Ahotsa nagusi den sare soziala

Fenomeno berria da Clubhouse. Ahotsa komunikazio tresna bakarra izanik, edozein gairi buruz eztabaidatzeko aukera dago. Oraingoz, iOSen bakarrik erabil daiteke.

Joan den urteko maiatzean jaio zen Clubhouse aplikazioa, eta, honezkero, bi milioi erabiltzailetik gora ditu mundu osoan. BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Iraultza egin nahi du Clubhouse izena duen sare sozial berriak. Orain arte, begien bitartez elkarreragitea zen boladan dauden sare sozialen asmoa: argazkien eta bideoen bitartez, besteak beste. Clubhousek, ordea, irudiak eta testuak alde batera utzi ditu, eta ahotsaren aldeko apustu garbia egin du. Izan ere, ahotsa da aplikazio horretako komunikazio tresna bakarra. Oraingoz, iOS sistema duten telefonoetan bakarrik erabil daiteke. Hala ere, foro edo areto horietan eztabaidatu ahal izateko, beharrezkoa da gonbidapena izatea.

Joan den urteko maiatzean jaio zen Clubhouse sare soziala. Paul Davison eta Rohan Seth dira sortzaileak, eta, horren aurretik, Talkshow izeneko proiektua jarri zuten abian. Podcastak modu sinplean sortzeko aplikazioa zen proposatzen zutena, baina, ez zutenez arrakastarik lortu, beste buelta bat eman, eta Clubhouse sortzea erabaki zuten.

Aplikazio berri horretan, podcastetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte sare sozialaren erabiltzaileak. Azken finean, zuzeneko mahai inguru interaktibo bat da. Horretarako, aretoa irekiko duen moderatzaile bat egongo da, eta horrek izango du jendea gonbidatzeko ardura. Hala ere, erabiltzaile bakoitzak, gehienez, bi lagun bakarrik gonbidatu ahal izango ditu.

Berezitasun ugari ditu Clubhousek, Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakaslearen esanetan: «Sare sozial honek joera aldaketa bat dakarrela dirudi; izan ere, bideoak merkatu osoa jan behar zuela zirudienean, aurpegiek garrantzirik ez duten sare sozial bat sortu dute». Sare sozialen bitartez izan zuen Goñik Clubhousen berri, baina oraindik ez du probatzeko aukerarik izan: «Ez dutiPhonerik; hortaz, momentuz, ezin dezaket erabili». Hala ere, aplikazioa probatzeko «desiratzen» dagoela aitortu du. Android telefonoko erabiltzaileek gutxienez sei hilabete inguru itxaron beharko dutela aurreratu dute sortzaileek.

Hiru profil daude: moderatzaileak, hizlariak eta entzuleak. Hala ere, mahai inguruan zehar, rolak aldatzeko aukera ere badago: «Publikoko norbaitek hitz egin nahi izanez gero, eskua altxatu, eta moderatzaileak hitza emango dio». Horrez gainera, beste erabiltzaile batzuen iritziei atsegin dut emateko aukera ere badago. Eztabaida talde horiek askotarikoak izan daitezke, edozein gairen ingurukoak. Besteak beste, kirola, politika, moda, musika eta ekonomia izan daitezke gai horietako batzuk. Gainera, kontua sortzeko unean, gai sorta zabal baten artean norbere intereseko gaiak aukera daitezke. Horrela, Clubhousek intereseko gai horien inguruko iradokizunei lehentasuna emango die. Eztabaida amaitu ondoren, berriz, taldea itxi egiten da, eta mezuak zuzenean ezabatzen dira.

Oso esklusiboa

Moderatzaile rola edonork har dezakeenez, erabaki horrek hautsak harrotu ditu erabiltzaileen artean. Hala ere, Goñiri ez zaio gaizki iruditzen: «Arriskua baino gehiago, aukera dela esango nuke». Erabiltzaile batzuen iritziz, idatzizko mezuen kasuan errazagoa da era guztietako abusuak salatzea, baina, ahots bidezko mezuekin, salaketak egitea ia ezinezkoa da. Dena dela, Goñik azaldu du Clubhouse «ardura handia» ari dela jartzen horretan, eta haien helburu nagusia honako hau dela: inor anonimo ez izatea.

Momentuz, jakin-min handia ari da pizten Clubhouse sare soziala. Gainera, erabiltzaile bakoitzak bi lagun bakarrik gonbidatu ahal dituenez, jakin nahi hori handitzen ari da erabiltzaileen artean. «Jendeari nonbait sartu ezin dela esaten zaionean, bertan egoteko gogo biziagoa sartzen zaio», esan du Goñik. Esklusibotasun horren aldeko hautua hasiera-hasieratik egin dute; izan ere, erabiltzaile mota jakin batentzat sortutako aplikazioa da: «Oso garbi izan dute zein erabiltzaile profil lehenetsi nahi zuten beren geletan, esklusiboagoa delako iPhone bat izatea, Android sistema operatiboa duen sakelako bat baino». Hortaz, alde horretatik, «arrakala bat» dagoela uste du Goñik. Dena dela, jakin-min horrek «halako puntu bat» baduela nabarmendu du, eta jende «asko» aplikazio berria noiz probatuko zain dagoela.

Denbora gutxian arrakasta handia lortu nahi dute sare sozial horretako sortzaileek, eta, honezkero, bi milioi erabiltzailetik gora ditu mundu osoan. «Potentzialitate handia ikusten dut; jendeak jakin-minez hartuko du, probatuko du, eta orduan ikusiko dugu zer norabide hartuko duen».

Audioen gorakada

Azkeneko urteetan, audio bidezko aplikazioek sekulako gorakada izan dute, eta, gainera, gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. «Audioaren iraultza gertatzen ari dela dirudi», dio Goñik. Hala ere, ikusteko dago zer-nolako bilakaera izango duen horrek: «Podcastak, esate baterako, duela urte dezente entzun genituen lehenengoz, baina oraindik ez dute eztanda egin». Hortaz, «olatu berri batean» sartzen ari garela aitortu du, baina «ikusiko da zer-nolako bilakaera duen».

Era horretako aplikazioek askotariko edukiak noiznahi eta nonahi entzuteko aukera ematen dute. «Gainera, ez duzu itxura zaindu beharrik, eta, bitartean, beste zeregin batzuk egiteko aprobetxa dezakezu». Sareko hainbat plataformatan daude eskuragarri, eta kontsumitzaileek nahi dutenean nahi dutena kontsumitu dezakete. Erosotasun «handiko» aplikazioak dira: «Gaiaren inguruan interesik ez baduzu, inolako konpromisorik gabe atera zaitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.