Bueltan da Gure Zirkua

Apirilaren 8an ekingo dio laugarren denboraldiari Gure Zirkuak, Errenterian. Joan den urtean ez bezala, Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoa du zirku ibiltariak.

Iker Galartza eskaileretan igota, atzean zirkuko artistak entseatzen ari direla, iazko udan, Orion. JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gogoz eta indarrez dago aurten ere Gure Zirkua, laugarren denboraldia hasteko. Errenterian (Gipuzkoa) egingo du lehenengo geldialdia, apirilaren 8an, eta hortik, Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoa dute. Aurtengo bira, gainera, luzeagoa izango da, eta herriz herriko ibilbidea apiriletik udara amaierara arte luzatzeko xedea dute. Iker Galartza da proiektuaren sortzailea, eta, haren esanetan, «denboraldiaren hasieran behintzat iazko konpromisoei heldu behar» diete.

Osasun krisiaren ondorioz, iazko urtea berezia izan zen. Gainerako urteetan ez bezala, kokaleku egonkorra izan zuen zirkuak, eta, ondorioz, aurrez lotuta zeuden herri txiki askotako emanaldiak bertan behera geratu ziren. «Jende asko iazko emanaldia ikusi gabe geratu zenez, aurten, printzipioz, iazkoaren jarraipena egingo dugu». Zirkua Orion, Arrasaten eta Tolosan (Gipuzkoa)egon zen uztailetik urtarrilera bitartean. Hala ere, guztira, 107 emanaldi ere egin zituzten, ikuskizun gehienetako sarrerak amaituta. Denboraldi hasiera honetan, ordea, iaz pandemiaren ondorioz «zintzilik» geratutako herrietara joango dira. «Joan den urtetik konpromisoa dugu hainbat herrirekin, eta, hasiera honetan, horiek bisitatuko ditugu», adierazi du Galartzak. Printzipioz, apirilaren 8tik maiatzaren 2ra arte egongo dira Errenterian, eta hortik, Bizkaira joango dira.

Aurreko hiru denboraldiekin alderatuta, «inoiz baino lehenago» hasiko dira aurten emanaldiak egiten: apirilean. «Era horretara, joan den urtean galdutako denbora berreskuratu nahi dugu», azaldu du Galartzak. Udara arte egongo dira Bizkaian, eta, ordura arte, aurreko denboraldiko emanaldi «berbera» eskainiko dute. Udan, berriz, ikuskizuna berritzeko asmoa dute, eta uda pasatuta Nafarroara joateko gogoa du Gure Zirkuak: «Aurtengo bira, ahal izanez gero, luze samarra izatea gustatuko litzaiguke».

Segurtasun neurriak bermatzeko, eta osasun agintariek ezarritako neurriak betetzeko, Gure Zirkuak beste karpa bat erosi du aurtengo emanaldietarako; iaz erabilitakoaren «ahizpa handia» izango dena. Izan ere, joan den urtekoa «ez zen oso bideragarria izan», Galartzaren hitzetan: «Karpa horrek momentuan salbatu gintuen, baina diru asko joaten zitzaigun horretan; hortaz, aurten, arriskatu egin behar izan dugu, eta karpa berri bat erosi dugu». Era horretara, edukiera erdia eta metro eta erdiko distantzia errespetatzeko aukera izango dute. Elkarren arteko distantzia fisikoa mantentzearekin batera, ikuskizunetan aireztapen eta garbitasun neurriak ere bermatuko dituztela azpimarratu du: gel hidroalkoholikoa ikusleen esku egongo da. «Pazientzia handiagoa behar da, lana bikoiztu egiten delako, baina jendeak ulertzen du egoera zein den, eta neurriak errespetatzen ditu».

Era horretako neurrien ondorioz, publikoaren berotasuna sentitzea «are zailagoa» dela aitortu du Galartzak: «Artista batek harmaila beteta ikusi nahi du, jendez gainezka. Egoera ez da batere samurra».

Izan ere, publikoari irribarrea ateratzea, liluratzea, oilo ipurdia jartzea, zirrara edota barrea eragitea lortu nahi dute emanaldien bitartez, baina pandemiak «zaildu» egin du hori: «Faltan sumatzen dut jendearen aurpegiak ikustea, irribarreak ikustea... Egoera zaila da, eta desiratzen nago publikoaren gozamen hori aurpegietan islatuta ikusiko dugun eguna iristeko». Hala ere, Galartzak azpimarratu du publikoak gozarazteko eta tarte atsegin bat igarotzeko beren esku dagoen guztia egingo dutela Gure Zirkuko partaideek.

Ereindako uztaren emaitza

Lau urte bete dira Iker Galartzak Euskal Herriko lehenengo zirku ibiltaria sortu zuenetik. Ordutik, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutu ditu Gure Zirkuak, eta, horrekin batera, hainbat herritar gozarazi ditu. Laugarren denboraldi honetan ere, horretan jarraitzeko asmoa dute. «Arrakasta ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait; atzetik lan asko egin beharra dago», nabarmendu du Galartzak.

Aurreko hiru denboraldietan 100.000 ikusletik gora bildu zituen zirku ibiltariak, eta aurten ere bide berberari jarraituko diola dirudi. Izan ere, Errenterian apirilaren 18ra arte egotea aurreikusia zuten, baina, emanaldi horietako sarrera guztiak amaitu direnez, maiatzaren 2ra arte luzatu dute Errenteriako egonaldia. «Horrenbestekoa izan da jendearen harrera eta gogoa, herritar asko sarrerarik gabe geratu baitira», esan du Galartzak. Hala ere, zirkuaren emanaldien berri izateko haien webgunea (www.gurezirkua.eus) bisitatu daiteke.

Publikoaren aldetik jasotako erantzunarekin «oso pozik» daude Gure Zirkuko kideak. «Halako egoera batean egonda, zalantza asko genituen, baina jendeak badaki gauzak txukun egiten ari garela, eta etortzeko gogoz eta ilusioz daude». Azken finean, jendea emanaldietara joatea eta tarte atsegin bat igarotzea da haientzat garrantzitsuena: «Jendea seguru sentitzea eta emanaldietara etortzea da guk behar eta nahi duguna».

Aurreko denboraldietako lantalde bera izango dute aurten ere. Dena dela, entseguak, muntaketa eta abar egiteko orduan ez da erraza izaten ari, eta «ahal den bezala» moldatzen ari dira. Denboraldia hastearekin batera, elkarrekin eta elkarlanean aurrera egitea egokituko zaie: «Zirkuan gaudenean, familia bat gara: elkarrekin gaude, eta dena egiten dugu elkarlanean».

Denboraldi berria noiz hasiko egunak zenbatzen daude dagoeneko, ilusioz beteta, eta, hain zuzen ere, ilusio hori kutsatu nahi diete koloretako karpara gerturatzen diren haur, heldu eta adinekoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.