Ondarea gordetzen 25 urtez

Gorbeiako parke naturalak 25 urte bete ditu, eta ospatzeko eguna antolatu dute gaur. Bertako ondare natural eta kulturalaz gozatzeko aukera egongo da.

Gorbeiako parke naturala, ondare kulturalaren zein naturalaren gordeleku ez ezik, jarduera ugariren leku izan da historikoki. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hasiera gatazkatsua izan zuen arren, mende laurdena bete du Gorbeiako parke naturalak. Hori ospatzeko, festa bat egingo dute gaur, Sarriako (Araba) parketxean, goizeko bederatzietan hasita. Haren zaindari den Gorbeia mendi tontorra ere Euskal Herriko gailurren artean erreferenteetako bat da. Hala ere, magalean baditu zenbait gune gozagarri: larre berdeak, mila koloretako basoak edota animaliak aurki daitezke parkean. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ere jarduera garrantzitsuak dira.

Fernando Camara Gorbeiako parke naturaleko zuzendaria izan da 22 urtez, iaz erretiratu zen arte. Esan du parkearen sorrera nahiko «gatazkatsua» izan zela, eta garai hartan arazoak egon zirela: «Sektore pribatu bat zegoen, lur pribatuak zituena; uste zuten parke naturalak eragina izango zuela haiengan». Hala ere, nabarmendu du hasierako alarma gorri hura ez zela piztu. «Jendea konturatu zen ez zela horren larria parkearen sorrera».

Hala, 1994ko ekainaren 21ean,duela 25 urte, ingurua Gorbeiako parke naturala izatera igaro zen. Camara, berriz, bi urte geroago izendatu zuten bertako zuzendari, 1996an. Parke natural guztien helburua bertako ondarearen mantenua da, eta hori gogoan egin dute lan Gorbeiako kasuan ere. «Parke naturalak ez ditu aldaketa asko izan; alderantziz, bertan zegoen ondare naturala, kulturala zaindu da», nabarmendu du Camarak. Izan ere, gaineratu du ondare handia gordetzen duen txoko bat dela; hain zuzen ere, Gorbeiako «altxorren gordelekua».

Egun, Joseba Carreras da Gorbeiako parke naturaleko zuzendaria; Camararen lekukoa hartu zuen 2018an. Hark esan du parke naturaleko ondare naturala eta etnografikoa ezagutu ahal izateko bi ibilbide egingo direla gaur, goizeko bederatzietan hasita. «Gorbeia ingurua ondare natural eta etnografikoaren gordeleku izan da, ongi mantendu da bertakoa dena». Horrez gain, atzoko, gaurko eta biharko artzaintza oinarri duen dokumentalaren aurrerapena ere izango da beste ekintza azpimarragarri bat, 13:30ean. Izan ere, oinarrizko jarduera izan da mendeetan zehar Gorbeia mendiko magaletan.

«Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza oso garrantzitsuak dira; oraindik badira sektore horiei esker bizi diren zenbait herritar», esan du Camarak. Eta, gaineratu duenez, Arabako edo Bizkaiko aldean izan, sektore batek edo besteak garrantzi gehiago edo gutxiago izan dezake. Izan ere, bi lurralde horietan banatzen da parke naturala. Are, lur pribatuen eta publikoen arteko banaketa ere gogoan izan du. Carrerasek, berriz, bat egin du zuzendari ohiak esandakoarekin: «Abeltzaintza, batik bat artzaintza, historikoki gailendu da; omenaldi bat egingo dugu hori oroitzeko». Hain zuzen ere, erretiratuta dagoen artzain bat eta hasi berria den gazteago bat omenduko dituzte. «Belaunaldi aldaketa irudikatzeko helburua dugu», esan du zuzendariak. Horrez gain, nabarmendu du Gorbeiako gainontzeko artzainak ere omenaldira gonbidatu dituztela. Baita inguruetako nekazariak eta baso zaintzaileak ere.

Urteurreneko ospakizuna

Gorbeiako parke naturalak 25 urte bete zituen ekainaren 21ean, baina ospakizun handiaren eguna atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek. «Udal hauteskundeetako gobernuak eratzearekin batera gertatu zen urteurrena, eta, beraz, ez zen posible izan ekitaldia egun horretan egitea», esan du Carrerasek. Gainera, ekitaldi instituzionala izanik, agintariek ezinezkoa zuten bertara gerturatzea. Beraz, erabaki bat hartu behar izan zuten: hogeita bosgarren urteurreneko festa urtean zehar ospatzea.

Gaur izango da egun handia, eta denboraren kapsula, berriz, ekitaldi instituzionaleko protagonista nagusienetako bat. Zuzendariak jakinarazi duenez, Bizkaiko eta Arabako hainbat agintarik parte hartuko dute, eta helburua da 25 urte barru, 2044. urtean, kapsula berriro irekitzea. Besteak beste, aldizkari eta egunkariak sartuko dituzte, Gorbeiako kontu ugari biltzen dituztenak. Horrez gain, momentuan ateratako argazki bat ere sartuko dute, Polaroid kamera batekin ateratakoa.

Ekimen instituzionalaz gain, ordea, Carrerasek azaldu du egongo dela publiko «zabalago» batentzako zer egina ere. Goizeko bederatzietan, bi ibilbide egongo dira: bata, naturalistikoa; bestea, etnografikoa. Esaterako, 36ko gerrako lubakiak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horren ostean, habia kutxak eraikitzeko tailerra egongo da, 10:30ean. Artilea lantzeko edo sendabelarrak egiteko interesa dutenek ere izango dute aukera, tailer bana eskainiko baitute Sarriako parketxean. Txikienentzat, berriz, jolasgunea egongo da basoan; ingurumeneko objektuak izango dituzte jolas lagun. Azkenik, ekitaldi instituzionalaren ondoren, pintxo-potea egingo dute, egunari amaiera emateko. Gainera, Carrerasek nabarmendu du tokiko produktuak dastatzeko aukera egongo dela han.

Beraz, mendi gogoz dagoenak badu aukera, gaur, Gorbeiako parke naturalera gerturatu eta bertan antolatu diren ekintzez gozatzeko. «Azken urte honetan ingurua zaintzeko egin den lana izugarria da, eta balantze oso positiboa egiten dut», esan du Camarak. Eta gaineratu du hura ere bertan egongo dela, ekitaldian parte hartzen. Carrerasek, berriz, ekintzetan parte hartzeko dei egin du, leku «magiko» hura ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.