Bizipenak oholtza gainera

Lehen Mundu Gerra bukatu zela 100 urte bete dira, eta han bizitakoak taularatuko dituzte gaur Baionan egingo duten ikuskizunean. Gaizka Sarasolak idatzi ditu antzerkia eta gidoia
Desertoretzat jo eta fusilatu zuten euskaldun baten istorioa antzeztuko dute, besteak beste.
Desertoretzat jo eta fusilatu zuten euskaldun baten istorioa antzeztuko dute, besteak beste. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko azaroak 10
Euskaldunek Lehen Mundu Gerran izan zituzten istorioak ezagutarazteko asmoz, «herri omenaldi» gisa aurkeztu duten ekitaldia antolatu dute Lapurdi 1609 elkarteak, Zizpa Gaztetxeak, Bernat Etxepare lizeoak, Epaiskak eta Bertsolarien Lagunek. Gaur 18:00etatik goiti izango da ekitaldia, 1914-1918 Euskal Oroitzapena. Itzaletik argira izenburupean, Baionako Antzokian. Ekitaldia bi zatitan bereiziko da: alde batetik, zati artistikoa dei daitekeena, antzerki, kantu eta bertsoz osatua; eta, bestetik, omenaldia, mintzaldiekin eta beste.

Gaizka Sarasola idazle lesakarrak sortu eta taxutu du lehen zati artistiko hori. Hura arduratu da antzerkia idazteaz eta kantua eta bertsoa uztartu dituen ekitaldiaren zati horren gidoia osatzeaz. Izan ere, Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariek antzerkian ikusitakoarekin bertsoak osatuko dituzte, eta preso ziren euskaldun batzuei alemanek grabatutako kantu batzuk ere entzun ahal izango dira gaiari lotutako kantu modernoagoez gain, besteak beste. «Erronka bat izan da niretzat. Zerbait sortzea gai jakin batzuekin, eta, gainera, ez antzerki bat bakarrik, bertze emankizun oso baten testuinguru baten barrenean egin behar zen, beti konplikatuago dena. Alde horretatik erronka zen, baina kontent geratu naiz sortutakoarekin». Lehen Mundu Gerraz idaztea ere izan du bere erronka puntua: «Egia erran, ez nintzen inoiz horretara jarri pentsatzen. Mugak baditu bere distantziak, eta guri hagitz arrotza egiten zaigu Ipar Euskal Herrian nola bizitu zuten Lehen Mundu Gerra».

Antzerkian lantzeko alor batzuk proposatu zizkioten antolatzaileek, eta, horretarako, zenbait dokumentu bidali zizkioten: «Antolatzaileek bazituzten gai batzuk jorratu nahi zituztenak edo erreferentzia egin nahi zietenak, hala nola gerra aitzin eskoletan nola hasi ziren armen erabilera bultzatzen, nolabait gerrarako prestatzeko. Horrez gain, Elizak izandako indarra aipatu nahi zuten, hau da, Ipar Euskal Herriko jendea gerrara sarrarazteko izan zuen indarra, eta, horretarako, orduko Baionako apezpikuak Eskualduna astekarian argitaratutako artikulu bat bada. Halako prediku gisako artikulu bat da gerra defendituz, euskaraz. Gero bazen ere euskaldun fusilatu baten istorioa, desertoretzat jo eta fusilatua izan zen Piarres Etxeberrirena».

Behin idatzita, Antton Lukurekin eta ekitaldiko antzerkia zuzendu duen Iñaki Etxelekurekin elkartu zen Sarasola. «Nire ezezagutzatik banuen gauza hori, agian nik modu batean ikusten nuela gaia eta gero Ipar Euskal Herrian ez zela horrela ikusiko... Haiek testuari balekoa eman ziotenean lasaitu nintzen», aipatu du Sarasolak, irribarrez. «Gerla aitzin, gerla denboran eta gerla ondotik, izan haur zein heldu, nolako bizipenak izan zitzaketen irudikatze horretan du edertasuna eta indarra». Halaxe deskribatu du Etxelekuk antzezlana.

Hala, testua eta gidoia paperean, irailean taulara eramateko lehen urratsa egin eta entseguekin hasi ziren. Proiektu honetarako bildu den sei antzerkilariz osatu dute taldea, denek ala denek Donibane Garazin edo Baionan noizbait libertimendu proiektu batean parte hartu dute antzerkilari moduan. Entseguak Etxepare lizeoan egin dituzte, eta azkena, gaur, Baionako Antzokian. Antzokiak elkarteei jartzen dien balditzetako bat hori baita, azken egunean baizik ezin da erabili. «Antzerkiaz gain, kantua eta bertsoak daude, eta hori berezitasun bat da, baina baita zailtasuna ere, denak batera egiteko egun bakarra dugulako, eta horrek zailtasunak sortzen ditu gauzen lotzeko», adierazi du Etxelekuk. Soinu eta argi teknikan bi teknikari arituko dira, Aitz Amilibia eta Oihan Delavigne.

Ekitaldiaren garrantziaren nondik norakoak azaldu ditu Etxelekuk: «Gaia berez interesgarria da, urteurrenaren kari egiten den gauza bat da, baina memoria historikoa lantzeko mementoan XXI. mendeko ikuspegia ukan gabe eta irakurketa ideologiko bat egin gabe —arrisku bat baita hori zinez—, interesgarria da entseatzea irudikatzen zer-nolako bizipena izaten ahal zuten orduko Ipar Euskal Herriko euskaldunek. Gero, artistikoki, erran nezake Gaizkak egin duen lana oso polita dela, eta pertsonaiak idatziak diren bezala eta argi eta soinu jokoekin, jantziekin eta beste, uste dut taula gainean gauza polita aterako dela».

Emanaldi bakarra izango dela aurreikusten dute antolatzaileek, baina ekitaldia ez da horretan geratuko; izan ere, grabatu egingo dute, eta liburu bat ere argitaratuko dute, antolatzaileek adierazi bezala belaunaldi berriek «dokumentu pedagogiko» bat izan dezaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna