Sanferminak Iruñean

Tokia egin diote elkartasunari

Ehunka lagun batu dira Altsasuko gazteen egoera salatzeko protestara. Auzipetuak aske uztea galdegin dute senideek. Ekitaldia Gazteluko plazan egiteko baimena ukatu diete

Altsasuko gazteei elkartasuna adieraztera agertu ziren ehunka pertsona Herri Sanferminen gunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hirugarren urtez, duintasunaren elastiko zuria jarri diete sanferminei. Ehunka pertsona bildu ziren atzo Herri Sanferminen gunera, Altsasuko auzian espetxeratutako zortzi gazteei sostengua adierazteko. Errekoleten plaza mukuru beteta, inguruko kaleetara ere hedatu zen elkartasuna, eta ozen aditu ziren bertaratutakoen oihuak: «Altsasukoak askatu», «Hau ez da justizia» eta «alde hemendik, utzi bakean», besteak beste.

Ikurrinez eta Nafarroako banderez gain, Galiziako banderak eta Kataluniako esteladak ikus zitezkeen jende oldearen artean dantzan. Agertokiaren aurrean, berriz, Altsasukoak aske leloa idatzia zuen pankarta, eta apur bat atzerago, zortzi gazteen argazkiak eta Justizia hitza, letra erraldoiekin osatua. Deialdiarekin bat egin zuten Iruñeko peñek ere, eta jai giroan bertaratu ziren Herri Sanferminen guneraino, txarangen doinuan dantzan.

Jendetzak harrera beroa egin zien atxilotutako gazteen gurasoei eta Altsasukoak Aske plataformako kideei, eta txalo zaparrada batekin agurtu zituzten Errekoleten plazako oholtza gainera igo ziren unean. Hunkituta, senideek esker ona adierazi zieten bertaratutako guztiei: «Hemen gaude, berriz ere, bidegabekeria hau gogora ekartzeko, eta zuek gurekin zaudetela sentitzeko».

Plataformako kideen esanetan, gizarteak «ezin du onartu gazte batzuei, haien familiari eta herriari» ezarri dieten zigorra. «Injustizia ikaragarri hau gogorarazi eta salatu behar dugu». Prozesu osoa auzitan jarri zuten atxilotuen senide eta lagunek: besteak beste, salatu zuten gazteei bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkietela, behin-behineko espetxealdia «abusuzkoa» izan dela, eta, finean, «epaiketaren hasieratik giza eskubideak zalantzan jarri dituen dinamika politiko-judiziala» jarri duela indarrean Espainiak.

Une honetan, Gorenaren epaiaren zain dago auzia, baina Altsasuko gurasoek ez dute esperantza handirik: «Ideien, hautetsontzien eta boto-paperen aurkako epaiketa gauzatu berri duen auzitegi berbera da». Horren aurrean, «erabaki onargarri bakarra» auzipetu guztien askatasuna dela azpimarratu zuten atzo.

Prozesuak iraun duen hiru urteotan, Altsasuko gurasoei harrera beroa egin diete Iruñeko sanferminetan. Iaz, esaterako, Herri Sanferminen txupinazo alternatiboa bota zuten. Hori gogoratu eta eskertu zuten atzo ere, eta laguntza ematen segitzea galdegin zieten elkarte, norbanako eta eragile guztiei: «Edonon zaretela ere, zuen ahotsa behar dugu, aipatzen ez dena ahaztu egiten delako. Ez dezagun gure seme-alaben auzia ahanzturan erortzen utzi».

Jasotako sostengu hori gogora ekarrita, Altsasuko gurasoek elkartasuna helarazi nahi izan zieten 11/13 sumarioko 47 auzipetuei ere. Irailaren 14an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egingo dutela adierazi zuten.

Arazoa baimenekin

Iaz, Altsasuko gurasoek Gazteluko plazan egin zuten sanferminetako urteroko elkarretaratzea, eta hala egin nahi zuten aurten ere. Aurrekoan bezala, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzari eskatu zioten baimena, baina ezezkoa jaso zuten. Iruñeko Udalarekin kontsultatu ostean ukatu zieten Gazteluko plaza erabiltzeko baimena, eta elkarretaratzea egin nahi izanez gero Errekoleten plazan egin beharko zutela erantzun zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.