsuenetako bat abiatzekotan zen: entzierroa. Animatzaileak, guztia frantsesez, musikarekin laguntzarekin beroketa ariketak egiteko proposatu zien korrikalari txikiei. Zangoa gora, behera, jauziak... Ehunka haur zeuden zezenen aurrean lasterka egiteko prest. «Zezenak, zezenak!», oihukatzen zuten denek batera. Haurrak bakarrik ez uzteko eskatu zuen antolatzaile batek, batez ere 10 urte baino gutxiagokoak. Antza, beste urteetan galdu izan da haurrik. Hala, ongi berotuta, atzerako kontaketa egin, eta unibertsitateko maldatik behera zezenak jaisten hasi ziren, denen emozioak azaleratuta. Haur batzuk urduritasun aurpegiarekin, eta txikienak negarrez. «Beldur naiz», adierazi zien haur batek aita-amei. Eta haiek, lasai egoteko, ez zirela egiazko zezenak, kartoizkoak zirela. Korrika saio ederra egin zuten denek, eta hasierako urduritasuna barreek ordezkatu zuten, konfiantza hartutakoan haurrak baitziren zezenak zirikatzen zituztenak.

Eguerditan, familia gehienak Askatasunaren plazara joan ziren, Leon erregearen iratzartzera. «Erregea lo dago, eta isil zaitezte», esan zuen bozgorailu batetik irtendako ahots batek, horrek ere frantsesez. Oihu artean erantzun zuten haurrek, «iratzarriko dugu!» esanez. Erregearen zurrungak ere entzun ahal ziren bitarte horretan.



«Leon, Leon!», haurrek, baina deus ere ez. Azkenean, herriko etxeko erlojuak hamabiak zirela esan zuenean, hara non agertu zen Leon erregea; iratzarri zen azkenean. Herriko hainbat kirolarik hiru giltza bota zituzten balkoitik, haurrentzat ere bestak ofizialki hasi zirela adierazteko.

Piknika Poternen

Denak gosetuta, urtero gisa, Poterne parkera joan ziren familiak piknika egitera. Iaz bezala, parkera sartzeko segurtasun neurriak jarriak zeuden, eta segurtasun lanean zebiltzanek zakuak miatzen zituzten. «Aurten, hala ere, lasaiago dabiltza. Iaz segurtasun neurri zorrotzak ezarri zituzten: haurrei eurei ere miatzen zieten; gehiegizkoa zen», adierazi zuen bi haurrekin zegoen ama batek. Beste taldetxo bat ere bazen segurtasun neurrien gaia komentatzen: «Niri ongi iruditzen zait; seguruago sentiarazten nau. Denentzat onuragarria dela pentsatzen dut».

Ados izan ala ez, ordea, gunera sartzeko pasatu beharreko baldintza bat da kontrolarena.

Behin barruan, familia asko eta asko sartu, eta berehala dagoen postura joan ziren. Haurrei eskumuturrekoa jartzeko aukera zegoen han, eta gehienek nahiago izan zuten seme-alabei ezarri. «Iaz alaba galdu genuen, eta momentu biziki txarra pasatu genuen. Orduan ez genion eskumuturrekoa jarri; ez genuen pentsatu ere egiten begi bistatik galduko genuenik, baina, gutxien espero duzunean, haur hauek lasterka joaten zaizkizu! Aurten, espero dut ez dela galduko, baina, badaezpada ere, eskumuturrekoa ezarriko diogu», esan zion aita batek bertako laguntzaileari, haurraren izena eta telefono zenbakia jartzen zituen bitartean.



Egun bakarrean irekitzen dute Poterneko parkea, haurren egunean soilik. Jolasteko txoko bat egotearekin batera, Idokik bere txokoa du, Miam Idoki izenekoa. Txoko horren bidez, haurrei eta familiei etxeko ekoizpenak ezagutarazten dizkie urtero, «tokian bertan kalitatezko janari anitz eskura daitezkeela erakusteko». Barazkiak, matahamiak, izozkiak, edariak... denetarik zerbitzatu zuten han lanean aritu ziren 40 laborari inguruk. Horrez gain, Sarde-Sardexka elkarteak haurrentzako tailer pedagogiko eta ludikoak zuzendu zituen egunean zehar.

Patxa plazan, herri kirolak egin zituzten, eta haur andanak parte hartu zuen. Gaia elkartea aritu zen animatzaile lanetan, eta aurten bigarren urtea zuten Patxa plazan. Iaz jendea gustura egon zela-eta, antolatzaileek berriz ere errepikatzea erabaki dute, eta, berriz ere, jendeak ongi erantzun du. Gaia elkartea Arberoan (Nafarroa Beherea) dago, eta bisitatzen dituen herrietan pedagogia egiten saiatzen dira. Atzo ere ikusi zen, herri kirol bakoitzaren ondoan herri kirol hori zer den eta haren historia laburra azaltzen duten panelak baitzeuden, euskaraz eta frantsesez. Hizkuntza aldetik ere, parte hartzaileak gutxienez euskarazko hitz batzuk esatera animatzen zituzten.

Lasto botatzean, arpana edo trontzan, lasto altxatzean, sokatiran, tokan eta lokotx biltzean aritzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, haur zein heldu.

Arpanak arrakasta handia izan zuen; egur xafla nork azkarren moztuko ibili ziren. «Gure lagunek 33 segundoan moztu dute; guk, beraz, hori baino gutxiagoan moztu behar dugu», esan zuen parte hartzaile batek. Bi segundorengatik, baina lortu zuten. Ondoan arpana txiki bat ere bazegoen; hortxe jarri ziren Damian eta Ibai mutikoak. Xafla 27 segundoan moztea lortu zuten haiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna