Moonahitik Moondurat

Bidaiatzeko «beste manera» bat sortu du Gus Elizondok. Eguneroko autoa bost minutuan autokarabana bilakatzeko kutxa kengarri bat asmatu du, mugitzea arinduz.

Gus Elizondo Ludospace motako ibilgailuei egokitzen zaizkien kutxen bi modeloekin: kanpatu eta ibiltari. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Hazparne
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Besta egiterat joan, eta alkohol sorta bat kontsumitu eta, beraz, ezin gidatuz, parkintzar batean bihurrikariaren posturetan lo gelditu beharra. Biharamunean, faktura bikoitza da: bestondoaz gain, artikulazio guziak garrasika iratzarriko baitira.

Edo bizpahiru haur dituen bikotea ez da animatuko asteburu pasa nehorat joatea, horrek dakarren azpiegituraren kargaren akidurak gibelerat igorririk: oihal denda muntatu beharra, matalaza zoko batean sartu beharra, janaria ongi kalkulatu eta bildu, deus isur ez dadin bidaia bitartean, bakoitzaren puskak prestatzea eta ahal bezala nonbaiten sartzea, loa zailduko duen zolaren gogortasuna...

Edo oihalezko dendaren erosotasuna zikoitzegia irizten diotenek hotelari dei egin nahi diote, baina sakela zulo badute, ez dira haiek ere nehorat mugituko.

Gus Elizondok asmatu die aterabidea haiei denei: hiru minutuan autoa autokarabana bilakatzea. Moondura enpresa sortu berri du: «Moondurari esker mundura joan zaitezke, eta ilargia —moon— miresten ahal duzu moonahitik». Kur-kur.

Zurgin abileziek bere buruari eskaini zioten lehenik kutxa bat: edozein Ludospace autorentzat—furgoneta ttipiak dira: Kangoo, Berlingo, Caddy, Partner, Rifter, Dokker...— balio lezakeena, haien izari estandarrak kontuan harturik.

Duela lauzpabortz urteko afera da: «Beste manera batez bidaiatu nahi nuen: leku batean ez bazara ongi, alde egin dezakezu hortik, edo, alderantziz, ongi sentituz gero, bertan luzatu. Nahi duzun tokietan geldi zaitezke, eta azken unean planifika dezakezu. Ez nuen uste enpresa bat martxan ezarriko nuenik».

Kutxa kutsagarria

Konfinamenduak baitu deus onik ere: goizez telelanean ari zenez, arratsaldeak baliatu zituen duela lauzpabortz urteko bere kutxa hobetzeko.

Hartatik, jaso zuen kutxa egiteko eskaera, iragan ekainean. Bezeroak ordainetan proposatu zionElizondoren webgunea eta logotipoa egitea: «Horrek eman zidan azken ostiko tipia enpresaren sortzeko. Neure buruaren nagusi naiz orain, eta lehen egunean greba egin nuen: martxoaren 8an». Kur- kur.

Orain arte, mantendu baitu zeukan ofizioa.

Autoa auto gelditzen denez, ez du autokarabanek bidean aurki ditzaketen poxelurik: nonahi aparka baitaiteke eta kontrol teknikoa berdin pasa. Egun guzietako autoa da autokarabana bilakatzen, bidaiatzeko bertze ibilgailurik erosi behar izan gabe, aulki guziak atxikiz.

Funtsean, mugikortasunari mugak kentzen dizkio asmaketa horrek: «Ez duzu deus erreserbatu beharrik, hotela edo beste, eta, aldi berean, barnean baduzu behar den guzia».

Noranahirat joanik ere, puskategiaren borta zabaltzearekin aski da oinarrizkoa eskura ukaiteko: kozinatzeko su ttipia, janaria begiratzeko tiraderak, kanpora tiratzen den mahaia, bi aulki gehitzeko tokia, hozkailu elektrikoa edo ez, ur erreserba, gehi daiteke dutxarako hodia eta burua. Eta, nola ez, protagonista bazterrerat utzi gabe: hirutan tolesten den ohea.

Elizondoren jakitate eta irudimenak akuilatu dute izarira egin kutxak egiten ausartzera: «Edozein autori egoki naiteke neurrira eginez, furgoneta ttipi nahiz handietara. Ikusiko gero, baina mementoz lau astean egina dut. Geroago, eskaerak metatzen bazaizkit, epea luza daiteke». Ludospacen kasuan, eskaera telefono bidez egin daiteke, izariak estandarrak baitira; bertze kasuetan, berriz, aski da behin eramatea Elizondok neurriak har ditzan.

Kutxa erantsi eta kentzen denez, Hazparne (Lapurdi) Hazketa auzoan eraikitzen ditu eskatu ahala, autoa bertan utzi behar izan gabe. Prest duelarik, aski da xerka joatea. Ikastaro tipia eskainiko du erakusteko auto hutsa nola bertzelakatu bidaiatzeko garraio. Orotarat bortz minuturekin aski da.

Deus ez baita ezinezkoa, uneotan, gutiestekoa ez den desafioa bota dio adiskideak: Peugot 205 bati dagokion kutxa asmatzea.

Asmatua jada bai, baina eraikitzen ari den bertze proiektuan sartuak ditu eskuak: break gisako auto luzeari kutxa eranstea: «Jabea klaustrofobikoa denez, ez zuen matalaza sabaiari hurbilegi nahi. Hondarrean bion artean moldatu dugu ideia: 25 cm gora da matalaza, eta eskuinean, kanpora tira daitekeen sukaldea moldatu diot: su tipia, ur bidoia eta hozkailu elektrikoa».

Hiru minutuz metamorfosia

Hala, logalea mehatxuka hasiz gero, autoaren aitzineko jarlekuak ahal bezainbat aurreratu behar dira, gibelekoak tolestu, eta barra bat aski da ateratzea ohearen euskarri gisa, zurezko taulak zabaldu ondoren, koltxoia hedatuz lo lekuak irabazia du espazio osoa. Hiru minutuko manipulazioa. Sukaldera joateko, autoaren gibelaldeko bortak irekitzearekin aski da. Ohe pean bada tokia jantzi eta zakuen ezartzeko.

Elizondok ongi irudikatzen ditu bere asmaketaren erabiltzaileak: «25-45 urte artekoei begira da proiektu hau orokorrean, baina pertsonaren arabera, asteburu batez bidaiatzeko, edo kirolarientzat, edo besta zaleentzat... Hori bai, nire publikoa euskalduna da».

Prezioak herrikoiak ditu, bi modelo hautan dira: Kanpatu eta Bidaiari; 950 euro edo euskoan sinpleena, eta 2.100 euro edo euskoan bigarrena; sofistikatuagoa: «Garestiagoa hobeki bukatua da, aluminiozko barra gehitzen baitiot izkinetan, ordenatzeko erosoagoa ere bada, tirante gehiagorekin. Orokorrean, estetikoagoa da. Hori bai, lo egiteko biak berdinak dira».

Prezio horiek arestian aipatu Ludospace estandarrendako dute balio; izarira eginak edo modelo handiagoen kasuan, aitzinkontua galdatu behar zaio.

Bere filosofiak biltzen du tokian tokikoa izan dadin: bertan erosten ditu materialak, demagun, auzo berean badu berniza ekoizlea, zura ere gipuzkoarra da, bertako diruz ordain daiteke, eta laster Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko proiektua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.