Zinema iraunkor bihurtzeko

Bestelako Argiak jaialdian, zinema iraungikorra landu dute Iruñeko Biurdana institutuan. Gaur arratsaldean, egindako lanak erakutsiko dituzte Arrotxapea auzoan.
Zinema iraungikorra tailerrean parte hartu duten ikasleetako batzuk, Iruñeko Biurdana institutuan.
Zinema iraungikorra tailerrean parte hartu duten ikasleetako batzuk, Iruñeko Biurdana institutuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abenduak 22
Ezohiko plana dute gaur iluntzean Iruñeko Biurdana institutuko laugarren mailako ikasleek. Paseora aterako dira Arrotxapea auzoan, baina paseo berezia egingo dute. Kurtso hasieratik zinema landu dute ikasgelan, eta hilabeteetan landutakoa herritarrei erakutsiko diete iluntzean, kalean. Bestelako Argiak jaialdia dela eta, zinema iraungikorraren tailerra egin dute eskolan, Oskar Alegria zinema zuzendariarekin batera. Zinema landu dute ikasgelan, eta, gaur arratsaldean, tailerrean egindako bideo sorkuntzak erakutsiko dituzte ibilaldi berezi baten bidez.

18:30ean hasiko da, eta lau geldialdi izango ditu zinema bidaiak. Geldialdi bakoitzean, bideo lan bat proiektatuko dute, eta bertan izango dira sortzaileak. Ikasleek lan antzekoak egiteko joera dute, Alegriaren ustez, baina filmen artean aniztasuna egon dadin saiatu da programaren sustatzailea. Beraz, bidea egiten duenak elkarren artean hagitz ezberdinak diren lau lan ikusiko ditu. Zinema zuzendariaren hitzetan, jaialdiaren helburua pelikulak kalean ematea da, eta, beraz, ez dira ulertzeko zailak izango.

Omenaldi batekin hasiko da zinema bidaia. Arga ostatuari omenaldia egin dio proiektatuko duten lehen pelikulak: Negu hurbila. Auzoan ezaguna da Arga, eta ixtera doaz. Tabernaren kanpoaldean bertan proiektatuko da filma, koltxoi zuri batean. Arga ostatua ezaguna da modu tradizionalean egiten dituzten artzain apurrengatik, eta horien istorioa jaso dute iruditan.

«Taberna itxiko dute, eta auzoa triste dago. Omenaldi bat egitea ideia polita iruditu zitzaigun». Oihane Garzia lanaren egileetako baten hitzak dira. Bideogintzan lehenbiziko aldia dute bai berak eta bai taldekideek, baina egindako lanarekin hagitz gustura azaldu da gaztea. Ostatuan hagitz ongi hartu dituztela nabarmendu du, eta egileak zein jabeak oso kontent daudela kontatu. Aukerarik izatekotan, ez du zalantzarik egin: berriz ere parte hartuko luke horrelako proiekturen batean.

Lehen ikus-entzunezkoaren ondotik, Gaseko eskorten pareko bizilagunen aparkalekura eginen dute jauzi ikusleek. Bigarren lana bertan proiektatuko dute, 19:00etan, Zorte Urdina izenekoa. Bigarren sorkuntza lana ere modu berezian erakutsiko dute, kamioi zuri bat erabiliko baitute irudiak erakusteko. Unai Erro eta Oihan Felipe dira bigarren sorkuntza egin duten gazteetako bi. Bortz minutuko lana egiteko ordubete inguru behar izan dutela kontatu dute bi gazteek: «Ikastaroan grabatzeko gako batzuk eman dizkigute, eta kalera grabatzera ateratzean otu zaigu bidaia bat grabatzearen ideia», azaldu dute biek. Gaur iluntzeko estreinaldia dela eta, lasai antzean daude biak. Irri artean, Errok kontatu du ez diola inori eman gaurko proiekzioaren berri.

Arraun elkartea izango da hurrengo geltokia. Bertan proiektatuko dute eguneko hirugarren filma: Hotzaren atarian. Miren Verdugo eta Ilargi Legarra gazteak dira filma egin duen taldeko kideetako batzuk. Udazkenari buruzko film bat egin dute, eta hagitz pozik gelditu dira lortutako emaitzarekin. Udazkenari buruzko filma naturarekin hertsiki lotutako bi elementuren gainean erakutsiko dute: hasiera enbor batzuetan, eta, bukaera, berriz, lurrera eroritako hostoetan.

Egindako filmaz harago, bi gazteak bereziki pozik daude ikastaroan ikasi duten guztiarekin: «Orain, zinema ikusten, gauzak hobeto ulertzen ditugu». Lagunartean, sormena lantzen gustura ibili dira bi gazteak bertze taldekideekin batera.

Ibilbidea bukatzeko, Plazaolako tunelean aurkeztuko dute azkeneko sormen lana, 20:00etan: Zaldiaren ametsa. Denetan lanik luzeena da hori. Zaldi baten ametsa kontatzen du filmak, eta, horretarako, teknika ezberdinak erabili dituzte sortzaile gazteek. Alegriak emandako hasierako ideiatik otu zitzaien zaldia grabatzeaz gain, marraztu ere egin zezaketela. Azkenean, bideo lan esperimentala egin dute artxiboko irudien, marrazkien eta taldean grabatutako irudien bitartez. Joanes Odriz eta Urko Zabala dira egileetako bi, eta biziki pozik agertu dira lortutako emaitzekin. Odrizek ,gainera, tunelean proiektatzeko ardura du: «Pixka bat urduri nago filma tunelean proiektatu behar dudalako».

Ikasleen lanaz harago

Zinema ikastaroak amaiera borobila izango du gaur arratsaldean, edozein zinema jaialditan bezala, beren lana aurkeztuko baitute gazteek. Alegriak nabarmendu du gazteentzat sorpresa izan zela jende aurrean erakutsiko zutela jakitea: «Hasieran erran nien erreala zela, egindakoa jaialdi batean erakutsiko zela. Ikasleek ez zuten sinisten, klaseko ariketa bat zela uste zuten».

Plano motak, grabatzeko moduak, edizioa... Zinemaren ohiko lengoaiaz gain, bertzelako balio etikoak ere zinemaren bidez erakuts daitezkeela frogatu du tailerrak. Taldean sortu eta denen artean hartu behar izan dituzte produkzioaren inguruko erabakiak. Edizioan, Alegriak lagundu badie ere, grabaketak ikasleek bakarrik egin dituzte. Finean, zinemaren inguruko ezagutzaz gain, bertzelakoak ere batzen direla uste du Alegriak:«Zinema tailerra da, baina, denetik irakasten da. Jende aurrean solastatzen, talde lanean... Gauza anitz daude tartean».

Biurdana institutuaz gain, Julio Caro Baroja ikastetxeak ere egin du zinema tailerra, eta bertako ikasleen lanak abenduaren 29an erakutsiko dituzte Iruñeko Sanduzelai auzoko kaleetan. Ikasleen lanaz harago, Bestelako Argiak jaialdiak zenbait sormen lantegi eta ikus-entzunezko erakutsiko ditu. Bideoartearen III. Erakustaldia izango da Iruñeko zenbait txokotan. Horretaz gainera, Ziudadelan ikus-entzunezko instalazio interaktiboa, antzerkia eta arte lantegiak izango dira. Abenduaren 21ean hasi eta urtarrilaren 7ra bitarte, bideo sorkuntza eta ikus-entzunezko artea Iruñeko zenbait txokotan izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna