Donostiako Jazzaldia

Teklak pasio, eta buruhauste

Kenny Barron pianista zortzigarren aldiz etorri da Donostiako Jazzaldira, oraingoan laukotearekin. Azaldu du pianoarekin harreman gatazkatsua izan duela 60 urteotan

Kenny Barron pianista, atzo, Donostiako Jazzaldian kontzertua eman aurretik. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Donostiako Jazzaldia asko gustatzen zait, funtsean, jazz jaialdi bat delako. Beste leku batzuetan, jazz jaialdi deitzen diete estiloarekin zerikusi gutxi duten ekitaldiei», adierazi zuen Kenny Barronek atzo, Donostian kontzertua baino lehen eginiko prentsaurrekoan. Azken hamarkadetan jazzean eragin handiena izan duten pianistetako bat da, eta 60 urtetik gora eman ditu estilo hori lantzen. Esan zuen pianoarekin harreman «gogorra» izan duela denbora horretan, «gauza berriak probatzeko desirak» eta «alderdi teknikoekiko kezkak» etengabe lanean aritzera behartu dutelako. Hala ere, «pasio handiz» egiten du bere lana, nahiz eta, batzuetan, harekin «erlazio errazagoa» izatea gustatuko litzaiokeen pianista estatubatuarrari.

Donostiarekin duen lotura nabarmena da; zazpi alditan parte hartu du Donostiako Jazzaldian. 1987. urtean jo zuen jaialdian lehenengo aldiz, Stan Getz saxofonista, Rufus Reid kontrabaxu jolea eta Victor Lewis bateria jolea lagun zituela. 2000. urtean, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen, eta kontzertua eman zuen Trinitate plazan. 21 urteren ostean, Trinitate plazara bueltatu zen atzo, izen handiko hiru artistaren laguntzarekin: Steve Nelson bibrafonista, Peter Washinton kontrabaxu jolea eta Jonhatan Blake bateria jolea. Elkarrekin, Kenny Barron All Star Quartet taldea osatzen dute. «Azkar eta buelta askorik eman gabe» sortutako taldea da, haren hitzetan; entsegu asko egin ez dituzten arren, Barronek askotan jo izan du taldekide bakoitzarekin, eta, beraz, oso ondo ezagutzen dute elkar.

Filadelfian (AEB) jaio zen Barron, 1943. urtean; bere anaia Bill Barronek bultzatu zuen pianoa jotzera. 5 urterekin piano eskolak hartzen hasi zen, eta, bere aurrerapenak ikusita, anaiak jotzen zuen Men Melvin taldean jotzera gonbidatu zuten. Hartan hasi zen profesionalki pianoa jotzen. 19 urterekin, New Yorkera joan zen bizitzera, eta James Moody saxofonistarekin eta beste artista batzuekin lan egiteko aukera izan zuen. Moodyren gomendioz, Dizzy Gillespie tronpetistak kontratatu zuen 1962an, eta harekin garatu zuen Barronek erritmo latino eta karibearrekiko estimazioa. 1970eko hamarkadaren hasieran, Yusef Lateefekin lan egin zuen; Barronen ustez, hari esker lortu zituen egun inprobisaziorako dituen dohainak.

Pandemiak markatutako urte eta erdi baten ondoren, «harrotasun handiz» itzuli da Donostiara, bere «Europako hiririk gustukoenera», hilabeteotan New Yorkeko taberna batzuetan «ilunpetan eta publikorik gabe» jo ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.