Herri txikien geroa kultur eskaintzarekin lotu nahi du Atauri Artek

Gaur hasiko da Arabako mendialdeko zirku eta kale-antzerki jaialdiaren zortzigarren aldia. Landa eremuko herri txikien despopulazioa izango dute hizpide aurten

Iazko kaleko antzerki baten emanaldia, Ataurin. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kultur eskaintza erdigunetik periferiara, hirigunetik inguruko herri txikietara, zabaltzeko asmoz sortu zuten Atauri Art jaialdia, orain zortzi urte. Kale antzerkia, zirkua, zinema... Askotariko ikuskizunez gozatzeko aukera izan dute urtero Arabako Mendialdean, Gasteizera hurbildu beharrik gabe. Helburu horri eusten dio jaialdiak oraindik ere, eta indarberrituta dator aurten. Gaur hasi eta azarora bitarte, askotariko ikuskizunak erakutsiko dituzte eskualdeko herrietan. Aurten bereziki, herri txikien iraupenean jarri nahi izan dute arreta; Arabako Mendialdea bezala bizilagunez husten ari diren herrien etorkizunean.

Jaialdiak azken urteetako formatu bera izango du: hau da, datozen bi asteburuetan izango dira ekitaldi nagusiak, baina urrian eta azaroan ere izango dira beste emanaldi batzuk. Dikothomia konpainiaren Spazio...O ikuskizunak zabalduko du jaialdia gaur iluntzean. Bihar, berriz, haurrentzako ipuin kontalari bat izango da goizean, eta tailerrak egingo dituzte ondoren. Azikarate Elkarteak El Sauce ikuskizuna emango du arratsaldean, Atauriko frontoian. «Antzerki inklusiboa lantzen duen Gasteizko talde bat da, eta zirkua egiten du. Iaz, harremanetan jarri ziren gurekin, eta interesgarria iruditu zitzaigun haiekin elkarlanean aritzea, finean erakusten baitute gauza politak egin daitezkeela ilusioa izan eta lana eginez gero», azaldu du Ruth Ibisate Arratiandi Kultur Elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzailea denak.

Ez da eguneko emanaldi «berezi» bakarra izango. Izan ere, iluntzean Might Jambo konpainiak ikuskizun bat emango du Ataurin bertan. Kenyakoak dira, eta, Euskal Herrian direla baliatuta, jaialdiarekin bat egitea erabaki dute azken orduan. «Artearen bitartez kalean dauden umeei laguntzen dien konpainia bat da. Berezia bezain garrantzitsua da gurean izatea». Igandean, bestalde, Shakti Olaizola konpainiak Baldin Bada ikuskizuna emango du aurrena, eta Balusca Circus konpainiak RAR ondoren.

Hurrengo asteburuan Azazetara eta Korresera zabalduko da jaialdia. Larunbatean, hilaren 14an, Xabi Larreak Filamento el farolero eskainiko du Azazetako plazan, 20:00etan. Igandean, berriz, Goyo magoa izango da Korresko plazan, 13:00etan. «Askotarikoa eta zabala da aurtengo egitaraua ere. Hilabeteak eman ditugu egitaraua prestatzen, gogo eta ilusio askorekin. Herria harro dago egiten dugunaz; besteak beste, Atauri mapan kokatzeko laguntzen baitu askorentzat». Azaroaren 23an amaituko da jaialdia, Atauriko tabernan Zirika Zirkus konpainiak eskainiko duen Pantxika Lamur ikuskizunarekin.

Urtetik urtera handitzen ari da jaialdia, eta, aurtengo egitaraua osatzeko Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan badute ere, antolatzaileek boluntarioen lana azpimarratu dute: «Jaialdi hau herritik jaio zen, eta herriari zuzendua dago. Hasierako urteetan 30 ikusle izan genituen batez beste, baina iaz dagoeneko 150 eta 200 artean izan ziren. Hori guztia kudeatzeko boluntarioen lana funtsezkoa da». Ordea, lan fisiko eskergaz gain ekonomikoa ere badela ohartarazi du Ibisatek: «Erakundeetatik jasotzen dugun dirua ez da nahikoa, eta beste baliabide batzuk bilatu behar izaten ditugu. Bada, ikusleei esker egiten dugu jaialdia urtero».

Emanaldi bakoitzaren ostean xistera bat pasatu ohi zuten orain arte, baina modu hori alboratu eta bonolaguntza izeneko diru-ekarpen kanpaina bat abiatu dute aurten aurreneko aldiz: 10 eta 20 euroko laguntza bonuak dira, eta urte hasieratik daude salgai. Emanaldi bakoitzaren ostean ere, 3 euroko laguntza txartelak erosteko aukera egongo da. «Lehen, azken unera arte ez genekien zenbat diru bilduko genuen, eta arrisku bat ere bazen. Orain, aldiz, aurretik dakigu, eta jaialdia antolatu ahal izateko lagungarri da guretzat», nabarmendu du Ibisatek. «Balorazioa oso ona da, eta primeran joan da orain arte».

Fokua despopulazioari

Antolatzaileen hitzetan, Atauri Art zirku eta kale antzerkien jaialdi bat baino gehiago da. Horretan egin du azpimarra Ibisatek ere: «Gure herria aldarrikatzeko modu bat da; txikia baina bizia dena, eta etorkizun handikoa». Izan ere, Atauri, Azazeta eta Korres landa eremuko herri txikiak dira, Mendialdeko Arraia Maeztu udalerriaren parte direnak, eta biztanleen galerari nola aurre egin dute erronka nagusitzat. Bada, jaialdia bera baliatu nahi dute egoera iraultzeko: «Despopulazioari aurre egiteko tresna garrantzitsua izan daiteke artea, gure ustetan», dio Ibisatek.

Testuinguru horretan kokatu dute, hain zuzen, urriaren 12ko egitaraua, gaiari lotutako jardunaldi berezi bat antolatu baitute jaialdiaren barruan. Soñando un lugar filma emango dute bertan. Filmak landa eremuko herri txikien despopulazioa du hizpide, eta artista bikote baten bizipenak ditu oinarri. Emanaldiaren ostean, Orgullo rural bakarrizketa musikatua eskainiko dute Elia Tralarak eta Uxia Lopezek; haiek ere gai berari helduko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.