Literatura

Kaleko bazterretan idazten

Euskal idazleak bistaratzeko, haien 60 esaldi paratu nahi ditu Inspirarte proiektuak Bizkaiko 40 udalerritan. Maiatzean ezin izan dute egin, baina sarean hasi dira lanean.

Inspirarte proiektuko kideak: goian eta ezkerretik hasita, Amets Agirrebengoa, Nacho Almendariz eta Ane Sagredo ; azpian, Mariana Fernandez de Nograro. BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Ni hilen naiz,nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik. Gabriel Aresti. Esaldi bat eta egilea. Horixe zen maiatzean Bizkaiko zenbait udalerritako espaloietan, plazetan edo atarietan loratu beharko zukeena, COVID-19ren pandemiak asmoak eten izan ez balitu. Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea edo Bilbaoko kaleak poematik esaldi bat aukeratu eta Bilboko Arkeologia Museoan ikusgai egonen zen dagoeneko. Ez dago esaldirik, noski.

Mondragon Unibertsitatean ekintzailetza gradu bat ikasten ari diren lau gaztek osatzen dute Inspirarte proiektua: Amets Agirrebengoa Arrieta, Mariana Fernandez de Nograro Gutierrez, Ane Sagredo Berzosa eta Nacho Almendariz Martinez. Euskarazko literatura batzuetan bazterturik geratzen delakoan, euskal idazleak bistaratu eta euskal literatura bultzatzeko modua pentsatu zuten: Bizkaiko 40 udalerritan 60 esaldi literario paratzea. Elkarren eta Euskal Editoreen Elkartearen laguntza dute gazteek, baina proiektua erdibidean geratu da, pandemia dela eta. Zenbait idazlerekin harremanetan jarri dira, eta haien esku utziko dute esaldien hautaketa.

Lehenbiziko froga, Bilboko Arkeologia Museokoa, binilo batekin egiteko asmoa zuten. Hala ere, gainerako esaldiak margoirristagaitzarekin egitekoak dira. Gero, esaldiaren ondoan QR kode bat egonen da, eta, hura eskaneatuz gero, webgune batera bideratuko du ikuslea. Han, esaldi guziak non dauden jakiteko mapa bat agertuko da, baita egileari buruzko informazioa ere.

Baina hori oraindik ezin da ikusi. Proiektu hori ere gelditu egin du pandemiak. Hala ere, Inspirarte taldekoak ez dira gelditu, eta jarduera hori sare sozialetara eramatea pentsatu dute. Instagramera, hain zuzen ere. @Inspirartebizkaia kontuan hiru idazleren esaldiak paratu dituzte dagoeneko: Garazi Albizuaren bat, Patxi Iturregiren bat, eta Asel Luzarragaren bat. Esaldia irakurri ez ezik, aditu ere egin liteke, hiru idazleak haien esaldia irakurtzen ageri baitira bideo banatan. Gehiago biltzea dute helburu Inspirartekoek.

Deialdia egin diete idazleei: bidal dezatela beren argazki bat—lehenbiziko planoan—, esaldi edo pasarte labur bat —150-200 karaktere— eta bideo bat esaldia irakurriz —gehienez minutu bat—[email protected] helbidera. Modu horretan, «mugimendu literario» bat sortu nahi dute sareetan, eta gazteengana ailegatu. «Kontu honetan, autoreen esaldiak, historia, pasarteak, eta abar zabalduko ditugu eduki sortzaile baten bidez», azaldu du Amets Agirrebengoa proiektuko kideak.

«Motibazioa» kalean

Kaleko proiektuak zituen helburu berekin sortu dute sare sozialetako proiektua. Izan ere, taldeko kideek uste dute euskal idazleak batzuetan zokoan geratzen direla. «Askotan ikasi ditugu gaztelaniazko autoreak eta literatura, baina euskarazkoak ez. Hemengo literatura hain aberatsa izanda, ez zitzaigun bidezkoa iruditzen». Oreka falta horren adibide bat jarri du Agirrebengoak: «Selektibitaterako Antonio Machado ikasi behar izan genuen, baina euskaraz laburpen bat eskatzen ziguten, eta listo».

Ez hori bakarrik. Konfinamenduak luze jo du, eta jende askok irakurtzeko aprobetxatu ditu etxean eman beharreko tarte luzeak. Euskarazko literatura «askotarikoa» eta «aberatsa» izan arren, askotan erdarara jotzen du jendeak, Agirrebengoaren ustez. Beraz, sare sozialen bidez ere eragin nahi dute, jendeak euskal literaturara jo dezan.

Beren bizipenak eraman ditu euskal literatura sustatzeko proiektu bat sortzera. Ekintzailetza graduan ez omen da ohikoena kulturari lotutako proiektuak egitea, Agirrebengoak esan duenez, baina aurrera egitea erabaki zuten hala ere. Kaleko esaldien helburua argi azaldu du: «Inpaktu soziala sortu nahi dugu. Azken finean, proiektu literario bat da hau». Idazle batzuekin harremanetan dira, eta haiei «ideia berritzailea» iruditu zaiela kontatu du Agirrebengoak. «20 urte ditugunez, harritu dira gure ikuspegiarekin. Gustatu zaie gure ikuspuntu sortzailea eta aktiboa».

Oraindik ez da euskal letrarik Bizkaiko herrietako kale hutsetan. Pixkanaka ari da jendea ateratzen. «Kalera modu normalagoan irteten hasten garenean, ausardia hori dugunean, Bizkai guztia esaldi literarioz pintatuta aurkitzea motibagarria izango da», aurreratu du Agirrebengoak. «Esaldi politak izango dira lurrean jarrita, eta jendea motibatzeko modu polita da. Gainera, gure literatura eta izatea erakusteko modu bat ere izango da».

Ez dakite noiz ekinen dioten kaleko proiektuari. Hasieran esaldi guziak aldi berean aurkeztu nahi zituzten, baina planak aldatu behar izan dituzte. Poliki- poliki hasiko dira Bizkaiko herrietan esaldi literarioak agertzen. Patxadaz. Literaturak eskatzen duen soseguarekin. Baina, konturatzerako, espaloietan eta plazetan loratuko dira euskal hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.