Euskal espedizioa hirugarrenez

Datorren urteko Euskarabentura espediziorako izen ematea zabalik dago jada. 120 gazte aukeratuko dituzte, eta uztailean «euskarazko oasi» batean biziko dira 'jzioquitarrak'

Durangoko Azokan aurkeztu zuten datorren urteko Euskarabentura egitasmoa. JON URBE / FOKU.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Hirugarrenez antolatuko dute Euskarabentura espedizioa. 2018an egin zuten lehenengoa, eta aurreko aldietan bezala, 120 gaztek edukiko dute Euskal Herria euskaraz zeharkatzeko aukera datorren urtean. Egitasmoari izena ematen dion Euskarabentura elkarteak antolatzen du ibilbidea. Helburu nagusia da gazteak eremu ez-formaletan ere elkarrekin euskaraz aritzeko ohiturak sortzea. Horretarako, uztailaren 1etik 30era arte, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan euskarari buruzko hainbat kontu ikasiko dituzte, euskaraz.

Zabalik dago 2020rako izena emateko epea jadanik. Espedizioan parte hartu nahi duenak bi baldintza bete beharko ditu: euskaraz jakitea eta 2003. edo 2004. urteetan jaioa izatea. Izena ematearekin batera, motibazio gutun bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, martxoaren 15a baino lehen, eta Euskarabenturaren webgunearen bidez egin beharko dute eskaria. Aukeratuek jzioquitar izena hartuko dute espedizioko parte hartzaile gisa.

Irune de la Maza da sustapen arduraduna, eta 2020ko Euskarabenturara gazteak erakartzeko lanetan hasia da: «Motibazio gutunean, azaldu beharko dute zergatik nahi duten parte hartu euskal espedizioan, eta proiektuek haien abileziak ezagutzeko balioko digute». Proiektua egiteko, hiru gai dauzkate aukeran gazteek: Euskal emakume sortzaileak, Natura plastifikatua eta Mugak gaindituz integraziora bidean.

Lana aurkezteko, berriz, sei diziplina edukiko dituzte aukeran: historia, literatura, ikus-entzunezkoa, musika, arte plastikoa eta sormen digitala. Apirilean argitaratuko dute aukeratuen zerrenda, Puntueus fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak proiektuak zuzendu eta gero. Hautatutako gazteak, jzioquitarrak, Euskal Herrikoak izan daitezke, baita diasporakoak ere. Euskarazko «oasi» bat bizitzea izango da asmoa.

2020ko Euskarabenturak ez du berrikuntza askorik; izan ere, aurreko urteetako emaitzak oso onak izan dira. Aurreko aldietan helburuak bete dituztela baieztatu du De la Mazak: «Ikus dezakegu lehenengo espediziokoek harremanak euskaraz mantentzen dituztela oraindik. Euskarazko sormen taldeetan edo Euskaraldian ere parte hartzen dute, oso modu aktiboan, gainera: arduradun moduan edo institutuetako euskara aholkularitza-taldeetan».

Aurreratu dutenez, aurreko urteetako dinamikak berriz egingo dituzte, baina ibilbidearen aldaketa txiki batzuk zehazteko daude oraindik. Mauletik Getxora (Bizkaia) ia 800 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta Euskal Herriko zazpi hiriburuetan izango dira. 24 orduz euskaraz biziko dira 16 eta 17 urteko gazteak, eta eremu euskaldunetan euskararen hainbat aldaera ezagutuko dituzte. «Askotan esaten diegu gauden herrian zer euskara egiten den entzuteko, ea komertzioetan erabiltzen den edo kalean erabiltzen den. Eta haiek sumatzen dituzte ezberdintasunak herri batetik bestera. Halere, eremu erdaldunak zeharkatzerakoan ez dira kutsatzen, eta Euskarabenturak euskaraz aurrera jarraitzen du».

Diasporako gazteak erakartzeko, zortzi leku gordetzen dituzte. Aurreko urteetan, Euskal Herritik kanpoko hiru gaztek hartu zuten parte: Washingtongo, Argentinako eta Suediakoak ziren, hain zuzen. «Aurten ere norbait animatuko den esperoan gaude, ez baitakigu nola heltzen zaien informazioa. Askok, euskaraz dakien familiakoren batek-edo erakutsi dielako».

Jzioquitar gehienak Euskal Herriko gune ezberdinetakoak dira, eta hainbat euskalki erabiltzen dituzte taldean. «Normalean, aukeraketan kontuan izaten dugu nondik datozen eta zenbat hitz egiten duten euskaraz. Eremu euskaldunetako eta ez hain euskaldunetako gazteak aukeratzea izaten da asmoa». Izan ere, helburua ez da badakitenek euskaraz egitea, baizik eta etxean edo beren herrietan euskaraz bizitzeko aukera ez duten gazteei posible dela erakustea. «Hasieran, askori kostatzen zaie, ohitura hartu behar dutelako. Halere, guk espazioa uzten diegu, ez baituguinor behartu nahi. Haiek ikusi behar dute egin dezaketela, eta, gehienetan, lortzen dute».

Euskararen protokoloa

Erronka handia daukate antolatzaileek. Dinamika eta metodologia bereziak erabiltzen dituzte horretarako. De la Mazak esan duenaren arabera, «konfiantzazko esparruak sortu nahi ditugu: horrela lortzen dugu gazteengan eragitea». Begiraleek ere formakuntza berezia jasotzen dute. Horretarako, protokolo bat gauzatu dute Iñaki Eizmendi Ebete aholkularitza enpresako kidearekin batera. «Begiraleek —urdinak deitzen diegu guk— euskaraz dakite, baina bakoitzak eginkizun bat hartzen du gazteengan euskara sustatzeko». Ez dira, ordea, eragiteko ardura daukaten bakarrak: arnasguneetatik datozen gazteek ere zeregin handia daukate espedizioan. «Barakaldoko neska batek, Gipuzkoako lagun batzuk egin, eta gipuzkeraz hitz egiten amaitu zuen», kontatu du De la Mazak. Euskara batuaren estigmarekin apurtzeko dinamikak ere lantzen dituzte; dudarik gabe, «gazteen artean ere euskalkiek indar handia daukate».

Hirugarren jzioquitar belaunaldia hamasei babesleri esker izango da posible. «Orain arte, aurrera egin dugu jasotako ekarpenekin, baina gure helburua espedizioaren iraunkortasuna bermatzea da», adierazi du arduradunak. Bi espedizioetako 230 gazteek osatzen dute jzioquitar sarea, baina, urteak aurrera joan ahala, euskal gazteen sarea handiagoa eta askotarikoagoa izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.