Argazkilariaren begi politikoa

Kutxa Kultur Arteguneak 'Irudi sekuentziatuak, 1930-1990' zortzi argazkilari argentinarren erakusketa zabaldu du. Liburu batean argitaratu du argazki bilduma, hiru hizkuntzatan

1984ko martxoaren 8ko manifestazioan Alicia D'Amicok egindako argazki bat, Tabakalerako Irudi sekuentziatuak erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Autorretratua, gorputza, biluzia, desira, kartzela, diktadura, erresistentzia, manifestazioa, salaketa, eroetxea, ospitalea, familia, amatasuna, haurrak, pobrezia, merkatua, indigenak, lanbideak, bidaia, hiria, kultura, artistak eta abar, XX. mendeko begirada feministaren aniztasuna eta edertasuna agertzen dituzten zortzi fotografo argentinarren 120 argazki eta gai franko ematen ditu Kutxa Kultur Arteguneak Donostiako Tabakalerako bi solairutan, bost gunetan antolatutako erakusketan. Urriaren 12ra arte izango da zabalik, eta irailean hitzaldiak eta solasaldiak egingo dituzte.

Alicia D'Amico (1933-2001), Alicia Sanguinetti (1943), Julie Weisz (1945) eta Adriana Lestido (1955) argazkilariek Argentinako diktadura militarraren garaian eta garai historiko zailetan lan egin zuten, 1976 eta 1983 bitartean.

D'Amicok 1984ko martxoaren 8ko manifestazioan egindako argazki bat, edo Silvina Ocampo eta Alejandra Pizarnik idazleei 1964an ateratakoak, edo bikote biluziaren arteko besarkada (1994koa), lau bakarrik aipatzearren, zirraragarriak dira. Erakarpen berebizikoa daukate Weiszek 1981ean Teatro Abierto antzerki talde kritikoari egindako hamahiru piezek. Eta Sanguinettik 1973an preso zegoela (Ejercito Revolucionario del Pueblo taldeko kidea baitzen) kartzela barruan bi emakumezko gatiburi leihoan egindako argazkiak kutsatu egiten ditu borrokarako grina eta askatasun egarria.

Beste lau argazkilari gehiago badira, aurreko belaunaldi batekoak. Alicia Sanguinettiren ama da lau horietako bat: Annemarie Heinrich (1912-2005). Eta beste hirurak hauek dira: Grete Stern (1904-1999), Lisl Steiner (1927) eta Ilse Fuskova (1929).

Heinrichek, Buenos Aires hiriko teilatuen artean, andre bat gizonezko jantziz eta eguzkitan etzanda hartu zuen argazki batean 1958an, eta Veraneando (Udako oporretan) ipini zion izenburua. Steinerrek, kamerino bateko intimitatean, 1957an, gerritik gora biluzik dagoen gizonezko beltz bat erretratatu zuen: Louis Armstrong jazz tronpetista da.

Deskribatutako argazki horiek eta erakusketako gainerakoak 264 orrialdeko liburu batean argitaratu dituzte, hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). 35 eurotan da salgai.

Bost gune eta hiru film

Maria Laura Rosa eta Tamara Garcia komisarioek erakusketaren bost guneak azaldu dituzte; zortzi argazkilarien epokaz, etikaz eta estetikaz jakingarri zehatzak eman dituzte, eta, aretoko bi solairuetan, 120 argazkiei buruzko oharrak egin dituzte ia banan-banan.

Subjektibotasun femeninoa arakatzen da Ni posiblea gunean. Norberaren irudia jasotzen da, eta nortasunari buruzko gogoeta antzematen zaie.

Beste biluzi batzuk izenekoan, gorputzari buruzko interpretazio berriak aurkezten dira. Sentsualitatea, desira lesbikoa, helduaren gorpuzkera, aniztasuna.

Ziratekeen sekuentziak... izenburua du beste batek. Haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa dira argazkilarien arreta pizten dutenak. Bizitzaren hauskortasunaz eta miseriaz dihardute, eta begien bistara ekartzen dute Latinoamerikan proiektu sozialek eta ekonomikoek izandako porrota.

Flâneuses izen frantsesarekin bildu dituzte hirian barnako ibiliak eta ikusiak. Lehenengo belaunaldiko kideek, burgesak izanik, ez zuten arazorik izan bidaiak egiteko. 1960ko hamarraldian, aldaketa sozialen eta feminismoaren aldeko borroken lekukoak dira argazkilari gazteak.

Dokumentazioa lanbidetzat da bosgarren gunea. Argentinako diktadura militarrak giza eskubideen urraketa larriak egin zituenez, erresistentzia guneak eratu ziren. Gertakari politikoak eta sozialak fotografiatu zituzten orduan.

Argazkiez gainera, hiru film ere ikus daitezke beste gela batean: Narcisa Hirschen (1928) bi film hamar minutukoak, koloretan: Taller eta Ama-Zona; eta Maria Luisa Bembergen (1922-1995) hamabi minutuko Juguetes (Jostailuak), zuri-beltzekoa.

Igandero, 17:30ean, bisita komentatuak izango dira, euskaraz.

Begirada feminista

Tamara Garciak nabarmendu du bertakoak ez diren ahotsak ekarri nahi izan dituztela: «Beste herrialde batzuetako jendea ezagutzen dugun aldiro, denok zerbait deskubritu ohi dugu geure baitan, norbere identitateari dagokiona. Argazkilari argentinar hauek ispilu bat jartzen digute parez pare. Historiografia zeharo ezberdina duten emakume batzuekin elkarrizketan hasiko gara». Kontzeptu feministetan oinarritutako erakusketa bat prestatu dute, Garciaren arabera: «Bestelako ekonomia, gizarte eta familia sistema batekoak dira. Horrek emakume artistoi plantearazten digu nor garen eta nola garatzen ari garen gaur egun».

Argazkilari horiek Argentinan ez dute behar luketen erakuslekurik, Maria Laura Rosaren iritziz. Han ikusi ere egin ez diren argazkiak daude hemen: «Zuentzat erakarpen berezia izango du erakusketak. Lehen aldia da hemen ikus ditzakezuela artista hauen lanak, maila gorenekoak. Emakumeek Argentinako historia nola ikusi duten konturatuko zarete. Gure begirada feminista da, ideologikoa da».

Irailaren 7an Bizitza lentearen bitartez hitzaldia egingo du Rosak; irailaren 9an, Narcisa Hirsch eta Daniela Muttis zinemagileekin solasaldia. Irailaren 14an Alicia Sanguinetti argazkilaria mintzatuko da, eta 28an, Adriana Lestido. Denak streaming bidez ikusi ahal izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.