Ondarea

Etenik gabeko ibilbidea

Arantzazuko Andre Mariaren egutegiaren 75. urteurrena da aurten; 1947. urtean jarri zen martxan. Kutsu erlijiosoa mantenduz, herritarrengana hurbildu nahi dute.

Arantzazuko Andre Mariaren egutegiaren azala eraberrituz ospatu dute 75. urteurrena. AITOR SORRELUZ.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko sukalde askotan zintzilik egon ohi da Arantzazuko Andre Mariaren egutegia. Egunez egun, takoari orria kendu, eta horrela hasten da milaka etxetan eguneko jardunaldia. Gogoetak, istorioak edota orrialdearen atzealdean agertzen diren txisteak irakurtzea ohitura bilakatu da etxe askotan.

Ohiturak ohitura, aurtengoa urte berezia da: Arantzazuko Andre Mariaren egutegiak 75 urte bete ditu. Irudia berritu dute. «Pixka bat gaurkotu dugu, baina funtsean, berdina da», argitu du Joxe Mari Arregik. Frantziskotarra da Arregi, eta duela hiru urtetik, egutegia egiteko ardura du. Arregiz gainera, egutegia egiteaz arduratzen den lan taldea dago: «Dena ezin nuenez nik bakarrik egin, laguntzaileak ditut». Aurtengo takoan, kasurako, hamasei laguntzailek parte hartu dute: «Bost edo sei fraide ibili dira kolaboratzen, baina gehienak laikoak dira».

1947. urtetik etenik gabe Euskal Herriko etxeetan dago Arantzazuko abadeek urtero argitaratzen duten egutegia. Gerrak jendea «gogor» kolpatu zuenean, garaiko premiei erantzuteko eta bake giroa sortzeko asmoz sortu zuten egutegiaren ideia: «Sufritzen ari zen jendea laguntzea zen asmoa, bakea ematea, eta, horrekin batera, euskara bultzatzea».

Hasieran, Bibliako pasarteak, erlijiotik bideratutako gomendioak eta beste agertzen ziren egutegian. Hala ere, hasierako garaietatik hona, edukietan bilakaera bat eman da, eta orain, «humanizatzea» bilatzen dute: «Oraindik ere saiatzen gara erlijio kutsu hori mantentzen, baina gizarte arazoetatik gertuago gaude orain; izan ere, herritarrengana gerturatzea, pentsaraztea eta gozaraztea da gure helburua, besteak beste».

Askotariko eskaintza

Egutegiak bi alde ditu. Aurreko aldean, egunarekin eta egunaren santuarekin batera, eguzkia noiz ateratzen eta sartzen den agertzen da. Horrez gainera, egun bakoitzak zer irakurria ekartzen du, eta jendeak «oso gustuko» dituen euskal esaldiak agertzen dira aurreko alde horretan. «Euskaldun askok egun osoan euskaraz irakurtzen duten gauza bakarra da orrialdetxo hori». Atzeko aldean, berriz, «oso motzean», testu bat izaten du. Bertan, txisteak, kontakizunak, pasarteak, gogoetak... agertzen dira. «Astearekin hastea kosta egiten denez, astelehenero txiste bat jartzen dugu, astea irribarrez eta gogotsu hasteko».

Egutegi erlijiosoa izanik, igande eta jai egunetako zenbakiak gorriz markatuta agertzen dira. Gainera, egun horiez baliatzen dira ebanjelioaren «azalpentxoa» jartzeko, «jendea gaurkotuta egon dadin».

Hala ere, aurtengo egutegiakberrikuntza bat du: azalaren diseinua eraberritu dute. 25.urteurrenarekin batera, lehenengoz aldatu zuten azalaren diseinua; 50 urte betetzean, bigarrenez; eta aurten, hirugarrenez. «Aurtengoa da guztietatik dotoreena», nabarmendu du Arregik. Hala ere, ildo beretik doan diseinua da: «Arantzazuko Andre Mariaren egutegia izanik, oraingoan ere, Arantzazuko Ama Birjina agertzen da azalean».

Pandemia dela-eta, aurten ez dute egutegia hedatzeko aukera handirik izan. «Eskerrak irakurle fidelak ditugun», esan du Arregik. Durangoko azoka izan ohi da zabalkunderako lekurik aproposena, eta aurrez aurre saltzeko aukerarik izan ez badute ere, azokako antolatzaileek «oso tratu ona» eman dietela nabarmendu du Arregik. Hala ere, gaur egungo zabalkunderako medioak «askotarikoak» dira. Izan ere, ohiko liburu dendez gainera, sarean erosteko aukera zabaldu dute. Bestalde, asko dira Arantzazura telefonoz deitu, enkargua egin, eta egutegia etxean jasotzen dutenak. «Urtetik urtera mantendu beharreko ohitura da egutegia erostea, eta, ea horrela, mende bat betetzera iristen garen».

Hasierako garaietan, berriz, Arantzazuko fraideek banaketa egiteko zailtasun «asko» izan zituzten. Lehenengo zenbaki hartan 50.000 ale argitaratu zituzten, eta horietatik 25.000 saldu ziren. «Aita Dementzio Garmendia asto gainean ibili zen baserriz baserri egutegiak saltzen, eta Jose Antonio Garate zuzendaria, berriz, Lambrettabatean joaten zen herriz herri banaketa egiten». Euskal Herrian saltzeaz gainera, ozeanoa ere zeharkatu zuen egutegiak, Mexikora eta Argentinara iristeko. «Zabalkunde handia zuen».

Datorren urteari begira

Urtarrilaren 1ean ekin zion Arregik 2022ko egutegia egiteari. «Maiatzerako inprentan egon behar duenez, burua martxan jarrita daukagu dagoeneko». Momentuz, bilaketa lanak egiten eta urteko zerrenda osatzen ari dira, baina hemendik gutxira, egutegiarekin «bete-betean» sartuko dira.

Pandemiari buruzko orrialde «dezente» agertuko badira ere, bestelako gaien zerrenda ere egin dute. «Emakumearen berdintasuna datorren egutegian islatuta agertuko den gaietako bat izango da», azpimarratu du Arregik. Emakumeek egin duten lana «agerian jartzea» da beraien asmoa, eta, horretarako, hainbat euskal emakume ospetsuren biografia zatiak txertatuko dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.