Johnny Deppek jasoko du Donostia sarietako bat 69. Zinemaldian

Aktore estatubatuarrari irailaren 22an emango diote ibilbidea aitortzen dion garaikurra. Ia berrogei urteko karreran 90 filmetan antzeztu du, John Watersen eta Tim Burtonen gisako zuzendariekin

GORKA RUBIO / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Johnny Depp aktoreak (Owensboro, AEB, 1963) jasoko du 69. Zinemaldiko Donostia sarietako bat. Ibilbide artistikoa aitortzen dute aipamen horren bitartez, eta atzo iragarri zuten nor izango den aurtengo irabazleetako bat —ohikoa izaten da edizio bakoitzean sortzaile bati baino gehiagori egokitzea—. Irailaren 22an egingo den ekitaldi batean emango diote garaikurra Deppi, eta, ondoren, Manuel Martin Cuencak zuzendutako La hija filma pantailaratuko dute, Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo dagoen lana. Irailaren 13an jarriko dituzte salgai galarako sarrerak.

1998an izan zen lehenbizikoz aktorea Donostiako Zinemaldian, Terry Gilliamek zuzendutako Fear and Loathing in Las Vegas pelikularekin —aldi hartan atzera begirakoa eskaini zioten zuzendari britainiarrari—. Iaz itzuli zen, Julien Templek gidatutako eta berak ekoitzitako Crock of Gold: A Few Round with Shane MacGowan dokumentalarekin.

Karrera oparoa du Deppek zineman: 21 urterekin debutatu zuen A Nightmare on Elm Street pelikulan (1984), eta, geroztik, 90 filmetan antzeztu, hamar ekoitzi, eta beste zenbait zuzendu ditu. Hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako, ohorezko Zesarra irabazi zuen 1999an, gizonezko aktore onenaren Screen Actors Guil Award saria jaso zuen 2004an Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl lanagatik —sei izendapen izan ditu guztira—,eta hainbatetan izan da Golden Globes sarietako ekitaldian ere: orotara, hamar izendapen izan ditu Urrezko Globoetarako, eta, 2008an, Komedia edo Musikal bateko Antzezlerik Onenaren kategorian gailendu zen Sweeney Todd: The Demon Barber of Fleet Street filmeko lanari esker.

Azkenaldian, Pirates of the Caribbean sagako Jack Sparrow kapitainaren interpretazioarekin izan du oihartzuna Deppek: 2003tik 2017ra bitartean, guztira bost ekoizpenetan aritu da pirataren larruan. Askotariko rolak antzeztu ditu, oro har: idazlea, polizia infiltratua eta bidelapurra izan da, besteak beste.

Ia lau hamarkadako bidea

Zinemaren munduan daramatzan 37 urteetan lehen mailako zuzendari andana batekin egin du lan Deppek. 1990. urtean, protagonista izan zen John Watersen Cry Baby-n eta Tim Burtonen Edward Scissorhands-en; Burtonekin lan egin zuen lehen aldia izan zen hura, eta, geroztik, zinemagile estatubatuarraren lan askotan aritu da aktorea: Ed Wood (1994), Sleepy Hollow (1999), Charlie and the Chocolate Factory (2005), Sweeney Todd (2007), Alice in Wonderland (2010) eta Dark Shadows (2012).

Watersen filmean parte hartzeak eman zion hasierako sona hamarkadako hurrengo urteetan egonkortu zuen. Izan ere, zinemagile entzutetsu gehiagok aukeratu zuten Depp haien ekoizpenetarako: besteak beste, Emir Kusturicaren Arizona Dream-en (1992) hartu zuen parte, baita Lasse Hallstromen What's Eating Gilbert Grape? (1993) eta Chocolat (2000) filmetan, Jim Jarmuschen Dead Man-en (1995), eta Mike Newellen Donnie Brasco (1997) pelikulan ere.

XXI. mendean, Sparrow piratarena egiteaz gain, beste hainbat lan ere egin ditu Deppek. Azken urteetakoak aipatzearren, Gore Verbinskiren The Lone Ranger (2013), Rob Marsallen Into The Woods (2014), Kenneth Branaghen Murder on the Orient Express (2017) eta Andrew Levitasen Minamata (2020) ekoizpenekin puztu du bere filmografia. Halaber, Scott Cooperren Black Mass (2015) lanean aritu zen, zeinak Zinemaldiko Perlak sailean parte hartu baitzuen.

Ia lau hamarkadako karrera du jada, eta hainbat izarrekin egin du topo bidean: hala nola Helena Bonham Carter, Javier Bardem, Kate Winslet eta Judi Denchekin. Alta, polemika ere izan du lagun: bost urteko harremanaren ondoren, Deppek eta haren bikotekide Amber Heardek dibortzioa sinatu zuten 2016an, eta emakumeak tratu txarrak egotzi zizkion—urruntze agindua ezarri zioten gizonari—. Akordio batera heldu ziren, baina Heardek akusazioak berretsi zituen 2018an, The Washington Post-eko zutabe batean, eta Deppek salaketa jarri zion difamazioagatik; 2022ko apirilean hasiko da epaiketa.

Aktore lanetik harago

Nahiz eta Depp antzezle gisa egin den ezagunen, zinemako hainbat ertzetan aritu da, kamera aurrean zein atzean. Film laburrak zuzendu izan ditu, eta Marlon Brando gidatu zuen The Brave (1997) pelikula luzean. Horrez gain, ekoizlea ere bada: Minamata, Martin Scorseseren Hugo (2011) eta Crock of Gold ekoitzi ditu, besteak beste —azken horrek Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen iazko Zinemaldian—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.