Berdelari aitorpena

Berdelarekin egindako 20.000 pintxo prestatuko dituzte gaur Mutrikun. Herriko jatetxeek eta elkarteek hartuko dute parte Berdel Egunean

Hainbat pintxo prestatu zituzten iaz herriko portuan, Mutrikuko Berdel Egunean. EIDER MUGARTEGI / BUSTURIALDEKO HITZA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Berdel Eguna dute gaur Mutrikun (Gipuzkoa). Arrain horrekin egindako hamaika mokadu prestatuko dituzte herriko jatetxeek eta elkarteek. Kirol ekitaldirik eta kale animaziorik ere ez da faltako. Herritarren parte hartzea du oinarri Mutrikuko Udalak eta Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak antolatutako egunak. Goizeko Izarra ikastolak jaso du aurtengo Berdel aipamena.

Arratsaldean izango da berdelaren bueltako ekitaldi nagusia; berdel pintxoen dasta egingo dute 18:00etan, herriko portuan. Jatetxeek pintxo hauek egingo dituzte: berdela ziza saltsarekin, pikilloekin, berdura saltsarekin eta berdelaren pizza. Elkarteek, berriz, berdelarekin egindako txaka, budina, marmitakoa eta piperrada prestatuko dituzte. Berdel errea ere jan ahal izango dute tokian bildutakoek.

1.500-2.000 berdel kilo erabiliko dituzte guztira. 20.000 mokadu inguru prestatuko dituzte horrekin. Ospe txarra zuen arrainari izen ona emateko eta harenezaugarriak ezagutarazteko asmoz hasi ziren gaurko eguna antolatzen. San Pedro kofradiak eta Mutrikuko Udalak antolatu zuten lehenengo Berdel Eguna. 23. edizioa da aurtengoa.

Eskulangileen eta sortzaileen azokak irekiko du egitaraua. Txurruka plazan egingo da, 10:30etik eguerdira arte, Eixu artisau elkarteak antolatuta. Belaontzien hamahirugarren txapelketa jokatuko dute 12:00etan, Kalatxori Elkartearen eskutik. Berdel-pintxo poteoa egiteko aukera ere izango da herriko tabernetan, ordu berean. Trikitilarien kalejirak girotuko du. 13:00etan, herriko abesbatzaren kontzertua egongo da, Zubiel plazan.

Ikastolaren aipamena

Portuko saioak jarraipena izango du iluntzean; 20:00etan Guda dantza taldeak kontzertua joko baitu han. Berdel txapelketako zesta-punta partida ere jokatuko dute ordu berean, Danok Bat Elkarteak antolatuta.

Herritarren parte hartzea du oinarri Berdel Egunak; «Herriaren jaia da», Marta Amonarriz Mutrikuko turismo teknikariak azaldu duenez. Herriko hainbatelkarte eta norbanako aritzen dira lanean. «Mutrikuko jairik ezagunenetakoa bihurtu da; inguruetako urteko lehenengo jaia da», esan du Amonarrizek.

Berdel aipamena ematen diote urtero antolatzaileek herriko elkarte edo norbanakoren bati. Goizeko Izarra ikastolak jaso du aurten, bere 50. urteurrenean. Hezkuntzaren, euskararen eta kulturaren bueltan egindako ekarpena aitortu diote. Aurten, gainera, herritarren parte hartzea izan du oinarri aipamenak. Mutrikuarrek proposatu dituzte berdel aipamenerako hautagaiak, eta haiexek aukeratu dutebozketa bidez Goizeko Izarra ikastola.

Berdel Eguna

Gaur, 10:30ean, Mutrikun (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.