Banka turismoaren galerietan

«Usaian ez bezalako» turista kopuru batek hartu ditu barnealdeko bazterrak oro. Nafarroa Behereko Banka da fenomenoa bizitzen ari diren herrietako bat.

Erregina hotel-jatetxeak sekulako lana du aurtengo udan; apairuez gain, gela guziak mukuru beteak ditu. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Banka
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ez gara horretarako eginak: sobera da. Jende prestua da, baina gehiegi. Halere, kontent gara, aurten ez baitakigu zer gertatuko den; noiznahi zerratzen ahal da dena. Igual, azken egunak dira: nork daki?», erran du Xabi Bidartek, Erregina hotel-jatetxearen jabeak, maska ahoan, platoa eskuan.

Bankak (Nafarroa Beherea) karrika nagusi bakarra du, behetik gora doana, arrunt maldan, zango mendizaleen plazererako on.

Zakua bizkarrean, mendiko botak jantzita, hiru gazte eta gurasoak 45. ibilbidea egitera doaz: Gathuli-Koskoroi. Baigorriko herriko (Nafarroa Beherea) kanpinean egoiliar dira, Poitou-Charentesetik (Okzitania) jinak: «COVID-19agatik gara etorri, ez baikenuen etxetik asko urrundu nahi, eta ez nahi ere jende soberakinik. Haurrei ere erakutsi nahi genien Euskal Herria zer den».

Abiatu dira herriaren magalean dagoen Olhaberria ostatu-museotik beheiti. Taberna zeharkatu beharra da museorat heltzeko. Mathieu Etxeberri historialari bankarra bisita egiteko aiduru da: «Bankak bi historia ditu: Erdi Aroko zerri eta kabala hazkuntza, Kintoan, eta meategien historia, erromatar garaitik XIX. menderainokoa». Kintoko parte baita Banka, zeinaren izena heldu baita ordaindu beharreko zergatik:bortz zerritik bat.

Katixa Dolhare zinegotzi bankarrak azpimarratu du Banka herri gaztea dela: «Herria XVIII. mendean garatu da, meategien inguruan». Olhaberria museoa bisitatu dute aita-alaba bretainiarrek; horrek ditu harritu: herriaren meategien ondareak: «Zinez interesgarria da».

Etxeberrik oroitarazi du herriak ez dituela bazter guziak ikusten uzten: «Jende gehiena paisaia eta gastronomiarentzat heldu da; haatik, meategiak pean dira, ongi gorderik». Handik kobrea ateratzen zuten. Erromatarrek 800 metroko lurpeko galeria bat zulatu zuten, baina, IV. mendean, utzi egin zuten. XVIII. mende arte ez ziren berriz ere lotu, kilometroak eta kilometroak lurpean zulatuz. «Teknika izugarri zaila zen, beti urez beterik baitzen, horregatik ekarrarazi zuten Alemaniatik ura xurgatzeko makina bat; hori gabe ezin izanen zuketen egin», erantsi du Dolharek.

Han dauden anai-arreba batzuek makinaren maketari botoia sakatu diote, zeinak ludikoki erakusten baitu lurpeko kobrea nola erauzten zuten hain sakonetik, errekaren petik. 1793an, espainiarrek desegin zituzten kobrea transformatzeko lantegiak oro, aldudarren laguntzaz. XVIII. mendean, burdina transformatzen hasi ziren: kanoiak eta kanoi bolak. Horretarako, deseginiko lantegi horiek altxarazi zituzten, metala Arrosatik (Nafarroa Beherea) jinaraziz, gero Baionako porturat igortzeko. Labe garaia da bide bazterrean zutik baratu den haien lekukoa.

Bertako ondarea partekatu

Europako proiektuaren barruan, meategiak ikusgarriago bilakatuko dira ondoko hilabeteetan, XVIII. mendeko galeria bat bisitagarri eginen baitute. «Ideia da bertako historia berreskuratu eta bertakoekin partekatzea, ez baitezpada turismoari begira», xehatu du Dolharek. Gainera, Etxeberri hiru dokumental grabatzen hasi da Kanalduderekin: «Meategietako arkeologoen lanaz, kobrearen garraioaz, eta ikerketaren bilakaeraz. Museoan ezarriko ditugu behin bururatuta».

Museotik jalgirik, karrika hertsitik gora, bi haur paristar jostetan ari dira latsagian. Aita ondoan dute jarririk: «Zernahi ikusi dugu landetxe baten atzemateko; kasik amore eman dugu. Baina, azkenean, bai: lortu dugu! Mendira joateko beharra genuen».

Erregina hotel-jatetxeak ematen dio bukaera karrikari. Bisitan jin den urepeldar bat ongi ohartua da turismoaren aurtengo gorakadaz: «Bide ttipi horietan zernahi luxuzko auto ikusten ditut. Inolako errespeturik gabe. Bide nagusia ere autoz betea da. Harritzekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.