Bestak Altsasun

Herrian errotutako erraldoiak

Gaurtik aitzinera erraldoi bikote berria izango dute Altsasun; goizean, ongietorria egingo diete. Helburua da Altsasuko erraldoiak bertako tradizioan oinarrituak izatea

Momotxorroa eta sorgina erraldoiak 2012ko bestetan dantzan. LANDER FDZ. ARROIABE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bertze herri anitzetan bezala, Altsasun (Nafarroa) ere bada bestan falta ezin den protagonistarik: erraldoiak. Atzo atera ziren bestetan lehenengoz kalera, suziria botatzearekin bat. Gaur ere kalejira eginen dute herrian, baina gaurko kalejira berezia izanen da, lehen aldiz bi erraldoi berri dantzatuko dituztelako. Kalejiran atera aitzinetik, 11:30ean ongietorria eginen diote erraldoi bikote berriari: Kintoa eta Kintari.

Sei erraldoi dantzatu dituzte Altsasun orain arte: 1940ko hamarkadan sortu zituzten bi errege-erregina bikote, eta 1992. urtean sortutako momotxorroa eta sorgina. Gaur plazaratuko dituzten bi erraldoi berriekin, zortzi erraldoi izango dituzte Altsasun; alta, erraldoi zaharrenak momentuz erabiltzeari uztea da asmoa. Helburua lau erraldoi dantzatzea da, eta laurek Altsasuko ohitura eta tradizioekin zerikusia izatea. Hemendik aitzinera, aurten 28 urte beteko dituzten momotxorroa eta sorgina bikotea eta gaur plazaratuko dituzten Altsasuko Kintoa eta Kinta erraldoiak dantzatuko dituzte. Altsasun Santa Agedan ateratzen diren kintoen itxura izanen dute, haien jantzi tipiko eta osagarri eta guzti.

Urte luzez, Altsasuko jende talde batek dantzatu ohi zituen erraldoiak. 2002. urtean, ordea, talde horrek bere jarduna eten zuen, eta bederatzi urtez Altsasuko Udalak Iruñeko jendea kontratatu zuen erraldoiak ateratzeko. 2011. urtean Altsasuko peñek egindako deialdiaren ondoren erabaki zuen Jesus Guzmanek erraldoiekin ateratzea. Lauk ekin zioten hasieran, eta geroztik jendea batu zaie. Egun, hamabi pertsona ibiltzen dira erraldoiekin dantzan, horietatik hiru emakumeak. Hala ere, taldeko kide kopurua handitu nahi dute, horregatik Guzmanek altsasuar guztiei deia egin die taldera batzeko:«Adin eta genero ezberdinetako edonor gonbidatu nahi dugu gurekin dantzatzera. Ez da adin edo indar kontua, gogo kontua da. Edozeinek egin dezake».

Altsasuko bestetan ez ezik, urtean bertze bi aldiz ere dantzatzen dituzte erraldoiak: urriko ferietan eta maiatzaren 1ean. Erraldoiekin atera ahal izateko, beharrezkoak izaten dira entseguak. Guzmanek kontatu duenez, besten aitzinetik hilabete lehenago-edo hasten dira prestatzen: «Beharrezkoa izaten da dantzak entseatu eta erraldoiaren azpian ordu anitz sartzea. Udako jardunetik kanpo, urtean zehar hiru astetik behin batzen gara entseatzeko». Entseguez harago, Guzmanek ez du uste erraldoiak dantzatzeko abilezia berezirik behar denik: «Badago jendea dantzari izan dena, baina, berez, erraldoiak dantzatzeko ez da beharrezkoa. Hutsetik hasten gara, mugimendu errazak ikasiz, pixkanaka, egun dantzatzen ditugun dantzak ikasi arte. Guk dantzatzen ditugunak nahiko errazak dira».

Egun berezia izango da gaurkoa, erraldoi bikote berriaren ongietorrian belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartuko baitira. Gainera, erraldoi berriak Altsasuko kintoak direnez, kintoek dantzatzen duten zortzikoa ere dantzatuko dute ekitaldian. Horren ondotik, kalejira egingo dute Altsasuko kaleetan barrena.

Denentzako ekintzak

Erraldoien ongietorriaz gain, bertze ekintza andana izango dira datozen egunetan Altsasuko bestetan. Egunari ekiteko, txistulariek dianak joko dituzte, eta, herriari itzulia egin ondoren, Udalbatza aterako da haiekin. Erraldoien ongietorria izango da gero, eta eguerdian herri bazkaria eginen dute, Zalandi frontoian. Arratsaldean, pilota partida eta musika kontzertua izango dira. Egunari amaiera emateko, kontzertuak izango dira, karpan. Bestak asteartera arte izango dira Altsasun. Astelehenean, bertzeak bertze, kuadrilla eguna egingo dute, eta asteartean, bestak bukatzeko, petardo sorta bat botako dute, eta peñek azken kalejira egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.