Euskarari arnasguneak sortuz

Errigoraren Agerraldia taldeak umeentzako euskarazko ludoteka gehiago jarri ditu Nafarroa erdialdean eta hegoaldean: 11 herritan zeuden lehen, eta hemezortzitan orain.

Aurtengo ludoteken programazioa azaroaren 8an aurkeztu zuten, Tafallan. ERRIGORA TALDEA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ager vasconum izena eman zioten erromatarrek baskoien lurraldeko barnealdeari. Eremu hartako biztanleen bereizgarri nagusia haien mintzaira zen: euskara.

Mendeek beste noranzko baterantz eraman dituzte bertako bizilagunen hizkuntza praktikak, eta, egun, euskarak Nafarroa erdialdean eta hegoaldean duen presentzia, tamalez, oso txikia da. Beharrizan horri erantzuteko sortu zen, hain zuzen ere, Errigoraren Agerraldia: Nafarroako lurralde horretan euskararen kaleko erabilera hauspotzen duen talde eragilea. Bultzada lan horren azken adibidea umeentzako euskarazko ludotekak dira.

Iaz 11 herritan abiatutako proiektu horrek gorakada izango du 2022an. Izan ere, zazpi herri batu dira zerrendara: Andosilla, Antzin, Irunberri, Sartaguda, Oteitza, Abartzuza eta Viana. Euskararen erabilerarekiko konpromisoa beste urte batez berretsi dutenak, ostera, hauek dira: Azkoien, Allo, Erriberri, Garinoain, Caparroso, Castejon, Sesma, Lodosa, San Martin Unx eta Mendigorria.

Agerraldiak tankera ugaritako dinamizazio eta sustapen lanak egiten ditu, denak euskararen eta kulturgintzaren inguruan. Ludotekenak piztu du, hain zuzen, ilusiorik handiena Nafarroako eremu horretako bizilagunengan.

Espazioon sorrera eta koordinazio lanetan parte hartu dute, besteak beste, Errigorako kide Peru Aranburuk eta Sortzen guraso elkarteko koordinatzaile Marta Diez Napalek. «Nekeza da euskarazko ludotekak martxan jartzeko prozesua, hainbat arrazoi direla medio: batetik, herri bakoitzak ume kopuru jakin bat duelako, eta herririk herri aldeak dudelako biztanle kopuruari dagokionez; bestetik, eremu geografiko horretan euskararekiko atxikimendua ez delako beste batzuetan bezain errotua», haien ustez.

Azaroaren 8an plazaratu zuten ludoteken aurtengo programa, Tafallan. Aurkezpen ekitaldi hartan, denetariko hezkuntza ereduetan diharduten umeak elkartu ziren Ene Kantak-en ikus-entzunezkoaren inguruan, euskarazko doinuak ikastetxeetatik kalera ateraz. Aurkezpen ekitaldian, gogoan izan zuten Errigoraren aurtengo udazkeneko kanpaina: 15.500 elikagai saski saldu dituzte, eta salmentatik ateratako 235.000 euroko etekinak bultzada eman dio euskalgintzaren egitasmoari Nafarroan.

Antolatzaileak itxaropentsu ageri dira, beraz, 2022ra begira. Errigorakin, Sortzenguraso elkartearekin, Ikastolen elkartearekin eta AEKrekin elkarlanean, agenda zabala gorpuztu dute, eta ludotekak agenda horren ardatz esanguratsuenetako bat izatera iritsi dira.

Herriak egiten du herria lelopean, Aranburu eta Diez Napal orainetik etorkizunera begira daude: «Haurren euskararen egungo erabilerak etorkizuneko euskararen erabileraren mapa irudikatuko du; badira nahikoa motibo, hortaz, gaztetxoenekin lan egiteko», diote.

Ludoteketan diharduten talde eragileek oinarrizko hiru helburu dituzte: euskararen ezagutza bultzatzea, euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko jarrera baikor eta inklusiboak indartzea. Espazio horiek, horrenbestez, bete-betean bat egiten dute xedeokin: «Funtsean, euskara arlo akademikotik kalera ateratzeko eremuak dira», Aranbururen arabera.

Umeei ezartzen zaien baldintza bakarra euskaraz mintzatzea da. Abiapuntu horrekin, «haur talde bakoitzaren nortasunera egokitutako denetariko jarduerak» egitendituzte, Diaz Napalen hitzetan. Talderik aktiboenek mugimenduarekin lotutako jarduerak egiten dituzte, fisikoagoak; multzo mantsoagoek, berriz, irakurketak, eskulanak eta gisako ariketa «pausatuagoak».

Emozioak ardatz, garaiotan

Aurten, berrikuntza gisa, emozioen kudeaketa ere landuko dute ludoteketan. «COVID-19ak sortutako pandemia egoerak zinez gogor eragin die gizarteko sektore guztiei, haurrak barne. Horrenbestez, oso garrantzitsua da umeei haien sentimenduak kudeatzeko lanabes egokiak ematea», Diez Napalen ustez. Horretarako, ludoteketan beharrean ibiliko diren begirale guztiak alor horretan formatu dituzte.

Ez dute umeen adinaren araberako zatiketarik egin: «Euskararekiko hurbiltasuna eta atxikimendua sentitzen duten haurren kopurua oso murritza da Ager aldeko herrixketan; biztanle nukleoak eurak ere txiki-txikiak dira». Hortaz, 3 eta 12 urte bitarteko umeekin egingo dute lan ludoteketan, baina «tokian tokiko egoeretara» moldatuko dira.

Lan eskerga handitu egin zaie, eskariak ere gora egin duen seinale. Herrien zerrenda 11tik hemezortzira mardultzea horren agerkaria da. Aranbururen ustez, «zantzu oso ona da, argi eta garbi erakusten duelako euskaltzaletasunarekiko sentsibilizazioa ere gora egiten ari dela». Herri batzuetan, gainera, bi talde sortu behar izan dituzte, eskakizunaren gorakada kari.

Epe ertainera,ludoteken bideragarritasuna independentea izatea gustatuko litzaieke bi kudeatzaileei: «Bihar Agerraldia edo Errigora existituko ez balira ere, ludotekek beren kasa aurrera egitea nahiko genuke». Zidor horretan, baina, Nafarroako hizkuntza politikek garrantzi oso esanguratsua dute: «Tafallako ludotekak, esate baterako, udalaren diru laguntza jaso zuen, eta, horrela, kostuaren erdia baino ez zuten bere gain hartu behar izan», azaldu dute.

Etorkizunera so, «gero eta agenda osatuagoa ontzeko lanetan gogor jarraitzea» dute jomuga. Bien bitartean, ludoteken «konpromiso eta erantzukizun ariketa kolektiboa» urrats sendoz doa aurrera, beren leloak dioen legez, euskara nafar guztiena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.