Merkatuaren kontra, bertatik

Banksy artistaren obra bat ia erabat suntsituta gelditu da saldu bezain pronto. Badirudi kritika egin diola artearen salerosketari, baina balio ekonomikoa handitu egin da.

Jendea harriturik, Banksy artistaren Girl With Balloon obra hausten hasi zen momentuan, Londresko Sotheby's enkante etxean. Bideotik ateratako irudia. BERRIA.
Iker Tubia.
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Badoa, badoa, joan da!», aditu da Sotheby's enkante etxean. 1,042 milioi libera (1.192.000 euro) eskaini dituzte Banksy artista anonimoaren Girl With Balloon (Neska puxikarekin) obra ezagunarengatik. Hitz horiekin ixten dira enkantean saltzen diren obren eskaintzak. Mailuarekin mahaian jo, eta, bat-batean, ezustekoa: paretan zintzilik ikus daitekeen irudia bere burua suntsitzen hasi da. Markoan aurrez jarritako hortz zorrotzek zerrendatan txikitu dute obraren erdia.

Joan zen astean gertatu zen, eta sekulako oihartzuna izan du Banksyren azkenengo ekintzak. Artistak berak irudi bat igo zuen sare sozialetara, enkanteetan esaten den esaldiarekin batera: «Badoa, badoa, joan da!». Gero, gertatutakoa azaltzeko bideo bat ere eskegi zuen. Aurpegia estalita zuen pertsona bat ageri zen markoa prestatzen. Sare sozialetan jarritako mezuaren arabera, duela zenbait urte prestatu zuen tranpa, noizbait enkantean salduko balitz, martxan jartzeko.

Enkante etxean zirenak zur eta lur geratu ziren. Ezustean harrapatu zituen denak, irudietan ongi ikus daitekeen gisan. Arte salerosketa sistemaren kontrako ekintza zuzen bat ikusi zuten askok, baina ia erabat suntsitutako obrak ez du galdu balio ekonomikorik. Are, prezioa bikoiztu egin dela diote hainbat adituk. Joey Syer My Art Broker enpresako arte saltzaileak esan duenez, bi milioi liberatik gora balioko luke orain. «Suntsiturik, artearen historiaren parte da obra hau».

Artearen munduan denetariko iritziak agertu dira Banksyren azken ekintzaren ondoren. Ismael Manterola EHUko Arte Ederren fakultateko irakasle eta BERRIAko arte kritikari ohiak iritzia eman du, nahiz eta zaila egin zaion, informazioa falta delako: «Ekintza moduan, ondo, baina emaitza ez hain ondo». Izan ere, emaitza «puskatutako marrazkia da», eta horrek ez du «aparteko interesik», haren aburuz. «Bere burua suntsitu duela esaten da, baina ez da egia, objektu bat geratu da, eta, objektu den heinean, artelan bat da, eta sal liteke beste edozein bezala». Berdin pentsatu du Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederretako irakasleak: «Bitxia iruditu zitzaidan. Nik arazo bat ikusten diot: behin puskatzen hasita, erabat puskatu behar zen, guztiz galtzeko».

Kontua da ekintza bera zalantzan jar daitekeela. Manterolak zalantza du enkante etxeak gertatuko zenaren berri aldez aurretik bazuenetz. «Badirudi baietz, baina eurek ezetz esaten dute». Zalantzarako tarterik uzten duen arrasto bat eman du: normalean, enkanteetan, enkantea zuzentzen duen pertsonaren parean egoten da salgaia, eta hurrengo objektua enkantean jarri behar denean kendu egiten da. Banksyren lana paretan zegoen eskegita. «Hori ez da normala». Enkante etxeak ez du eroslearen izenik eman. «Imajinatu Banksyk berak erosi duela; ikuskizun bat baino ez litzateke».

Lauzirikak argi utzi du: «Ikuskizun bat bezalakoa da. Gauza bat argi izan behar dugu: artea gauza bat da, eta merkatua beste gauza bat da, eta ez doaz batera». Arte garaikidea askotan merkatuarekin bat ez etorri arren, normalki merkatua ateratzen da garaile: «Merkatuak berehala bereganatzen du guztia, baita merkatuaren kontra doazen artelanak ere. Guztia irensten du, eta denetatik ateratzen du dirua».

Banksyren taldea merkatuarekin borrokan aritzen da, baina merkatuak bere egiten du beti Banksy. «Adarra jotzen aritzen da, eta hau beste bat gehiago da». Lauzirikak uste du obrak ez lukeela gehiago balio beharko baina merkatuan duen balioak gora eginen duela. Lehenbiziko kolpean, pentsa liteke merkatuaren kontrako iseka dela. «Bildumagileek gauzak erosi eta biltegietan sartzen dituzte. Etekin ekonomikoa lortzeko bakarrik erabiltzen dute, askotan ez zaie artea interesatu egiten ere». Honek gaia mahai gainean jar dezake, baina ez behar bezala, agian. «Komunikabideek beti ikuskizunaren zati bat hartzen dute, anekdota; hori handitu egiten da, eta, azkenean, diskurtsoa pixka bat galtzen da; batez ere, eremu publikoan».

Londrestik, laudorioak

Bada gertatutakoa goratu duenik ere. Jonathan Jonesek arteari buruz idazten du The Guardian egunkari ingelesean. Banksyren azkena ere hizpide izan du asteon. Idatzi duenez, ez da artista anonimoaren zalerik handiena, baina ekintza txalotu du. «Diruak artea itotzen du. Iraultza posible bakarra geratzen da: artistek elikatzen dituzten eskuei hozka egitea, dirudienez Banksyk ostiral gauean egin zuen bezala». Haren aburuz,artista batek artea salgai bihurtzen duen sistema «benetan amorratzen» duen lehenbiziko aldia da hau. «Sotheby's-en gertatutakoa Banksyren lanik onena da». Jonesek uste du inork egiten ez duen salaketa egin duela. Testu berean aipatzen du obrek beren burua suntsitzea dela geratzen den iraultza bakarra.

Lauzirika iraunkortasunaz mintzatu da. «Artean joera dago artelana sakralizatzeko, zerbait berezia balitz bezala, eta, beraz, objektu bakar gisa sekulako balioa hartzen du». Gogora ekarri du badirela hainbat artista obrak errepikatzen dituztenak, balioa gal dezaten. «Kaleko artearen espiritua izan beharko luke desagertuko den zerbait egiten aritzeak». Dena den, EHUko irakasleak uste du mediatikoa den heinean asko errepikatzen dela Banksy. «Interesa galduz doa». Baina onartu du egiten duen guztiak eragin publikoa duela.

Kontraesanak agerian dira Banksyen azken ekintzarekin, ezinen luke bestela izan. Manterolaren arabera, «pertsonaia konplexua» da. «Zalantzan jarri behar ziren gauza asko zalantzan jartzen ditu: autoretza, arte lanaren objetualizazio edo musealizazioa... Arte sistemaren oinarri batzuk zalantzan jartzen ditu, eta hori ondo dago». Ikusi behar da noraino jartzen duen zalantzan sistema, sistema bera erabilita. «Arte kritiko guztiekin pasatzen dena. Benetan kritiko izan daiteke artea, jakinda merkatuak dena xurgatzeko gaitasuna duela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.