Sanferminak Iruñean

Maiak ez ditu itzali jaiak

Aurtengo jaiek galdera handi bat ekarri dute: zer aldaketa ezarriko ditu udalak datorren urteko jaietan?. Jai parekideen alde asko egiteko badago ere, nabaritu da aurretiko lana

Uztailaren 7ko prozesioa Curia kaletik igarotzean, herritar batek xistera kendu zion Maia alkateari, zartako batez. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Oraindik ez dira amaitu sanferminak: azken 24 orduen burrunba falta da gaur gauerdian udaletxe plazan Gaixoa ni kantatu aurretik —iruindar batzuek oheratzean kantatuko dute, zenbaitentzat parrandarik onena baita gaurkoa—. Dena den, balantzea egiteko ordua iritsi da, eta neurri batean protagonistetako bat Enrique Maia Iruñeko alkatea izan da. Aginte makila hartu zueneko diskurtsoan jarrera irekia agertu bazuen ere, kontrakoa frogatu dute azken hilabete honetako ekintzek: Asironek lau urteotan egindakoan atzera egiteko borondatea agertu du, eta horren lekuko dira sanferminak ere. Txupinazoan jazotakoak eta Curia osteko gertaeren erreakzioak erakusten dute bake soziala ez duela, itxuraz, lehentasun. Dena den, Maiak ez ditu itzali jaiak. Festak alde ilun batzuk baditu ere, aurten argi gehiago izan dituela esan daiteke, 24 orduren faltan bederen.

IKURRINAREN AUZIA
Sosegua alboratuta, probokazioaren bila


Ezin izan zuten eragotzi plazan ikurrina agertzea Nafarroako bandera baten alboan. Dena den, Enrique Maiaren agintepeko udaltzainen jarrerak erakusten du zer asmo dituen Navarra Suma koalizioak: uztailaren 6an, 11:00etan Txapitelatik abiatzear zen kalejira batean parte hartu zutenei 150 ikurrin txiki kendu zizkieten, eta, batez ere, udaletxe barruan EH Bilduko eta Geroa Baiko zinegotziei ikurrina jartzea galarazi zieten, eta bortizki kendu. Ikurrina kentzerakoan, Maider Beloki hautetsiari zauriak egin zizkioten, eta hark salaketa jarri du epaitegian. Gauza bera egin du Carmen Alba Navarra Sumako zinegotziak. Haren hitzetan, «EH Bilduko zinegotzi batek ostikoak» eman zizkionberari. Irudi bakar batean ez da agertzen hark esandakoa.

Izan ere, dena kamerek jaso zuten, eta irudietako batean ikus daiteke Alba —Espainiako ordezkari izandakoa— Iruñeko udaltzainburu berriari bostekoa ematen eta zoriontzen. Irudi horien aurrean, Joseba Asiron alkate ohiak esan zuen jarrera oldarkor horrekin «zerbait sakonagoa» lortu nahi zuela Maiak: «Hiriko elkarbizitza hondoratzea». Horregatik «lasaitasunerako deia» egin zuen, argi ikusirik eskuineko koalizioa probokazio bila dabilela egungo egoera politikoari etekina ateratzeko asmoz.

Biharamuneko prozesioan, Curia kalean, ohiko oihuez gain ez zen bestelako ezer aipagarririk gertatu. Uneren batean, Enrique Maiari txanoa kendu zioten.

Astearte goizean, entzierroan, Iruñeko udaltzainek gazte bat identifikatu zuten, biri isuna jarri zieten, eta beste bati kolpea eman. San Domingo aldapako korrikalari batek entzierroan bertan hori egin izana aurpegiratu zien udaltzainei.

Gertaeroz harago, egungo sanferminak galdera handi batekin amaituko dira: zer egingo du udalak datozen sanferminetan? Euskarazko eskaintzak erdigunea irabazi du Asironen agintaldian, eta herri mugimenduak bere espazioa lortu du Alde Zaharrean. Ikusi beharko da 2020an zer aldaketa egiten dituen Maiak.

ERASO SEXISTAK
Bide luzea dago egiteko


Oraindik ere, bide luzea dago festak parekidetasunean ospatzeko. 2016ko bortxaketaren ostean, Asironen agintaldian lan handia egin du udalak, mugimendu feministarekin elkarlanean. Salaketa gutxiago aurkeztu dira, baina horrek ez du esan nahi erne egon behar ez denik. Hala ere, aldaketaren adierazle moduan, txupinazo ostean plazan gertatutakoa. Garai batean, ohikoak ziren, sorbalda gainera igotzen ziren nesken aurkako ukituak. Aurten, berriz, txupinazo osteko uneetan bederen, eromenaren erdian errespetua nagusitu da bertan zirenen artean. Orain arte, zazpi salaketa jaso dituzte Iruñeko arreta zerbitzuek, ukituengatik. Zortzigarren bat ere ikertzen ari da Udaltzaingoa, baina ez du daturik eman.

Maiaren udal gobernuak egin dituen mugimenduak kezkagarriak dira, dena den: batetik, genero arloko bi teknikariren lehiaketa bertan behera utzi duelako, eta, bestetik, alor horretako buru jarri duelako adierazpen atzerakoiak egin dituen zinegotzi bat.

ENTZIERROAK
Joaldunak eta korrikalari batzuen protestak


Oraindik zezenak eta entzierroak dira sanferminetako protagonista nagusiak. Hala ere, azken urteetan, joera bat nagusitu da: duela zortzi urtetik hona, zezenak ez labaintzeko gai bat isurtzen dute ibilbidean, eta horrek zaildu egiten du entzierroa benetan arriskutsu egiten duen unea —zezen bat bakarrik geratzea—. Halaber, joaldunek gero eta entrenamendu gehiago jasotzen dutelako eta zezenen aurretik korrika egin dutelako, lasterkari batzuek protesta egin dute, haien hitzetan entzierroak gatza eta piperra galdu duelako. Zezenketen inguruko eztabaida gizarteratzen ari da apurka Iruñean. Zezenketen aurkako mugimendua handitzen ari da, pixkanaka, eta hilaren 7an kalejira egin zuten. Astelehenean ekaitz bortitzaren ondorioz zezenketa bertan behera geratu izanak hainbati pentsarazi dio hura gabe eredisfrutatu daitekeela.

GIROA
Alaitasuna nagusi


Jai irekiak dira sanferminak, etenik gabekoak: 24 orduz, zortzi egun eta erdiz. Giro ona egon da oro har. Eguraldiak lagundu egin du. Asteleheneko ekaitzak erakutsi zuen ezer ez dela oztopo iruindarren asmamenerako. Dena den, gau hartan jada ikusi zen hegoaldera, Nafarroa erdialdean, hondamendia eragin zuela bat-bateko ur erauntsiak.

Bideo ugari —ekaitzarenak, Maiaren txanoarena, dinosauroena...— bolo-bolo zabaldu dia sare sozialetan. Han ere txokoa aurkitu dute jaiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.