Gereziondoen uzta

Gereziaren azoka, postre lehiaketa eta beste hainbat ekintza egingo dituzte bihar Milagron, kirolari eskainitako Gereziaren Egunean

Urtean 400.000 kilo inguru gerezi ekoizten dituzte Milagron. J. ORDOÑEZ.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Gerezia da Milagroren (Nafarroa) ikurra; hainbat gereziondo eta ekoizle daude inguruetan, eta haien topagune bihurtuko da bihar herria, Gereziaren Eguna ospatuko baitute hemeretzigarrenez. Hamaika ekintza egingo dute goizetik hasita; besteak beste, gereziaren azoka eta fruitu horrekin prestatutako postreen lehiaketa. Kirolari lotutako festa eguna izango da; izan ere, Cristina Perez Ruiz waterpoloko jokalaria izango da pregoilaria, eta herriko kirolariek jasoko dute Urrezko Gerezia.

Milagroarrentzat urteroko hitzordua bihurtu da Gereziaren Eguna, hain preziatua duten fruitua dastatzeko eta urte horretako uzta ezagutarazteko jaia izaten baita. Gereziaz gain, festak beste protagonista bat ere izaten du, eta, aurtengoan, kirola izango da: herriko kirolarien jarduna aitortuko dute, nola pregoian hala Urrezko Gerezia banatzerakoan ere. Hain justu, Cristina Perez Ruiz waterpoloko jokalaria arduratuko da pregoia irakurtzeaz,bihar eguerdian; horren ostean banatuko dituzte Urrezko eta Zilarrezko Gereziak, horiek ere kirolariei.

Aitortzak eguerdian izanagatik, goizetik festa giroa izango da nagusi Milagroko kaleetan: 10:00etan irekiko dute azoka, eta, gereziak protagonista izango diren arren, bestelako janaririk ez da faltako, ezta eskulangileen posturik ere.

Pinta, estimatuena

Gereziak ez ezik, gereziekin egindako postreak jateko aukera izango dute Milagrora doazenek, postre lehiaketa egingo baitute, hamaseigarrenez; azoka irekitzearekin batera ekingo diote platerak prestatzeari, eta 14:00etan banatuko dituzte sariak.

Gereziondoetako uztaz gain, bestelakorik ere dastatu ahal izango da bihar; izan ere, askotariko emanaldiak izango dira: goizean, esaterako, gaita jotzaileek eta buruhandiek girotuko dute azoka, eta herriko musika eskolako bandak kontzertua emango du kultur etxean, 11:30ean. Ordubete geroago, berriz, jota eskolakoek hartuko diete lekukoa, eta Nafarroako jotak abestuko dituzte. Iluntze aldera ere ez da musikarik faltako, Pan con Chile taldeak joko baitu jaia amaitzeko.

Musikak ez ezik, margolanek ere girotuko dute eguna, Art Milagro taldearen erakusketa ikusgai baitute astelehenetik, herriko liburutegian.

Festa egunaren atarian, Milagron eta inguruko herrietan aurtengo uzta jasotzen ari dira azken asteetan; maiatzean hasten dira biltzen, eta horretan aritzen dira ekainean ere; 400.000 kilo inguru biltzen dituzte urtero, eta pinta deituriko aldaera da guztien artean estimatuena, haren gozotasuna eta kalitatea tarteko. Klase bat ala bestea, milaka alek gozatuko dituzte bihar Milagrora doazenen aho-sabelak.

Gereziaren Eguna

Bihar, 10:00etan, Milagron(Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.