Goiza, txakolinetan

Getariako Txakolina jatorri izeneko hamalau upategitako txakolina dastatu ahal izango da gaur, Azpeitian, Txakolin Egunean

Getariako Txakolina jatorri izena duten 31 upategietatik hamalau izango dira Azpeitian. AIORA LARRAÑAGA / UROLA KOSTAKO HITZA.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Eguraldi beroak lagunduta, eztarriak txakolin freskoarekin bustitzeko parada izango da gaur, Azpeitian (Gipuzkoa). Bigarren aldiz egingo dute Txakolin Eguna, udalak eta Getariako Txakolina jatorri izena duten upategiek elkarlanean antolatuta. Guztira, hamalau upategik parte hartuko dute. Bertaratzen direnek bost euroren truke kopa bat eskuratu ahalko dute, eta kopa horrek bost txakolin dastatzeko aukera emango die.

Iaz antolatu zuten lehenengoz Txakolin Eguna Azpeitian, eta egun haren atarian antolatzaileek jada agertu zuten jaia hurrengo urteetan errepikatzeko asmoa, dastatzea arrakastatsua izanez gero, behintzat. Plaza Nagusia obretan zela eta, Perez Arregi plazan egin zuten jaia. 700 kopa inguru saldu zituzten, eta «nahikoa arrakastatsua» izan zen eguna, Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko festa batzordeburuak azaldu duenez.

Jatorri izenaren barruko upategiek jaiari segida eman nahi izan diote aurten ere, eta, horretarako, udalarekin harremanetan jarri zirela azaldu du Ibarzabalek. Logistika kontuez eta giroa alaitzeko ekitaldiak antolatzeaz arduratu da, batez ere, udala, eta bestelakoak upategien esku izan dira. 11:30ean hasi, eta 14:30era arte izango da txakolina hartzeko aukera. Bitarte horretan, jai giroa nagusituko da plazan, eta, hori hala izan dadin, musikarik ez da faltako, trikitilarien eta Aire Ahizpak taldearen eskutik.

Beste tokiko produktu askok bezala, Getariako eta inguruetako upategiek ere badute asmoa euren produktua inguruko herrietara zabaltzeko. Gaurkoa bezalako ekitaldiak antolatzeko eskaria ere handia da, jatorri izeneko kideek udalari bilera batean jakinarazi ziotenez. «Azaldu ziguten herri askotatik deitzen dietela, eta, hori dela eta, irizpide batzuk ezarri behar izan zituztela». Euren produktua zabaltzeko, «herri handi xamarretara» jo zutela adierazi du Ibarzabalek, eta tartean zen Azpeitia. Izan ere, badu lotura Azpeitiak txakolinarekin, Ibarzabalek adierazi duenez. «Gure herrian asko edaten den edari bat da».

Pintxoak, lagungarri

Txakolinarekin batera, mokadutxoa ere egin ahalko da Plaza Nagusian. Karlos Ibarrondo sukaldari taldeko kideek bildotsa erreko dute burruntzian, plazan bertan, eta bertatik 8.000 pintxo inguru ateratzea espero dute.

Bildotsaz gain, gazta pintxoak ere egongo dira eskuragarri. Bost gaztandegitako gazta pintxoak izango dira; guztiak ere Idiazabalsor-markakoak, Ibarzabalek aurreratu duenez. Gazta osoak ere erosi ahalko dira, plazan jarriko dituzten postuetan. Bildotsaren pintxoak 1,5 euroan egongo dira salgai, eta gaztarenak, berriz, euro batean.

Azpeitiko II. Txakolin Eguna

Gaur, 11:30etik 14:30era, Azpeitiko Plaza Nagusian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.