Paperezko deiadar bat horman

Jaia ate joka dela dioten kartelez betetzen dira kaleetako hormak, herri zein hirietako festak hurbildu ahala. Sarri, herritarrek aukera izaten dute kartela bozkatzeko, baina herritarren epaia ez da beti aldeko izaten, kartelgileen ustetan; bada aitortza jasoagoa eskatzen duenik.

itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Kartel batek deiadar bat izan behar du horman, geldiarazi egingo zaituena». Hori abiapuntu, festak iragartzeko kartela jaiak iragartzeko deiadar bat da, paperezko deiadar bat horman. Kaletik doan oinezkoa gelditzea lortuko duen, ez duen lortuko, hori jokatzen du kartel on batek, Iñaki Fernandezen esanetan (Uharte Arakil, Nafarroa, 1956). 1990eko hamarkadan ekin zion jaietarako kartelak sortu eta eskura aurkitzen zituen lehiaketetara bidaltzeari. Berak ere ez daki zenbat lan aurkeztu dituen denera; «ehunka» dio. Zenbat aldiz irabazi duen ere ezin du zehatz esan, baina badaki 400 baino gehiago izan direla; Nafarroan lortu izan du lehen saria gehienetan —Tuteran, Tafallan, Zangozan, Barañainen, Zizurren...—, baina beste askotan baita Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan eta Espainian ere. Horrela, kartelgile entzutetsua bihurtu da inguruan: «Badakizu, betikoa: hamaika saltsatan parte hartzea gustatu izan zait betidanik, margotzea... Baina beti hasten nintzen eta hor geratzen zen, ezertara iritsi gabe. Kartelaren lanak, aldiz, hasitakoa amaitzera behartzen zaitu. Gero sariak datoz, eta gaitz bat bihurtzen da ia-ia».

Aratz Zubiak (Bermeo, Bizkaia, 1983) hiru urte daramatza jaietarako kartelak egiten, eta harra barrura sartu zaio dagoeneko. Zortea izan du, gainera, orain artean; Bermeoko eta Mungiako (Bizkaia) jaietarako kartelekin lortu ditu aurreneko sariak. Bartzelonan egiten du lan, publizitate agentzia batean, eta Herrialde Katalanetako hainbat herritan ere ari da parte hartzen. «Duela hiru urte arte, diseinu artistikoaren alorreko gauza txiki batzuk egiten nituen, baina, laneko giroak kutsatuta, pixkanaka gehiago ikasten hasi nintzen, eta 2015eko Bermeoko jaietan bigarren geratzeak jarraitzera bultzatu ninduen». Ordutik du harra, eta oraintxe bertan bi lehiaketetarako proposamenak ditu esku artean: sorterriko jaietakoa, Bermeokoa, batetik; eta Bilboko Aste Nagusirakoa, bestetik. Azaldu du ez diela berdin heltzen batari ala besteari. «Bermeokoan, jendeak kartelean ikusi nahi lukeena islatzen saiatzen naiz, baita topikoetatik aldentzen ere, eta beste ikuspegi bat ematen». Bilborako lanean, bestalde, orain arteko kartelak aztertzen aritu da lanari heldu aurretik: «Ongi aztertu ditut, eta zerbait gehitzen ahalegindu naiz. Horrenbeste urte eta gero, ahal den neurrian kartelari balio gehigarri bat eranstean dago gakoa; gehitzea norberaren ikuspuntua edo esperientzia behintzat, esango nuke».

Zubiak ordenagailuz egiten du kartela, hasi eta buka. Aita margolaria eta eskultorea du, eta, izatekotan, «zenbait ilustrazio egiteko laguntza» eskatzen dio hari. «Baina hori gero digitalizatu, eta hortik aurrerakoa beti ordenagailuz egiten dut». Gaur egungo kartelgileen joera orokorra hori dela dio Fernandezek; hala egiten amaitu du hark ere azken urteetan: «Hasi, pintzelekin hasi nintzen, pinturekin, gero collagea... Baina ordenagailuz egiteko garaia iritsi zenetik, hartara egokitu behar izan dut».

