Bestak Altsasun

Txirrindularitzari esker onez

Gaur hasi, eta datorren asteartean bukatuko dira Altsasuko festak. Herriko bestetan txirrindularitza proba antolatzen duen taldeak botako du besten hasierako suziria

Altsasuko txistulariak, goizeko kalejiran, duela bi urteko bestetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Errutinara itzultzeko garaia izaten da etxe anitzetan irail hasiera; Altsasun (Nafarroa), ordea, errutina egun batzuk atzeratu, eta festan murgilduko da herria. Gaur hasiko dira festak, eta, datorren asteartera arte, musika eta giro ona izango dira nagusi herriko kaleetan. Festa usaina aitzineko egunetan ere izan da Altsasun; alta, «eztanda nagusia» gaur eguerdiko hamabietan izango da, suziria jaurtitzearekin batera. Altsasuko txirrindularitza taldeak botako du etxafuegoa, eta, ondotik, herriko kale guztietara zabalduko da besta, 108 orduz.

«Ez genuen espero. Eskertuta eta pozarren gaude. Altsasuar gisa, ilusioa egiten digu suziria botatzeak, gehienbat ikusten duzulako herriak eskertzen duela urtean zehar egiten duzun ahalegina. Gurekin oroitzen direla erran nahi du horrek». Felix Mazkiaranen hitzak dira; hura izango da, Miguel Angel Montesinorekin eta Eliseo Gorosperekin batera, aurtengo txapligua pizteko arduraduna. Altsasun, urtero, udal talde bati egokitzen zaio jai hasierako etxafuegoa botatzea. Aurten Gero Bairen txanda zen, baina horiek Altsasuko txirrindularitza taldeari eman diote ardura. Altsasuko festetan txirrindularitza proba antolatzen ibili diren hiru belaunaldi batuko dira festei hasiera emateko.

90 urte beteko ditu aurten txirrindularitza probak, eta, Altsasuko bestetan klasiko bat izateaz gain, txirrindularitza munduan ere aski ezaguna da. Hori nabarmendu du Mazkiaranek: «Profesionaletarako jauzia egiteko proba garrantzitsua izaten da. Bertzeak bertze, Alejandro Valverdek eta Mikel Nievek irabazi dute». Aurten, igandean jokatuko da, eta 120 txirrindularitik gora bertaratzea espero dute. Mazkiaranek nabarmendu du aurten Euskal Herriko taldeez gain atzerriko bi talde ere gonbidatu dituztela. Lasterketa aitzinera eramateko, ehun boluntarioren laguntza izango dute.

Lan handia izaten da lasterketa antolatzea. Gainera, antolaketak dakarren arduraz gain, aurten suziriarekin batera erran beharreko hitzak prestatzeko ardura ere badu Mazkiaranek. Dagoeneko prest du aitzinetik zer errango duen: «Bestak ongi pasatzeko errango dut, beti errespetuz. Eta, noski, festaz gozatu ezin duten zortzi gazte altsasuarrekin ere oroituko gara». Suziria lehertzearekin bat piztuko da festa Altsasun. Musikak hartuko ditu karrikak. Altsasuko gaiteroak, txistulariak eta erraldoiak kalez kale abiatuko dira, baina baita mutil gazteak txaranga eta peñen txarangak ere. Herrian zehar itzulia eginen dute, musika txoko guztietara eramanez. Arratsaldean ere, izanen da zer egin. Haurrentzako antzerkia izanen da seietan, Irrien Lagunak taldearen eskutik. Ondotik, kalejira izango da erraldoiekin. Hala ere, unerik bereziena iluntzean izango da. 21:40an, urtero bezala, Altsasuko zortzikoa dantzatuko baitute. Datozen egunetan ere egunero dantzatuko dituzte zortzikoa eta larrain dantza.

Aldarrikapenak ere bai

Udalaren egitarau ofizialaz gain,peñek eta herri mugimenduak bere egitarau propioa antolatu dute aurten ere. Gaur bertan hasiko da egitarau alternatiboa. Eguerdirako, elkartasun bazkaria antolatu dute, eta, arratsaldeko kalejiraren ondotik, gauerdian Tttek elektrotxaranga ibiliko da kalez kale. Eguna bukatzeko, Aiaraldea Sound Sistemen kontzertua izango dute.

Aldarrikapenak ere lekua izango du Altsasun. Larunbaterako, manifestazioa antolatu dute, lelo honekin: Balda eta Imanol herrian eta libre erasoen aurrean elkartasuna eta antolakuntza. Aurten, gainera, lehen aldiz kuadrilla eguna ospatuko dute, astelehenean. Altsasuko kuadrillen artean harremanak sortzea da helburua. Horretarako, kuadrillen bazkaria,olinpiadak eta playback lehiaketa egingo dituzte, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.