Loinatz jaiak Beasainen

Danborrak jaso eta lapikoak astintzera

Beasaindarrak bete-betean dabiltza Loinatz jaietan. Jesus Larrañaga elkarteko kideek sukaldaritza lehiaketa antolatu dute
Bareak elkartekoek irabazi zuten iaz lehenengo plater onenaren saria.
Bareak elkartekoek irabazi zuten iaz lehenengo plater onenaren saria. GOIERRIKO HITZA

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko maiatzak 17
Iritsi dira beasaindarrak Loinatz jaien bigarren erdira. Maiatzaren 10ean ekin zieten jaiei, baina oraindik ere gogotsu daude festarako. Ekintza ugari dituzte bigarren asteburuan ere; tartean, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa. Jesus Larrañaga Kultur Elkarteak antolatu du, eta etzi egingo dute. Maiatzaren 25ean amaituko dira Loinatz jaiak.

«Festetako ekintza politenetakoa da lehiaketa». Hori uste du Eneko Parra Gerrikok, elkarteko kideak. Herriko elkarteek txandaka antolatzen dute lehiaketa, eta oraingoan Jesus Larrañagari egokitu zaio. Osasuntsu dago lehiaketa: «Azken urteetan bizpahiru elkarte gehiago animatu izan dira». Hamabi inguru izango dira aurtengoan ere. Larunbatean egingo dute, San Martin plazaren azpian, 10:00etan.

Besaingo elkarteek bi plater prestatzen dituzte sukaldaritza lehiaketan. Aurten, barazki menestra eta bakailaoa bizkaitar erara prestatu beharko dituzte, Jesus Larrañaga elkarteko kideek hala erabakita. «Garaiko baratzeko produktuekin egiteko egokia da menestra», azaldu du Parrak. Bakailaoa, berriz, pil-pil erara prestatu izan dute aurrekoetan. Aurten, bizkaitar erara egitea erabaki dute.

Elkarte bakoitzean, lau sukaldarik har dezake parte gehienez. Eurek eramaten dituzte platerak prestatzeko osagaiak: «Guk osagaien zerrenda egin dugu. Elkarte bakoitzak erabakitzen du zer eraman. Zerrendan ez dagoen osagairik ezin dute erabili», azaldu du Parrak. Jatetxeetako sukaldariek edo sukaldaritzaren bueltako sei lagunek osatuko dute epaimahaia. Haiek erabakiko dute zein diren plater irabazleak.

Danborrak astinduta

Parrak azaldu du larunbata egun ederra izaten dela: «Eguna biribiltzen hasteko modu ederra da lehiaketa». Hala ere, ez du sukaldari modura parte hartuko, laguntzaile modura baizik. Lehiaketa ikustera doazen herritarrentzako pintxoak prestatzen eta banatzen arituko da. Esan du ohitura hori zabaltzen ari dela elkarteen artean. Amaitukoan, berriz, bazkaria egingo dute elkartean.

Sukaldaritza lehiaketa antolatzeaz gain, Jesus Larrañaga elkarteko kideek Loinatz jaietako danborradan ere parte hartzen dute. Beasaindarrek joan den larunbatean astindu zituzten atabalak. Jaietan astebete badaramaten arren, zertaz gozatua badute oraindik Loinatz jaietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Izaro Zinkunegi Barandiaran

Informazio osagarria