Halaxe egiten du lan Begoña Zuazok ere (Algorta, Bizkaia, 1967). Are, kartela modu digitalean aurkezterik ez bada, ez du parte hartzen lehiaketetan: «Fisikoki aurkeztea oso garesti irteten da. Ekonomikoki, ez du merezi».

Zuazo kartel «garbien» aldekoa da, eta hain justu horrek egiten du huts askotan jaietako karteletan, haren iritziz. «Ez dakit zergatik, herriko jaietan oso kartel kargatuak egiteko joera dago; estetikoki nahiko baldarrak sarri. Baina jaietako kartel bat beste edozein lan bezain dotorea izan daiteke». Iruñeko San Fermin jaietako kartelak dira horren erakusgarri harentzat: «Landuak eta dotoreak». Donostiako Aste Nagusiko kartelak ere kartel «eredugarritzat» jo ditu Zuazok, eta zenbait herri txikitakoak eta auzotakoak jarri ditu beste muturrean: «Batzuekin, beldurtuta geratzen naiz».

Beste edozeren gainetik, kartelak «jaiak iragarri» behar ditu, Zuazorentzat. «Eta, horretarako, irudiak bat etorri behar du iragartzen denarekin», aipatu du. Zubiaren hitzetan, «poztasuna eta energia positiboa» dira elementu ezinbestekoak. Eta, horretaz denaz gain, Fernandezentzat tokian tokikoa ezagutzeak du garrantzia. Beti ez da erraza, baina, ituan jotzea. Iruñeko San Fermin jaietako kartelerako, esaterako, urteak daramatza proposamenak aurkezten, baina ez du gaur arte saririk lortu, eta arantza hori baduela onartu du: «Bestelako prestigio bat du, eta diseinatzaile profesionalak ere aurkezten dira. Hor tekla egokia jotzea konplikatua da».

Zuazok ohartarazi du «plagio kasuak» ugariak direla jaietako kartelen lehiaketen barruan maila jasoagoa izan dezaketen artean: «Nahiko sarri agertzen dira kopia hutsak diren kartelak, beste herriren batean irabazle izan diren kartelen kopia hutsak diren lanak. Oro har, zaila da horiek atzematea, baina ikaragarria da». Eztabaida horrek nekatu xamar dauka Zubia, aldiz. Kasu asko oso argiak izan direla aipatu du, baina, oro har, «mugarik ez duen hitz bat» iruditzen zaio plagioa: «Erraztasun handiarekin erabiltzen da plagio hitza, eta ez dio mesederik egiten egileari».

Parte hartzearen ifrentzua

Edozeinek aurkez dezake kartela hiriko zein herriko jaietarako. Eta edozein herritarrek eman dezake gero bere bozka, kartel gustukoenaren alde. Gehienetan, lehiaketa sistema baten bidez antolatzen da kartelaren hautaketa, inoiz gutxitan estudio bati edo profesional bati egindako enkargu bidez. Eta horrek prozesua parte hartzaileagoa eta merkeagoa egin arren, emaitza kaskarragoa ekarri ohi du, Zuazoren ustez: «Oso ona da jendeak bozkatu ahal izatea. Baina horren alde txarra da kartela ez bada ona, oharkabean igarotzen dela. Ez naiz karteletan bereziki aditua, baina urteak daramazkit honetan lanean, eta, teknikoki, ikaragarria izaten da batzuetan». Hala, Zuazok dio epaimahaikideen artean diseinuko profesionalak ere egon beharko liratekeela, baina herritarren iritziari ere leku bat eginda: «Kontua ez da herritarrek ez dakitela baloratzen. Askok esaten dutenaren kontra, denok ulertzen dugu, eta lan batek ez badizu ezer esan, eskubide osoa daukazu hala adierazteko. Kartel batek arreta deitu behar dizu, hori da funtsezkoa».

