Maskor euskaldunak

Uskararen XX. Eguna egingo dute gaur, Urzainkin, euskararen alde. Hainbat jarduera antolatu dituzte: maskor durunda, bazkaria, musika...

Urtero, Erronkari ibarreko herriren batean antolatzen da Uskararen Eguna. Irudian, iaz Erronkarin egindako festa. BERRIA.
Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Aspaldiko kondairak dioen bezala, maskor handi bat belarrian jarrita, itsasoaren marmarra entzuten da. Ez da egia, inguruko soinuak dira benetan entzuten direnak, inguratzen gaituztenak». Horregatik, Kebenko kultur elkarteak maskorraren irudia aukeratu du Uskararen XX. Eguna ospatzeko, Urzainkin (Nafarroa). «Maskorra euskararen durundarekin lotu dugu; hizkuntza hori entzun eta zabaltzeko tresna dugu», diote antolatzaileek. Gaur, egun osoan, hainbat jarduera prestatu dituzte aldarri horren inguruan.

Kebenko elkarteak urtero antolatzen du Uskararen Eguna Erronkari ibarreko herri batean. 250 kidetik gora ditu erakundeak, eta inguruetan euskara eta kultura sustatzea dira haren helburuak. Aurten, Urzainkin egingo dute festa, eta, hogeigarren aldia denez, «apustu gogorra» egin dute.

Eguerdian emango diote hasiera egunari, maskor durundarekin: «Denon artean osatuko dugu maskor erraldoi, koloretsu, zaratatsu eta alaia». Parte hartzen duen talde, kuadrilla edo familia bakoitzak kolore bereko kamiseta jantzita edo mozorrotuta joan beharko du, eta musika egiteko edo zarata sortzeko tresnak eraman beharko dituzte. Grabatu egingo dute ekitaldia, bideoaegunaren oroigarri moduan gordetzeko.

Ordu berean, lekuko aldaketa egingo dute: Urzainkik Garderi (Nafarroa) pasatuko dio. Eta, horrekin batera, mikroipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute.

Jarraian, 12:30ean, Alder taldearen eskutik, puzgarriak, ekozikloak eta eskujokoak izango dira. Bien bitartean, Toki Ederra pilota eskolak ogi apurrak eta gazta banatuko ditu, eta Erronkari ibarreko trikiti taldea kalejiran ibiliko da.

Bermuta hartzeko ordua izango da 13:30ean, Jarauta 69 txarangarekin. Horren ostean, 14:30ean, haurrentzako bazkaria izango da, eta, segidan, herri bazkaria helduentzat, txaranga berak girotuta. Bazkalostean, berriz, haurrentzako tailerrak eta puzgarriak prestatuko dituzte.

Arratsaldean, musika

Musikaren txanda izango da arratsaldean. TTEK elektrotxaranga ariko da 18:00etan, eta, 19:45ean, Durrunda Band. 20:00etan, Oharkabe taldeak joko du, eta, 23:30ean, kontzertu nagusiaren ordua izango da: EH Sukarra ariko da zuzenean. 02:00etatik aurrera, berriz, DJek jarraituko dute giroa alaitzen.

Egun osoan, Uskararen Egunaren aldeko txosna zabalik egongo da: edariak, pintxoak eta ogitartekoak salduko dituzte. Gainera, Uskararen Eguneko arropa erosteko aukera izango da, eta hainbat zozketa egingo dituzte.

Uskararen Eguna

Gaur, egun osoan, Urzainkin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.