Eguna, arbasoen gisa

Ekainfest jaia egingo dute gaur, zortzigarrenez, Zestoan, Ekaingo kobak eta herriak historiaurrearekin duten lotura gogora ekartzeko

Historiaurreko Olinpiar Jokoak laugarren aldiz egingo dituzte aurten. E. ALBIZU / UROLA-KOSTAKO HITZA.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Historiaurreko arbasoak, eta horiek herriari utzitako ondarea omenduko ditu, gaur, Zestoak (Gipuzkoa), Ekainfest jaiaren zortzigarren edizioan.

Ekaingo kobetan ageri diren marrazkiak ezagunak dira Euskal Herri osoan; zaldien irudiak dituztenak, bereziki. Kuaternario aroan egindako marrazki horiek garaiaren inguruko aztarnatzat hartuak izan dira, eta horiek aztertu dituztenei balio izan die orduko bizimoduaren gainean gehiago jakiteko. Bizimodu hura irudikatuko dute gaur herrian, egun guztian, haur, gazte eta helduei begira prestatu duten egitarau zabal batekin.

«Jai giro batean Ekain kobaren ingurua eta Sastarrain ibarra ezagutzera emateko» sortu zuten jaia, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearen arabera. Festa «beti oinarri beraren gainean» egin badute ere, urtetik urtera jaia berritu eta ekitaldi berriei lekua egin diete. Badira jada egitarauan egonkortu direnak ere; Historiaurreko Olinpiar Jokoak, kasurako. Laugarren aldiz egingo dituzte aurten. Zirkuitu bat egongo da, eta parte hartzaileek hainbat probatan lehiatu beharko dute. Historiaurreko ehizatzeko moduarekin, orduko margoekin eta jantziekin lotuta egongo dira proba horiek, besteak beste.

Jaia egun osoan

Egun osoko jaia izango da gaurkoa, baina goizeko eta arratsaldeko ekitaldiak bi gunetan banatu nahi izan dituztela azaldu du Mendizabalek. Ekainberrin eta Sastarrain bailaran izango da zer ikusi gehien goizean. Ekainberrira eta Lili jauregira doako bisitak egin ahalko dira, 11:00etatik aurrera. Gainera, Aritza Villaluenga komisarioak Ekainberrin ikusgai dagoen Hartzak Gipuzkoan erakusketaren gaineko azalpenak emango ditu. Horrez gain, Sastarrain Baserri Eskolako zalditegiko pottokekin tailerrak eta jokoak egingo dituzte.

Zestoako herrigunean ere izango da zertaz gozatu. Bertatik Ekainberrira eta Sastarrain bailarara joateko txu-txu trena jarriko dute, eta horixe izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Bestalde, herriko ostalariek ere bat egingo dute jaiarekin, eta, Ekainfest Pintxo Tour izenarekin, pintxo bereziak eskainiko dituzte.

Irrien Lagunak ere izango dira Zestoan. Ikuskizun berezia egingo dute, 18:30ean. «Historiaurrearekin loturiko gidoi berezi bat» prestatu dute, Mendizabalek aurreratu duenez. Eguna amaitzeko, burruntzian erretako arkumea dastatu ahalko da. Giroa alaitzeko, Zestoako trikitilariak kalerik kale ibiliko dira.

Kanpotik etorritakoek Zestoako herria eta inguruak ezagutzea eta, bestalde, herritarrek jaian parte hartzea bilatzen dutela azaldu du Mendizabalek. Bigarren helburu hori ez dute lortzen, «beste jai herrikoi batzuetan adina», alkateak onartu duenez; eta, beraz, horixe dute erronka.

Ekainfest

Gaur, egun osoan zehar, Zestoako herrigunean, Ekainberrin eta Sastarrain bailaran (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.