Landare esneen iraultza

Itziar Bartolomek eta Antton Monfortek esne begetala egiteko etxetresna bat asmatu dute: Chufamix. Lidl supermerkatuen aurkako epaiketa irabazi dute: enpresak produktua plagiatu du.

Itziar Bartolome, etxetresnaren asmatzaileetako bat, Chufamix eskuetan duela. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Behar baten ondorioz sortu zuten Chufamix Vegan Milker etxetresna. Itziar Bartolomek eta Antton Monfortek hortxata etxean egiteko modu bat bilatu nahi izan zuten. Aurkitu zuten modua, eta arrakasta lortu du munduan. Lidl supermerkatu kateak antzeko tresna bat merkaturatu zuen, eta Bartolomek eta Monfortek salaketa jarri zioten, plagioagatik: epaiketa irabazi dute.

Monfortek aspalditik egiten zuen hortxata artisaua Monorxata izeneko bere enpresan, Valentzian (Herrialde Katalanak). Jendeak oso gustuko zuen hortxata hori, eta bezero askok galdetzen zuten txufa etxera bidaltzeko aukerarik ba ote zegoen. Prozesu hori «zoramen» hutsa zen: hortxatak ez du egun asko irauten; beraz, hotza bidali beharra zegoen, bezeroarengana egoera onean irits zedin. Baina arazo bat zegoen: hortxata egitea oso merkea den arren, bidalketaren kostua ekoizpenarenaren bikoitza izatera irits daiteke. Ez zen errentagarria.

Helburua, beraz, argi zegoen: etxean hortxata artisaua egiteko modua bilatu beharra zegoen; Bartolomek esan duen moduan, «etxean laranja zukua egingo bagenu bezala». Bartolome eta Monforte buruari bueltak ematen hasi ziren: lantegian edaria egiteko sistema formatu txikian nola gauzatu jakin nahi zuten.

Lortu zuten: etengabe probak eginez, azkenean, forma eman zioten hainbeste desiratutako etxetresnari. Lau elementuz osatutako tresna bat sortu zuten: lehenengoa, ontzia, bertara txufa esnea erortzeko; bigarrena, banbuzko estalki bat, edaria ondo kontserbatzeko; hirugarrena, motrailua, txufak azken tantaraino zukutzeko; azkena eta laugarrena, iragazkia, txufa esnea iragazteko. Belgikan sortu zuten Chufamixen lehen prototipoa.

Etxetresnak ondo baino hobeto funtzionatzen zuen, eta asmatzaileei ideia bat otu zitzaien: zergatik ez proba egin, txufaz gain, beste hazi batzuekin? Alacanten (Herrialde Katalanak), esaterako, hortxata almendrekin egiten dute. Emaitza izugarria izan zen: «Gure proiektua lan global bat bilakatu zen, lan lokal bat izateari utzita», oroitu du Bartolomek. Oloarekin, arrozarekin, intxaurrekin, almendrekin... edozerekin funtzionatzen zuen. Ate berri bat ireki zitzaien une horretan.

Produktua ekoizteko garaia iritsi zen. Lagun batzuen enpresaren eta ingeniari baten laguntzarekin lortu zituzten lehen Chufamix aparatuak. Ekonomikoki, Monforteren Monorxata enpresak eman zien bultzadatxoa. 2012ko abuztuan atera zituzten Chufamixen lehen aleak: 500, hain zuzen. Urte hartako irailean, Arrasateko (Gipuzkoa) azoka ekologikora eraman zituzten ale batzuk, eta azokara joandakoen harrera «itzela» izan zen. Euskal Herrian izan zuen arrakasta ikusirik, pauso bat ematea erabaki zuten: Nurenbergeko azoka ekologikora (Alemania) joan ziren beste 1.000 alerekin. Azoka hori munduko garrantzitsuenetako bat da.

Alemaniako azoka horretan ere lortu zuten arrakasta: jendetza joan zen Chufamix ezagutzera. Geroztik, munduan zabalduda etxetresna. Nurenbergeko azokan, kontaktuen zerrenda luzea egin zuten, eta, horri esker, banatzaileak lortu zituzten munduan zehar: AEBak, Argentina, Maroko, Mexiko... 40 herrialdetara iritsi da asmakizuna.

'Lidl auzia'

2017ko udan, Chufamixek borroka gogorra hasi zuen Alemaniako Lidl supermerkatu katearen aurka. Supermerkatu katearen udako eskaintzen katalogoaren lehen orrian, Chufamixen berdina zen produktu bat ageri zen, berrikuntza gisa: Ernesto Veggie Milk Maker.

Antzekotasunak harrigarriak ziren; plagioa agerikoa zen: formatua, elementuak, kutxa... dena kopiatu zuten, baita argibideen liburuxka ere. «Gure prezioa guztiz apurtu zuen», azaldu du Bartolomek; izan ere, Lidlek 9,99 euroan saltzen zuen produktua, eta benetako Chufamixek 35,90 euro balio ditu. Lidlen salmenta prezioa Chufamixen ekoizpen kostua baino askoz ere baxuagoa zen. Ezinezkoa zen horrekin lehiatzea.

Monfortek eta Bartolomek neurri legalak hartzea erabaki zuten: salaketa bat jarri zuten, eta epaileak tramiterako onartu zuen. Sententzia atera bitartean, Lidlek ezingo zuen kopia hori saldu Espainian eta Hego Euskal Herrian. Oraindik ere instrukzio fasean dago kasua. Alemanian ere neurri judizialak hartzea erabaki zuten, eta, hainbat tirabira eta gero, ekainean arrazoia eman zieten: Lidlek Chufamix plagiatu zuen.

Bitartean, multinazionalaren hainbat dei jaso zituzten: Chufamix erosteko eskaintzak ziren. «Huskeria bat ziren zifrak, enpresa isilik eta zintzo mantentzeko». Lidlek Monforte eta Bartolome auzitara eraman zituen: Chufamix zapaltzeko beste saiakeretako bat. Lidlen esanetan, Chufamixen patentea gaizki egina zegoen. Epaileak arrazoia emanez gero, patentea ezeztatu, eta Lidlek lasai asko saldu ahal izango zuen kopia. Baina ez zen hala izan: Espainiako patenteen bulegoak patentea ondo zegoela egiaztatzen zuen txosten bat egina zuen.

Gogorra izan zen prozesua asmatzaileentzat. 2017tik 2019ragalera ekonomikoak izan zituen enpresak, eta, gainera, fisikoki zein emozionalki ere kalteak eragin dizkie gaiak. Baina argi zuten:«kikildu eta geldi geratu beharrean, aurrera egin genuen».

Itxaropentsu ageri da Bartolome orain: «Gure balioekin aurrera jarraitzen dugu, eta ikusi dugu gero eta jende gehiagok sinesten duela gugan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.