Ondarea

Sagarraren jaia, uzta ondorena

Ekoizpena altua izan da aurtengo sagarraren uztan, baina apur bat atzeratua dator sagarra. Bihar ospatuko dute Sagar Uztaren Jaiaren egun handia Astigarragan, goizetik hasita

Sagar Uztaren jaiaren aurkezpen ekitaldia, asteartean, Astigarragan. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
Astigarraga
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Udazkeneko lehen egunekin bat iritsi da Astigarragako (Gipuzkoa) Sagar Uztaren Jaia, eta, jaiarekin batera, aurtengo sagar uztaren lehen datuak ere iritsi dira. Felix San Sebastian Fruitel elkarteko lehendakariaren arabera, «urte oso ona» izan da: «Kalitate oneko sagarra da, baina aurreko urtean baino apur bat atzeratuagoa». Asteartean azaldu zituen 2019kouztako sagardo sagarraren heldutasunaren datuak, Sagar Uztaren Jaiaren aurkezpenean: «Aurtengo datuak 2017ko uztara inguratuko direla esatera ausartzen naiz, duela bi urteko garai historiko horretara; oraindik ez ditugu datuak, baina esperantza hori dugu».

Loraldia luzea eta oparoa izan dela azpimarratu du, eta udaberri euritsuak eta uda beroak sagar kantitate eta kalitate ona ekarri dutela. Hala, sagasti askotako adarrak eta enborrak hautsi egin dira, eta sagarren neurria ere joan den urtean baino txikiagoa da. Irailaren bigarren astean egin dira urtez urteko kontrolak, sagarren egoera zein den jakin ahal izateko. «Joan urtearekin alderatuta, apur bat beranduago heltzen ari dira sagarrak, aste bat beranduago, gutxi gorabehera», adierazi du San Sebastianek. Hala, azken egunetan zifrak mugitzea espero dute; izan ere, geroztik eguzki asko eta euri apur bat egin du, eta gerta litekeena da sagarrek azukre apur bat gehiago irabazi izana.

Hain justu, Sagar Uztaren Jaia ospatuko dute Astigarragan, lau egunez,eta, aurtengo sagarraren uzta goratzearekin batera, sagarraren kulturaz gozatzeko aukera izango da. Jai maitea da herritarrentzat; hala adierazi du Xabier Urdangarin alkateak: «Astigarragan hemeretzigarren urtea du Sagar Uztaren Jaiak, eta esango nuke festa maitea dugula herrian». Hala, sagarra izango da jaiaren protagonista, baina jaia antolatzeko bidelagun asko izan dituzte prozesuan: «Sagarra da protagonista, baina, jaia aurrera ateratzeko, Astigarragako talde, elkarte eta eragile askok euren aletxoa jarri dute». Ostegunean hasi zen jaia, baina biharkoa da egun nagusia. Lehen egunean, esaterako, bisita gidatu bat egin zuten museoan, azken urteetan herrira joan direnentzat. Urdangarinek esan duenez,«astigartarron jaiak Astigarragara datozenen festa ere izan behar du». Horregatik, gonbidapena bidali zieten guztiei, haren hitzetan, «Astigarragan hain kutuna eta maitea dugun festa hau etorri berriek ere bere egiteko».

Ekitaldi nagusia, bihar

Lau eguneko jai egitarau zabala biribilduko du igandeak. Bihar izango da egun nagusia, besteak beste, 2019 uztako lehen muztioa dastatzeko aukera izango delako. Aurten, gainera, berrikuntza bat gehitu dute egitarauan; izan ere, aipamen berezia egingo zaio Julen Lizeaga sagar ekoizleari, sagardo sagarraren alde eginiko lanagatik.

«Ez dugu sagardogintzaren kultura bakarrik zaindu nahi, sagarraren kultura ere zaindu nahi dugu, eta pertsona asko aritzen dira sagarra hobetzen, sagarrak hobeto nola jaso asmatzen, sagarrak eta sagastiak zaintzen; iruditzen zaigu katebegi horrek ere behar duela aitortza bat», adierazi du Urdangarinek.

Goizetik hasita, egitarau zabala izango da egun osoan. 11:00etan hasiko dira ekitaldi handietako bi: sagarraren azoka eta sagarren muztioaren elaborazioa. Sagarraz gozatzeko parada izango da lehena; besteak beste, sagarren erakusketa, herriko baserritarren produktuen salmenta, saski eta txertaketa erakustaldiak, sagar marmelada tailerra eta sagardo sagarren dastaketa izango baitira. Muztioaren elaborazioan, berriz, sagar dantza eta kirikoketa ikusi, eta familiako kideen artean sagar biltzean, jotzean eta zanpatzean parte hartzeko aukera izango da. Ondoren, muztio dastaketa eta topa herrikoia egingo dira, herri bazkaria egin baino lehenago. Bazkaldu ostean, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa eta afizionatuen pilota partida ikusi ahal izango dira.

Sagar Uztaren jaia antolatzeko, baina, beharrezkoa izan da herritarren lana: «Elkarteok ilusio handia dugu jaia antolatzeko; herri mugimendua sendo dabil Astigarragan», adierazi du Antton Arka herriko kultur taldeen ordezkariak. Hala, elkarlanean egin nahi dute jaiaelkarteek, eta, Arkak adierazi duenez, «urrats txikiak» egiten ari dira sagarrak herritarrei ezagutarazteko ibilbidean: «Sagar Bira antolatu dugu, baina plazari ere beste janzkera bat emango zaio». Ilusio handiz ari dira lanean, urte osoko uztaren ondorena eta sagarra osagai nagusi duten produktu askoren hastapena baita jaia: «Ilusio handiz egiten dugu lana elkarteok, Astigarragan osatu den Astigarraga eta Sagardoa kolektiboa osatzen dugun guztiok, sagardoa eta sagarra guztiona baita, eta horri eutsi nahi diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.