Emakumeak lasterka

Inoiz baino jende gehiagok bat egin du Lilatoiarekin: 5.000 korrikalari izango dira.Hamarretan abiatuko da lasterketa bihar, Bulebarretik

Adin guztietako emakumeek parte hartuko dute bihar Lilatoia lasterketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Asteartean izango da, mundu osoan, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Eta azken 26 urteetan egin izan duten moduan, emakumezkoen lasterketa antolatu dute, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian: Lilatoia. Bihar egingo dute herri lasterketa, Donostian, festa giroan.

Atletico San Sebastian elkarteak jakinarazi duenez, inoiz baino dortsal gehiago banatu dira aurtengo Lilatoia lasterketarako; iaz baino %25 gehiago. Orotara, beraz, 5.000 emakumek parte hartuko dute biharko emakumezkoen herri lasterketan. Hauxe da emakumeen lasterketa egiten den 27. aldia.

Bulebarretik abiatuko dira korrikalariak, goizeko hamarretan. Hernani kaletik, Askatasunaren hiribidera egingo dute gero, eta, hiriburuaren erdiguneko kale nagusiak zeharkatu ostean, Bulebarrean amaituko dute lasterketa. Denera, bost kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek.

Korrikalariek arropa eta gainerakoak utzi ahal izango dituzte kontsigna zerbitzuan, 08:00etatik 12:00etara. Gipuzkoa plazan ezarriko dute zerbitzua.

Eta korrika egiten hasi aurretik, berotze ariketak egiteko deia egin dute. Bulebarreko kioskoan egingo dituzte lasterka abiatu aurreko beroketak, aero zumbaren erritmora.

Lasterketan ere izango da musika eta giroa; urtero bezala, korrikalariak animatzera jende andana hurreratuko dela uste dute antolakuntzakoek. Eta festa giroa are gehiago girotzeko, trikitia eta batukada izango dira ibilbidean. Lilatoia ez baita lasterketa soil bat, festarako eta aldarrikapenerako lasterketa baizik.

Zerbitzuak

Lasterketan parte hartzen duten korrikalari guztiek Kontxako hondartzako kabinetan dutxa hartzeko aukera izango dute. Zerbitzua 10:00etatik 17:00etara eskainiko dute. Eta Alderdi Ederren, berriz, masaje zerbitzua egongo da, Lukai Eskolaren eskutik.

Lasterketa amaitu bezain laster banatuko dira sari eta garaikur guztiak. Sari banaketa 11:00etan egingo da, Alderdi Ederreko lorategietan.

Lau multzotan banatu dituzte korrikalariak: Gazteak —14 eta 25 urte bitartekoak—, seniorrak —26 eta 45 urte bitartekoak—, beteranoak —46 eta 59 urte bitartekoak— eta 60tik gorakoak. Maila bakoitzeko lehen hiru denborarik onenak sarituko dituzte, eta hiru talde jendetsuenek ere izango dute saria. Parte hartzaile guztiei, berriz, elastiko teknikoa oparituko zaie.

Horrez gain, sari berezia jasoko du aurten Atletico San Sebastian elkarteko Emakumezkoen Sofbol taldeak, 2015ean izandako lorpenengatik. Ohorezko mailako ligan txapeldunak izan dira, eta Espainiako kopan, berriz, txapeldunordeak. 2016an, Elkarteetako Europako Txapelketan parte hartuko du taldeak.

Lasterketa eta sari banaketa amaitzearekin, baina, ez da biharko festa bukatuko. Garaikurren banaketarekin amaitu orduko, kalejiran joango baitira parte hartzaileak, lagunak, senideak eta nahi duen oro. Udaletxetik abiatuko da Lila-potea, eta, musikaren erritmora, Eiger, Rekalde eta Herria tabernetara joango dira, festa eta aldarrikapena Parte Zaharretik zabaltzera.

Lilatoia

Bihar, 10:00etan, lasterketaren hasiera, Donostiako Bulebarrean.

11:00etan, sari banaketa.

12:00etan, Lila-potea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.