Hortik jo du Fernandezek ere: «Kartel bat, azkenean, edukia nabarmentzeko dago. 100 metroan hamaika kartel egon daitezke, eta zuk bakarrik hiru ikusi: ez hiru daudelako, hiru on daudelako baizik». Halere, kartel «on» hori nabarmendu dadin, lehiaketak antolatzeko modua aldatu beharra ikusten du hark ere: «Ez nago batere ados herri epaimahai batek soilik epaitzearekin. Nik nahiago dut nire lana profesionalek epaitzea, eta ez herritarren bozketa batek. Arriskatzen baduzu, ia seguru herritarretan bozketa batek ez duela baloratuko». Gainera, parte hartzea nahiko baxua izan ohi dela aipatu du Fernandezek: «Lau katuk hartzen dute parte askotan. Mila buelta ematen dizkiozu kartelaren ideiari, zerbait berritzailea egiteko, betikotik aldentzeko... Eta etortzen da herri epaimahai bat, eta zureak egin du».

Zubiak bi aldeak ikusten dizkio sistema parte hartzaileari. Alde baikorra aipatu du aurrena: «Uste dut gauza polita dela herriko jaietan kartela ere herrikoia izatea, parte hartzearen bidez aukeratua, bakoitzak bere proposamena bidaltzea eta bozketa bidez aukeratzea. Hori da jaietan bilatzen den gauzetako bat. Profesional-profesionala izanez gero, badaude jotzeko beste ate batzuk». Eta alde onaren ifrentzua, ondotik: «Kartel on baten kaltetan, proposamen ahulago batek irabaz dezake, herriak hala nahi izan duelako. Pena ematen du, herriak beti ez dakielako asko diseinuaz, baina, bere iritzia hori bada, aurrera».

Badago eragina duen beste faktore bat: kartelgilearen ospea edo babes soziala. Sare sozialetan ere neur daiteke hori, Zubiaren hitzetan: «Facebooken edo beste euskarri digitaletan lagun gehien dituenak boto gehien eskuratzen ditu. Horrek ez du irizpide artistikorik; nor den ezagunena, haren kartelak irabazteko aukera gehiago du. Eta hori ez da ona herriarentzat, ez diseinatzaileentzat, ez parte hartzaileentzat».

Zenbat inporta du kartelak?

Hala festen atarian nola behin festa egunetan, herritarrek kartelari garrantzia ematen dioten, ez dioten ematen, ez baiezko argirik, ezta ezezko borobilik, erdibideko zerbait dela diote kartel egilek. «Gero, jendeak benetan ez dio ematen honetan gabiltzanok ematen diogun adinako garrantzirik, argi dago; baina komunikabideetan agertzen denean zein kartelek irabazi duen, horrek bai, sortzen du kartelaren gaineko eztabaida jendearen artean», azaldu du Zuazok. Prozesu parte hartzailea da, hain zuzen, kartelaren gaia jendartera zabaldu eta ikusgarritasuna ematen diona, Zubiaren ustetan.

Egitarauarekin batera, Zuazok beste modu bat aipatu du kartela ikusgarri egiteko: «Polemika bilatzea». Hori antzeman du berak behintzat, hainbat urtez, Bilboko Aste Nagusiko kartelaren bueltan. «Lana gustatuko zaizu ala ez, baina modu horretan kartelak ahoz aho amaitzen du. Azkenerako, askoz gehiago zabaltzen da kartelgilearen lana, eta horrekin jende gehiago ere joan daiteke festara, hori baita, azken buruan, honen helburua».

Kartelen egileek diote azkar iraungitzen den sormen lan bat dela. Aurkeztutako lekuan irabazten ez badute ere, «birziklatzen den sormena» dela diote; batean saririk atera ez duen ideiarekin konbentzituta egonez gero, sortzaileak ideia findu eta beste lehiaketa baterako moldatzen du.

Pantailaz inguratutako gizartean hormetan itsatsitako kartelek indarra zertxobait galdu ahal izan dutelakoan da Fernandez. Baina ez erabat: «Beste komunikazio modu bat da. Lehen, hormetan soilik zeuden, eta orain baita saren eta sakelakoetan ere. Agian, jende gehiagorengana ere iristen dira egun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.