Zinemaldiko lehen fotogramak

Ozon, Kawase, Bartas, Vinterberg, Kulumbegashvili eta Sato dira Donostiako 68. Zinemaldiko Sail Ofizialerako baieztatu dituzten lehen sei zuzendariak

Zinemaldian izango den Thomas Vinterberg zuzendari daniarraren Druk/ Another round filmaren fotogrametako bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Heldu dira Donostiako 68. Zinemaldiko Sail Ofiziala osatuko duten pelikula multzoaren lehen fotogramak. Lehian izango diren sei zuzendariren izenak aurreratu dituzte antolatzaileek, eta egile ezagunak daude tartean. Iragarri dutenez, Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileen lanik berrienak ikusi ahalko dira atal horretan, eta, haiekin batera, beren lehen lanak erakutsiko dituzte Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato errealizadoreek ere. Irailaren 18an hasiko da jaialdia, eta Woody Allenek Donostian bertan filmatutako Rifkin's Festival komedia erromantikoak emango dio hasiera programazioari. Egitarau osoaren lehen irudi bat baino ez dira hauek guztiak, halere.

Ziurgabetasunez betetako urtea izaten ari da hau zinemagintzarentzat, eta nabarmen eragin die egoerak jaialdiei ere. Cannesko zinema jaialdian estreinatzekoak ziren orain Donostian izango diren hainbat lan, esaterako, baina pandemiaren eraginez, antolatzaileek jaialdi hura bertan behera utzi, eta, horren ondorioz, zenbaitentzat Donostiakoa izango da lehen jendaurreko proiekzioa.

FRANÇOIS OZON
Éte 85 / Summer of 85r


Ezagun du Zinemaldiaren aparra François Ozonek (Paris, 1967). Urrezko Maskorra eta Gidoirik Onenaren Epaimahaiaren saria irabazi zituen 2012an Dans la maison filmagatik, eta, besteak beste, Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta Une nouvelle amie (2014) filmekin lehiatu da aurrez ere Donostian. Été 85 / Summer of 85 lanarekin egongo da orain berriz ere Sail Ofizialean. Nerabeen arteko maitasun kontuak dira pelikularen ardatza. Itsasontziarekin izandako istripu baten ondoren, itotzeko zorian dabil Alexis gaztea, baina David izeneko mutilak salbatuko du. Hala hasiko da 1985eko udan kokatutako maitasun istorioa.

NAOMI KAWASE
Asa Ga Kuru / True Mothers


Naomi Kawasek ere (Nara, Japonia, 1969) maiz parte hartu du Donostia Zinemaldian, eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango da berriz ere, Asa Ga Kuru / True Mothers filmarekin; ume bat adoptatzea erabaki duen ama baten eta ume horren ama biologikoaren artekoak dira pelikularen funtsa, eta familiaren esplorazio bat da lana, jaialdiko arduradunek azaldu dutenez. Aurrez, haren Genpin (Fipresci Saria, 2010) eta Vision (2018) filmak lehiatu izan dira Donostian, eta, bestela ere, Perlak sailean eta 2010ean ez-fikziozko zinemagintzari zein 2015ean Japoniako zinema independenteari eskainitako atzera begirakoetan ikusi ahal izan dira haren lanak.

SHARUNAS BARTAS
In The Dusk


Sharunas Bartasen kasuan (Siauliai, Lituania, 1964), In The Dusk filmaren erabateko estreinaldia eskainiko du jaialdiak. Aurrez ere egona da Cannesen, Berlinen, Venezian eta Locarnon, eta zinema jaialdien zirkuituan egile ezaguna da, beraz, lituaniarra. Donostian ere ikusi ahal izan da haren lana, 2014an Europa ekialdeko zinemagintzari eskainitako atzera begirakoaren barruan. Besteak beste, Frost eta Eurazijos aborigenas / Eastern Drift (2010) filmak zuzendu ditu, eta II. Mundu Gerraren ondorengo sobietarren okupazioa hartu du oraingoan gaitzat In The Dusk lanean, erresistentziako talde baten borrokari buruzko drama bat osatzeko.

THOMAS VINTERBERG
Druk / Another Round


Antolatzaileen hitzetan, Danimarkako azken hamarkadetako zinemagilerik esanguratsuenetako bat da Thomas Vinterberg (Kopenhage, 1969), eta haren Druk / Another Round filma proiektatuko du jaialdiak. Esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du lanak: uste dute lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute euren buruak zabaldu eta sormena areagotuko dutela.

DEA KULUMBEGASHVILI
Dasatskisi / Beginning


Orain arte film laburrak egin ditu, nagusiki, Dea Kulumbegashvili (1986) georgiarrak, eta, besteak beste, Cannesko zinema jaialdian estreinatu ditu haietariko batzuk. Dasatskisi / Beginning du fikziozko lehen lan luzea, eta Donostian proiektatuko dute lehenengoz. Jehovaren lekuko batek eta haren familiak bizi duten jazarpena kontatzen du filmak. Georgiako herrixka txiki batean bizi den komunitateari eraso egingo dio talde estremista batek, eta bere ordura arteko mundua nola suntsitzen den ikusiko du Yanna komunitateko buruaren emazteak.

TAKUMA SATO
Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?


Takuma Sato da (Akita, Japonia, 1989) Zinemaldiko Sail Ofizialean izango den beste zinemagile berria. Don't Say That Word! (2014) filma izan zuen lehen lana, eta hainbat sari jaso zituen hari esker Tokioko Pia zinema jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bigarren film luzea du orain Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?, eta hura aurkezten izango da Donostian. Telebistak gizon bat biluzik zebilela korrika egiten grabatu ostean, haren bizitzak izandako aldaketak kontatzen ditu pelikulak. Zehazki, Namahage egunean harrapatu zuten Tasuku, mozkortuta. Egun horretan, ogro mozorrotuta ibiltzen dira gizonak etxez etxe, haurrak ikaratu eta urte osoan txintxo portatu daitezen agintzeko. Telebistak hartutako irudiek ihes egitera behartuko dute Tasuku, ordea, herria eta tradizioa lotsagarri uzteagatik. Bi urte geroago, herrira itzuliko da bere emazte ohiarekin eta alabarekin gauzak konpontzen saiatzeko, baina egoera oso gogorra aurkituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.