Mende laurdeneko sugarra

Bilbotarra da Deabru Beltzak kale antzerkiko konpainia, baina nazioartean ematen ditu ikuskizunik gehienak: %80 baino gehiago, hain zuzen. 25 urte bete ditu aurten.

Sua eta danborrak dira egun Deabru Beltzak konpainiaren elementurik bereizgarrienak. Irudian, Les tambours de feu ikuskizuna. DEABRU BELTZAK.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Aita santuaren izendapenean izan ezik, toki denetan dago kale antzerkia: Olinpiar Jokoetan, munduko futbol edo errugbi txapelketetan, txirrindularitza lehiaketetan...». Bederen, bazter andana batean ibilitakoa da Oscar Castaño Garbitxu, Deabru Beltzak kale antzerki taldeko zuzendaria: bost kontinentetako 46 bat herrialdetatik igaro da dagoeneko Bilboko konpainia, eta eskaini dituzten 3.000 ikuskizun baino gehiagoren artean bada, hain justu, errugbiko munduko txapelketa baten finalean egindakoa (2015ean, Erresuma Batuan), eta izan dute, halaber, 42.000 ikusleko emanaldirik ere, beste erdiespen batzuen artean.

Aurten 25 urte bete ditu Deabru Beltzak-ek, eta, horren harira, Bizkaiko hainbat udalerritan ariko dira astelehenean hasi eta irailaren 4ra bitarte, Foru Aldundiak antolatutako emanaldietan: hurrenez hurren, Zaratamo, Atxondo, Ereño, Dima, Alonsotegi, Lemoiz, Lanestosa eta Etxebarrian izango dira Les tambours de feu ikuskizunaren bertsio batekin, ohi baino formatu txikiagokoa, eta ordu erdian kondentsatua.

Euskal Herrian gazteentzako kale antzerkirik ez zelako egiten kezkatuta, hainbat taldetako kideak bildu ziren 1996an. «Sasoi hartan, Negu Gorriak modan zegoen; horren inspirazioa hartuta, Fermin Muguruzaren panpina txiki bat egin genuen, eta, teknika berri baten bidez, bizitza eman genion. Kontzertu beltza izeneko ikuskizuna egin genuen», azaldu du Garbitxuk. Elkarte gisa egin zituen konpainiak lehen urratsak, baina 1999 aldera konturatu ziren Deabru Beltzak-ek bazuela «etorkizuna», eta, horrenbestez, profesionalizatzea erabaki, eta elkartea enpresa bihurtu zuten.

Garai hartan heldu zitzaizkien atzerrian antzezteko lehen eskaintzak ere —gerora konpainiarentzat funtsezkoak izan direnak—, eta orduan hasi ziren lan propioak ekoizten. Koprodukzio bat izan zen lehenbizikoa, Teatro Inquietorekin batera ondutako Ibiltariak obra; eta, hortik aurrera, ikuskizunen formatua handituz joan dira poliki-poliki, aurrerapauso handirik eman gabe, eta elementu berriak sartzen tarteka —esaterako, dagoeneko konpainiaren bereizgarri diren sua eta danborrak Les tambours de feu ikuskizunean txertatu zituzten aurrena, orain dela 20 urte—. «Su aldetik, koordinazio aldetik, musika aldetik... aldaketa txikiak, baina asko».

Nazioarteko ibilbidea

Garbitxuren arabera, konpainiaren nazioartekotzearen mugarria 2001eko Fira Tarrega (Katalunia) izan zen. Han ezagutu zuten hamalau urtez manager izan dutena, eta hainbatetan aritu dira topaketa horretan. Frantziako jaialdiak ere aski ezagunak dituzte —atzo izan ziren Libourneko Fest'Artsen: Les tambours de feu ikuskizunaren bertsio berezi bat eman zuten konpainiaren 25 urteak eta festibalaren 30ak ospatzeko—. Eta bisitatu dituzte, orobat, Zeelanda Berria, AEBak, Hego Korea eta Kaledonia Berria ere.

Nazioartean presentzia izatea bilatu egin dutela dio Garbitxuk, baina, edonola ere, halabeharrezkoa bilakatu zaie egun. «Asko da atzerria guretzat; horretaz bizi gara, ez Euskal Herriko merkatutik». Izan ere, Deabru Beltzak-ek emanaldien %80tik gora egiten ditu kanpoan. «Askoz aitortza handiagoa dugu atzerrian hemen baino. Kanpoan, Deabru Beltzak instituzio bat da, baina etxean nahiko baztertua izaten da». Frantziara lekualdatzea proposatu zieten aspaldi, eta ezetz erantzun zuten orduko hartan. «Damutzen naiz. Orain esango balidate, baietz esango nuke».

Euskal publikoari baino, euskal instituzioei egozten die Garbitxuk egoeraren erruaren zati bat. Diru laguntzei dagokienez, uste du kale antzerkiak poltsa espezifiko bat beharko lukeela, beste diziplina batzuek duten gisa berean. «Askotan, instituzioak gutaz ahaztu egiten dira. Eusko Jaurlaritzak antolatutako lehiaketen epaimahaientzat, kale antzerkia ez da ezer; ez da antzerkia, animazioa baizik. Kale antzerkian adituak direnek juzgatu beharko gintuzkete, dantzarekin gertatzen den bezala, adibidez».

Birusak betikotutakoak

Diru laguntzen afera aspaldiko arazoa zaien arren, osasun krisiak lazgarriagoa bilakatu du egoera. «Krisialdia denentzat izaten ari da larria, baina kale antzerkia egiten dugunontzat, askoz gehiago», Garbitxuren hitzetan. Deabru Beltzak «orain dela gutxi» hasi da lanean, dioenez. Hilabete askotan ezin izan dute jo nazioarteko publikoarengana, mugak zarratuta egon direlako; baina Euskal Herrian ere ezin izan dute ezer egin. Ondorioz, emanaldi «denak» galdu zituzten iaz; 77, orotara.

Horietako hamazazpi duela gutxi estreinatutako ikuskizun batenak ziren, gainera: Symfeuny-renak. Urteetan txertatutako aldaketa txiki guztien erakusle gorena behar zuen obra berriak, formatu oso handiko ikuskizuna baita. 2018an egin zuten lehen aldiz, eta 2019an «oso ondo» ari ziren harekin, zuzendariaren arabera; hurrengo urtean, ordea, joera eten, eta ordutik ezin izan dute berriro oholtza gainera eraman. Areago, Symfeuny ostera ere interpretatu ahal izatea luze joango dela dirudi. Izan ere, Garbitxuk aurreikusten duenez, formatu txikiaren eskutik itzuli beharko dira ezinbestean plazetara. «Orain, birmoldaketekin eta espektakulu txikiekin aurrera begira gaude, gogotsu, baina kontuz ibiliz eta dena aztertuz».

Libourneko emanaldia eta Bizkaian egitekoak direnak gorabehera, 2021ean ere lehortea dagoela dio. «Dena zabalduko zen, baina aurten ere ia dena galdu dugu». Egoera lehengora itzultzen denerako taldekideak mantentzea da egun bere «ardura nagusia»: konpainiaren jabeak dira berau eta beste lagun bat, eta bost behargin dituzte kontrataturik. Horrez gain, emanaldi guztiak azken orduan ari dira ixten; jada ez dituzte luzerako kontratuak sinatzen, eta horrek galarazi egiten die plangintza bat egin ahal izatea, ez dakitelako lanik edukiko duten. Dioenez, kontratuekiko ezjakintasuna egonkortu egingo da hemendik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.