Sanferminak

Carlos, Camela, Cambrils

«Sanferminetan inoiz ikusi gabeko kontzertu itzel bat» iragarri zuen alkateak, baina egitarau ofizialean ez dago aparteko berritasunik. Euskarazko eskaintza, murritzagoa.

DJentzako agertokia eta barrak instalatu dituzte aurten Gazteluko plazan. Irudian, jendea dantzan Carlos Jeanen emanaldian. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
«Pamplona!», oihukatuz hasi zuen uztailaren 6ko emanaldia Carlos Jeanek. Nazioarteko artistek ibili ohi dituzten euskarazko esaldi tipiko eta maiztuenak esateko beharrik ere ez zuen sentitu DJ, publizista eta abeslari espainiarrak. «¡Vamos, Pamplona, arriba! ¡Que se caiga la plaza del Castillo!» (Ekin, Iruñea, gora! Eror dadila Gazteluko plaza!), aldarrikatu zuen agertokitik, bozgorailu erraldoietatik eurodance erritmoak burrunbaka ateratzen ziren bitartean.

Plazan zirenek txalo eta algara artean hartu zituzten musikariaren hitzak. Ez ziren festagune horren ohiko ikusleak. Izan ere, Gazteluko plaza aspalditik zen familien, adinekoen eta haurren topaleku. Aurten, baina, aurpegia aldatu nahi izan dio Enrique Maia alkateak: iglu formako agertokia paratu du mutur batean, eta hamar barra plazaren erdian, guneari Eivissa edo Cambrilseko rave baten itxura ematearren. Hori da, finean, aurtengo egitarau ofizialeko berritasun nabarmen bakarra. Gainerakoan, lehengo lepotik burua: Espainiako irrati-formulan arrakasta duten pop artistak, rap eta reggaeton dosi batzuk eta euskal musika tanta bat edo beste [aurreko urteetan baino are gutxiago, eta euskal adjektiboaren adiera ahalik eta malguenean, etiketa horrekin sailkatutako artistetako batzuek ez baitute euskaraz abesten ere].

Gidoi horri helduta antolatu dituzte, behintzat, Foruen plazako kontzertu handiak: Lola Indigok abiatu zuen emanaldi sorta hilaren 6an; ostegunean, berriz, Ptazeta eta Ms Ninaren erritmo urbanoekin gozatu zuten ikusleek; eta atzo, «euskarazko rockaren gaua» gisara aurkeztu zuen Iruñeko Udalak Iseo & Dodosound iruindarren eta Doctor Deseo bilbotarren kontzertua. Jendetza erakarri dute orain arteko hiru emanaldiok.

Nogen eta Ciudad Jararen pop eta folk doinuek goxatuko dute giroa gaur gauean. Agertoki horretan programaturiko emanaldi handiena, baina, igandekoa izanen da, La Oreja de Van Gogh talde donostiarra igoko baita taula gainera. Foruen plazako egitaraua osatuko dute Ben Yart eta Fernandocosta, La MODA eta Camelaren kontzertuek. 25. urteurrena ospatuko du talde espainiarrak Iruñean, Cuando zarpa el amor eta Nunca debí enamorarme klasikoekin.

Horiez gain, jazz doinuekin jantzi dute, beste behin ere, Konpainia plaza, eta berbenako orkestrek berreskuratu dute Antoniuttiko agertokiko protagonismoa [udalak migranteen kolektiboak handik kanporatu ostean]. Azken 20 urteetako menu bertsua, alegia.

Hala ere, iruindar askok gehiago espero zuten udalaren musika eskaintzari dagokionez. Batez ere, Maia alkateak iragarri zuenetik «Sanferminetan inoiz ikusi gabeko kontzertu handi bat» antolatuko zuela, «Rolling Stones edo Guns N'Roses-en estiloko talderen batena», aurtengoak «inoizko sanfermin bikainenak eta gogoangarrienak» izan zitezen. Azkenerako, baina, muturrekoa hartu du alkateak errealitatearen —eta gisa horretako taldeek kobratzen duten dirutzaren— kontra.

Aukerak, egitarautik kanpo

Urtero bezala, mainstream-etik kanpoko emanaldiez gozatu nahi duenak hobe du programazio ofizialetik atera eta egitarau alternatiboei erreparatzea. Herri Sanferminak egitasmoaren barruan, adibidez, Maruxak, DJ Reimy, Hofe, La petit Chenil, Kinbonbo Brass Band, DJ Mr World Wide eta DJ Kaiserren kontzertuak antolatu dituzte egunotan.

Katakrak kantinan, berriz, Black Fermin zikloa eskaintzen ari dira egunotan. Hamazazpi kontzertu izanen dira guztira: lau arratsaldez, «zezenketak kontraprogramatzeko», eta beste hamahiru, gauez: Yogurinha Borova, Katanga, Flymalo, Patxuko Nice, Raimundo el canastero, Afu eta abar.

Oinez Txokora bertaratzen direnek, azkenik, Unidad Alavesa, Galtza Gorriak, Irkaia, Kaleko Urdangak eta Trikidantz taldeen emanaldiekin gozatzeko aukera izanen dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.