Solasaldi artistikoa Zabalagan

Antoni Tapies artista katalanaren obrekin osatutako erakusketa ikusgai dago Txillida Leku museoan, urtarrilera arte. Artista gonbidatuen erakusketa ildo berri bat jarri dute martxan

Antoni Tapies artista katalanaren hainbat obra, Hernaniko Txillida Leku museoan ikusgai dagoen erakusketan. JON URBE / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Erakusketa lerro berri bat jarri du martxan Txillida Leku museoak (Hernani, Gipuzkoa): gonbidatuen programa. Horrela, Eduardo Txillidaren garaikide izan ziren artista esanguratsuen obrak izango dira ikusgai museoan. Tapies Zabalagan erakusketarekin abiatu dute egitasmoa, Antoni Tapies (Bartzelona, 1923-2012) sortzailearen lanen bilduma batekin, hain zuzen. Haren obrak, euskal eskultorearenak bezala, arrasto sakona utzi zuen arte moderno eta garaikidearen bilakaeran.

Erakusketa Zabalaga baserriaren goiko solairuan dago ikusgai, eta 2022ko urtarrilera arte bisitatu ahal izango da. Formatu txiki nahiz handiko hamazazpi obrak osatzen dute; 1980ko eta 1990eko hamarkadetako eskulturak dira batez ere, baina badira margolanak eta horma irudiak ere. Horrela, antolatzaileek azaldu dutenez, elkarrizketa zuzen bat sortzen da lagun izandako bi artisten obren artean; izan ere, Txillidaren piezak beheko solairuan daude kokatuta. Bi artisten lanek, elkarrekin solastatzeaz gain, baserriarekin berarekin ere hitz egiten dutela gehitu dute antolatzaileek. Jakina denez, Txillidak berak zaharberritu zuen baserria, eta bere beste obra baten moduan ulertu zuen. Antoni Tapies Fundazioaren eta Tapies familiaren bultzada izan du erakusketak, baita zenbait bilduma pribaturen maileguena ere. Lanak «estrategikoki» kokatu dituztela azaldu du Nausica Sanchezek, museoko hezkuntza arduradunak, eta erakusketa hartu baino lehen Txillidaren lanek zuten antolakuntza errespetatzen saiatu direla.

Paralelismoak

Lehenengo aldiz jarri ditu Txillida Lekuk beste artista baten lanak ikusgai, eta hainbeste urteren ondoren beste sortzaile batengana hurbiltzea «prozesu polita» izan dela aitortu du hezkuntza arduradunak. Artista katalanaren hautaketa «oso modu naturalean» egin dutela adierazi du, XX. mendeko bi arte figura handien bizi ibilbideetan dagoen paralelismoa kontuan hartuta. Izan ere, Tapiesen eta Txillidaren biografiek antzekotasuna dute zenbait puntutan; ibilbide paraleloak aurkezten dituzte, hainbat une historikotan eta sormenezkoetan bat egiten dutenak.

Erakusketan ikusgai dauden zenbait eskultura ontzeko, Tapiesek lur txamota erabili zuen, bi artisten arteko lotura gisa jokatzen duen materiala. 1981ean hasi zen Tapies teknika horren ahalmenekin esperimentatzen, Hans Spinner zeramikagilearen tailerrean. Garai hartan, artista katalanak hainbat gonbidapen jaso zituen zeramika lantzeko Aime Maegth galeristaren tailerrean, Saint Paul de Vencen (Frantzia). Txillida tailer horretako labeetan hasi zen material hori erabiltzen, eta Tapies bultzatu zuen gonbidapena onartu eta lur txamotarekin lan egitera. Orduan hasi zuen bere buztin egosien ekoizpena.

Artistaren lanen artean, egunerokotasunean erabiltzen diren objektuak daude, eta horren adibide dira erakusketan ikusgai jarri diren hainbat eskultura: zapatila bat, sukaldeko platerak eta bulegoko mahai bat, besteak beste. Buztina egosi ondoren, obra bakoitzean bere aztarnak uzteko ohitura zuen Tapiesek, ikur edo sinboloak marraztuz. Lan gehienetan aurki daiteke T hizkia, Tapies abizenarekin edo bere emaztearen Teresa izenarekin lotura duena. Zenbakiek ere presentzia handia dute lanetan. Ikur batzuek esanahi garbia duten arren, badira beste batzuk bakoitzaren interpretaziorako libre direnak eta ez dutenak esangura zehatzik.

Materialak bien arteko lotura gisa jokatzen du, baina ez da bi artistak lotzen dituen hari bakarra. Biek zituzten ezaugarri komunetako bat materialarekiko zuten errespetua da. Sanchezek azaldu du biek ikusten zutela materiala zerbait bizia zela, biak saiatzen zirela espiritualtasunera iristen, eta materialean biltzen zituztela beren printzipio filosofiko eta espiritualak. Horrek guztiak artelanen ikuspegi humanista ematen duela iritzi dio Sanchezek, eta biek artearen gaitasun eraldatzailean sinisten zutela.

Haatik, oso ezberdinak ziren lan egiteko orduan; Txillidak «dena kontrolatu» nahi zuen; Tapiesek, ordea, bere subkontzienteari uzten zion bere bidea egiten. Prozesuaren amaieran Tapiesen lanek estilo abstraktuaren itxura hartzen zuten arren, Sanchezen hitzetan «oso konkretuak eta errealak» dira.

Antolatzaileen ustez, erakusketarako hautatu dituzten lanek agerian uzten dute Tapiesen hizkuntza propioa eta bereizgarria, eta erakusketara hurbiltzen direnek haren ikonografia errepertorioa ere aurkitu ahal izango dutela nabarmendu dute.

Liburua objektu gisa

Tapiesek lotura zuzena izan zuen liburuen munduarekin: haren aitonak liburu denda bat zuen; aitak, liburutegi bat; eta artistak berak hainbat liburu ondu zituen. Hala, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako eskultura, horma irudi eta margolanez gain, 1970eko urteetako hiru artista liburu ere jarri dituzte ikusgai, Tapiesek hainbat idazlerekin batera ondutakoak: Jacques Dupinen La nuit gradissante, Rafael Albertiren Retornos de lo vivo lejano eta Joan Brossaren Poems from the catalan. Liburuak hautatzeko, Tapiesekin ez ezik, idazleek Txillidarekin zuten harremana ere izan dute kontuan, bien arteko elkarrizketari segida emanez. Tapiesen eta idazlearen arteko elkarlanaren emaitza dira liburuok: idazleen poemekin batera, horien interpretazioa egiten duten margolanak biltzen dituzte. Zerbait «magikoa» ziren artistarentzat, liburuak objektu gisa ulertzen zituelako.

Erakusketa ikusteko doako bisita gidatuak izango dira egunero, 16:00etan, eta, irailetik aurrera, baita bestelako jarduera batzuk ere. COVID-19ak «egoera mantsotu» duen arren, museoaren nahia erakusketa ildo berriarekin aurrera jarraitzea dela azaldu du Sanchezek. Hala, urtarriletik aurrera, beste artista gonbidatu baten lanak izango dira ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.