Enararen begietatik

Zentral nuklearren aurkako borroka oroituko dute gaur eta bihar Ean, Enaden Begiak jardunaldietan. Izen bereko fundazioa aurkeztuko dute

Jardunaldiek 1970eko eta 1980ko hamarkadako mugimendu antinuklearra izango dute ardatz. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi - Izaro Zinkunegi Barandiaran
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Zentral nuklearren aurkako protesta ugari izan ziren Ean (Bizkaia) eta inguruko herrietan 1970eko eta 1980ko hamarkadan. Azkenean, bertan behera geratu zen frankismo garaian egindako nuklearizazio plana. Garai hura gogoratuko dute asteburuan, Enaden begiak jardunaldietan; gainera, izen bereko fundazioa aurkeztuko dute, baita gaiari buruzko artxiboa ere.

Enaden begiak: hala izendatu zuen Gabriel Arestik zentral nuklearren aurkako borrokari buruz egindako poema. «Metafora bat da: Urdaibai da enada [enara], eta Ea eta Elantxobe haren begiak. Poesiak dio zentral nuklear bat egitea enarari begiak kentzea bezala dela», azaldu du Karmelo Landak; EHUko irakasle izana da, eta baita saioon antolatzaileetako bat ere. Fundazioa bihar aurkeztuko dute, 13:00etan, Eskolondon, eta horren gidaritzapean osatutako artxiboa ere aurkeztuko dute: «Dokumentazioa bildu dugu: testuak, argazkiak, obrak... Irekia egongo da, ikertzaileentzako eta».

Aurkezpen eta eztabaidez gain, kostaldea ezagutzeko eta aztertzeko aukera ere izango da Ean, bi txango prestatu baitituzte horretarako: gaur arratsaldean egingo dute lehenengoa, Bedaronatik abiatuta, oinez. Bihar goizean, ostera, itsasontziz egingo dute, Elantxobetik Ogellara, «enararen bi begiak elkartzeko», Landak azaldu duenez. Musikak eta bestelako ikuskizunek girotuko dituzte jardunaldiak: gaur, esaterako, kalejira izango da goizean, eta dantzaldi, berriz, arratsaldean. Bihar Gladis del Estal oroituko dute bazkaldu aurretik; hain zuzen, Oihana Bartra eta Jon Maia bertsolariek parte hartuko dute herri bazkaria horretan.

Arestirengandik edana

Fundazioak oroimena gaurkotzeko asmoz ekin dio bideari: «Oroimen historikoa berreskuratu nahi dugu: historia hurbila da, gainera, oraindik Lemoiz hor baitago». Hain justu, hori landuz ekingo die jardunaldiei, Lemoiz gelditzera daramaten bideak eztabaida egingo baitute gaur, 10:30ean, Eskolondon. Bihar arratsaldean, berriz, energia berriztagarriak izango dituzte eztabaidagai. «Herritarrak ingurune naturalak duen balioaz jabetzea» ere badute helburu jardunaldiek, energia iturri berriztagarriak garatu eta hobestearekin batera.

Euskal Herrian lau zentral nuklear eraikitzeko plana egin zuen Espainiako Gobernuak 1970eko hamarkadan: Lemoizen, Ean (Bizkaia), Deban (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa). «Garai oso gatazkatsua izan zen», gogoratu du Landak; egoeraz kezkatuta, Euskal Kostalde Ez Nuklearra defendatzeko Batzordea sortu zuten. Azkenean, herritarren mobilizazioek, Lemoizko langileen boikotak eta ETAren ekintzek bertan behera utzi zuten plana, Landak azaldu duenez.

'Enaden begiak' jardunaldiak

Gaur eta bihar, 10:00etatik aurrera, Ean (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.