Bideo jokoen kontsumoa %65 baino gehiago hazi da munduan

'Animal Crossing: New horizons' eta 'Call of Duty: Warzone' jokoek arrakasta handia lortu dute. Game Erauntsia elkarteak aurrerapausoak eman nahi ditu euskarazko 'streaming'-etan

Animal Crossing: New Horizons bideo jokoak aukera ugari ematen ditu norbere pertsonaia eta uhartea pertsonalizateko. MAITANE JUNGUITU.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak etxean kontsumitzen diren hainbat eremuren gorakada ekarri du; ikus-entzunezkoekin edo Whatsapp aplikazioan pasatzen diren orduak nabarmen ugaritu dira azken bi hilabeteetan. Bideo jokoen kontsumoak ere gorantz egin du: iazko datuekin alderatuz, %65 inguru handitu da bideo jokoen kontsumoa munduan.

Azkeneko bi hilabeteetan, zenbait bideo joko berri iritsi dira merkatura. Martxoaren 10ean, Call of Duty: Warzone atera zuten, eta hamar egunean 30 milioi jokalari zeuden jada erregistratuta. Sektoreko zaleak joko horren zain zeuden, eta egunotan atari espezializatuetan gehien komentatu den jokoetako bat izan da.

Beste alde batetik, Nintendo konpainiaren irabaziak hazi egin dira herrialde askotan herritarren itxialdia hasi zenetik. Martxoaren 20an, Animal Crossing: New Horizons atera zuen Nintendo Switch kontsolarentzat. Eta milioika kopia saldu ditu asteotan.

Maitane Jungitu Game Erauntsia elkarteko kidea Animal Crossing joko sailaren zalea da. «Bertsio berriak aldaketa oso interesgarriak ekarri ditu. Pertsonalizaziorako aukera asko ematen ditu orain, eta pertsonalizazio hori partekatzeko aukera ere bai. Komunitate bat sortu da, diseinu horiek partekatzeko». Adibidez, astean behin barazki bat erosteko aukera dago, eta barazki hori, gero, saldu egin daiteke. Egunean bitan, bestalde, barazkiaren prezioa aldatu egiten da. Jokoaren planteamenduak Mindcraft-en antza du: uharte bat kolonizatzen du jokalariak, eta ezerezetik herri bat sortu behar du. Hainbat egiteko daude bertan: animaliak ehizatu, saldu, eta diruarekin herrian inbertitu. Beste jokalarien uharteetara joan daiteke, barazkien preziorik onena lortzeko.

Jungituk nabarmendu duenez, pertsonalizazio aukerak ekarri du jokalariek uhartea gai desberdinekin atontzea. «Neska batek Disneyworld parkea imitatu du jokoan. Beste batek Tokioko kaleak imitatu ditu uhartean, eta halako asko daude». Jokoan lor daitezkeen objektu kopurua «izugarria» dela azaldu du Game Erauntsia elkarteko langileak, «eta koloreak ere bai». Jokalari askok «juntadizoak» egiten dituzte, beste norbaiten uhartean. «Objektuak uharte horretara eramaten ditu jokalariak, eta beste pertsona batek hartu eta utzi egin ditzake. Baina katalogoa oso-oso handia da». Joko horri buruz artikulu bat idatzi du Jungituk Gamerauntsia.eus webgunean. «Inoiz bukatzen ez den bideo jokoa» dela idatzi du. «Zalantzarik gabe, Animal Crossing New Horizons-en sailak ezarritako mugak gainditzera etorri da».

Kirol elektronikoak

Kirolen jokoei lotutako txapelketak, bestalde, puri-purian egon dira azkeneko asteetan. «Euskal Herrian eta beste herrialde batzuetan mainstream ekitaldi asko antolatu dira, batez ere futbolari lotutako on line txapelketak. Jakinda futbolak gizartean duen garrantzia, zulo hori nolabait bete behar zuten, eta bideo jokoak aukera bikaina izan dira horretarako», esan du Jungituk.

Txapelketa horien artean, Fifa 2020 jokoaren Euskal Liga antolatu zuten Gu Ere Bai eta Game Erauntsia elkarteek. Finala Eibarrek irabazi zuen —apirilaren 12an jokatu zuten, eta Hamaika telebistak zuzenean eman zuen—. «Pozik gelditu ginen izan zuen erantzunarekin», aipatu du Game Erauntsiko kideak. «Hamaikak ere baliabideak mugatuak zituen, kazetariak eta teknikariak etxetik ari zirelako lanean. Baina ondo atera zen».

Ibai Llanos kirol elektronikoen esatariak Fifa jokoaren txapelketa berezi bat antolatu zuen, koronabirusaren aurka dirua biltzeko. Horretarako, Espainiako Ligako hainbat futbol jokalari erakarri zituen bideo jokoan aritzeko. 180.000 euro baino gehiago biltzea lortu zuen.

Llanosen txapelketako esatariak gaztelaniaz baino ez ziren mintzatu. Euskal Ligan, aldiz, euskara izan zen hizkuntza nagusia. «Txapelketa hori aurrerapauso bat izan da hizkuntzari dagokionez». Izan ere, Game Erauntsiko kideek argi dute «erronka garrantzitsua» dela bideo jokoen streaming-etan esatariak euskaraz aritzea. Elkartean euskarazko streaming-ak lantzen ari dira, eta bide horretan zenbait ekitaldi antolatzen dabiltza. Game Erauntsian, era berean, pozik daude azkeneko asteetan webguneko bisitek gorantz egin dutelako. «Orain, bi pertsona ari gara lanean elkartearentzat, eta edukiak sortzen ari gara webgunerako. Kolaboratzaileek, berriz, itxialdiagatik denbora gehiago izan dute webgunerako idazteko. Egunean gutxienez bi artikulu ari gara argitaratzen. Mugitzen ari gara artikulu horiek, eta horrek eragina izan du». Telegrameko kanalean, berriz, zenbait proposamen jaso dituzte.

Dena den, aurrez aurrekoak ziren zenbait ekitaldi atzeratu egin behar izan ditu Game Erauntsiak. «Azkue fundazioarekin Jokoteknia jardunaldia udaberrian egin behar genuen, baina azaroan egingo dugu. Ikusi beharko da, gainera, zer baldintzatan egin dezakegun».

Game Erauntsiak Tabakalerako 2deo ikus-entzun laborategiarekin hainbat ekitaldi presentzial egiteko hitzarmena sinatu du. «Horiek aurrez aurre izatea espero genuen, baina, oraintxe bertan, dena prestatzen ari gara Internet bidez izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.