Erdi Arora bueltan

18. Erdi Aroko azoka egingo dute asteburuan, Balmasedan. Musika, antzerkia, eskulangileen azoka eta askotariko jarduerak antolatu dituzte

35 antzerki eta musika emanaldi baino gehiago egingo dituzte Balmasedako Erdi Aroko azokan. BALMASEDAKO UDALA.
Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Denbora makinan sartu, eta urte mordoa atzera egingo du Balmasedak (Bizkaia) asteburuan. Gaur eta bihar, Erdi Aroko azoka izango dute herrian. 1999. urtean hasi ziren festa hori antolatzen, eta azokaren eszenaratzeari eta bertan biltzen den jendetzari esker, ospakizun gogoangarria bilakatu da Euskal Herriko kultur eskaintzan. Egunotan, alde historikoko balkoietan oihalak jarriko dituzte, lastoz estaliko dituzte kaleak eta Erdi Aroko jantziak soinean eramango dituzte herritarrek. Kaleetan barrena, berriz, musikariak, malabaristak etaorekariak ibiliko dira. Hala, asteburu batez, Balmasedak Erdi Aroko tradizioak berreskuratuko ditu.

Iaz azoka egiten den eremua zabaltzea erabaki zuten, eta izan zuen «harrera ona» ikusita, ibilbidearen barruan sartu dituzte aurten beste bi gune: Hedegile kalea eta Foru plaza. Orotara, bederatzi gunetan banatu dute feria.

Urtero bezala, askotariko jarduerak antolatu dituzte: azoka, gaueko ikuskizunak, antzerkia, musika... Aurtengo ekinaldian, iazkoarekin alderatuta, ia bikoiztu egin dira antzerki eta musika emanaldiak: orotara, 35 baino gehiago izango dira. Gainera, lehen aldiz, Erdi Aroko justen eta borrokaldien eremua prestatu dute. Gune horretan, armak, lantzak eta ezpatak hartuta borroka egingo dute zaldunek.

Horrez gain, beste hiru eremu atondu dituzte: judua, arabiarra eta kristaua. Leku horietan, ordezkatzen duten kulturaren arabera antolatuko dituzte dekorazioa eta jarduerak: besteak beste, Shabbat eta Jund Andalusi ospakizunak egingo dituzte, juduen eremuan eta arabiarrean, hurrenez hurren.

Herritarren antzezlana

Gaur, 12:00etan hasita, Juduak Balmasedatik kanporatu zituztenekoa izenburupean, herri antzezlana egingo dute San Severino plazan, Balmasedaren historiako pasarteetako bat azaltzeko. Juduak Balmasedatik kanporatu zituzteneko istorioa kontatuko dute. Juduak eta kristauak nola bizi ziren ikusi ahal izango da, eta ezkontza judu bateko jaiaz gozatu ere bai. Ondoren, Erdi Aroko borrokak antzeztuko dituzte.

Ikuskizunen artean, honako hauek nabarmendu dituzte antolatzaileek: Troula Teatro taldearen Herratuak, Irurtzungo (Nafarroa) Pertsonaia mitologikoak eta Conxuro de Queimada kale animazioa. Guztiak dohainik ikusi ahal izango dira.

Haurrentzako gune bat ere prestatu dute, Horkasitas jauregian. Hango lorategietan Erdi Aroko jolasak egingo dituzte, eta txotxongiloen emanaldi bat izango da, Bihar taldearen eskutik. Horrez gain, denetarik antolatu dute: magia, ipuin kontaketa, aurpegi margotzea, dantza... Familian gozatzeko gune bat izango da, beraz.

Gainera, leku berean, Balmasedako merkatariek beren produktuak erakutsiko dituzte, zenbait jarduera antolatzeaz gain. Saltoki hauek parte hartuko dute, besteak beste: Andrade jostundegiak; Gonzalo dekorazio etxeak; Serafin Palazon argazkilariak; La Balanza, Budha eta Le Mont arropa dendek...

Egun osoko festa izanik, jatekoa eta edatekoa eskuratzeko aukera ere egongo da. Mahaiak eta bankuak jarriko dituzte herriko zenbait txokotan, eta taberna eta jatetxeen gune bat ere izango da.

Erdi Aroko azoka

Gaur eta bihar, egun osoan, Balmasedan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.