Bastida: bideen besarkagune

Bastidarako bisitak XIV. mendea hunkitzeko parada ematen du; orduko arkitektura ongi begiratua da, nahiz eta Nafarroako Erresumaren portua izandakoa itoa den.

Bastidako karrika nagusian, ekialdera begira diren etxeek baizik ez dute zura agerian; mendebalderakoek babestuak dira, euriteei aitzi egiteko prest. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Bastida
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Bastida (Behe Nafarroa) bisitarazteko bisitaria igurikitzen ari da Vanessa Partarrieu artista, Garralda bere dendaren kanpoko taulet baten gainean: «Hala deitzen diogu gaskoiez etxeari lotuak diren harrizko bankuei, zeintzuk euskal boneta egileek, usuenik emazteak, boneten idorrarazteko baliatzen baitzituzten. Orain, jende gutik du baliatzen jartzeko, nik maite dut, eta entseatzen naiz arratsero istant batez bederen bertan egoten, auzoekin mintzatzeko». Dendan bere eskulturak muntatzen ditu itsasotik berreskuraturiko egurrez eta bertzez, aitaren —Mattin Partarrieu— obrekin batera saltzeko.

Sumatzen da osagarri krisiak ez duela hutsik egin: gel hidroalkoholikoak egiten baitio batzarri sartzen den orori. Karrika nagusitik beheiti, eskuinean Gartxot trinket zaharberritua hetsia da, baina pilotakaden hotsek murru gizenak zeharkatzen dituzte: ari dena gogotik ari dela ezin uka. Garralegi etxearen parean aterpetxea izan omen zela oroitarazi du Partarrieuk: «Sartzen zituzten upelen ondorioz, zola dena maldan da!».

Herriaren beraren genesiaren herexak erabat ezabatu ditu garaileak historia garaikidean. Nafarroako Erresumak zuen bastida hori eraikiarazi, Gaztelak kendu baitzizkion itsasorako sarbideak, Pasaiatik (Gipuzkoa) Bermeoraino (Bizkaia).

Bastida guziek ber egitura bide dute: karrika nagusi luze bakarra, eta puntan eliza. Arkupeek dute karrika hori babesten: merkaturako, bidegurutze komertzialak izaten baitziren herri antolatu horiek, eta Bastida honek ere ez du hutsik egin: erdi-erdian karrika zabaldu, eta arku plazari egiten baitio leku. Halakoak dira Atharratze (Zuberoa), Ainhoa (Lapurdi) eta Arabako Bastida ere.

Etxarri Aranazekin (Nafarroa) batera eraikiarazi zuen herri hori Nafarroako Luis I.a erregeak, 1312an, Aturri ibaian barrena munduarekin harremanetan sar tzeko xedez. Horregatik zeukan ibai portua: «Nafarroak bere bidea ukan zezan», kontatu du artistak.

Haatik, Arhan ibaia isil-isila da, ez du gehiago Aturriri lotzen zion zilbor hesteaz deus kontatzekorik, ez portuaz, ez euskal estatuaz eta munduaren arteko zubi lanaz... Non ez duen hegiko azalpen panelak den mendren bat salatzen.

Karrika nagusiaren paraleloak, Bastidaren egituraz badu zer erran: erregek herria hutsetik eraikiarazi zuelarik, neurri bereko lur puska laukizuzenak banatu zizkien bastidarrak izanen zirenei; etxea eraikitzeko. Xeilako panelean cazalot idatzi dute, baratzeetako bat erakusteko gisan.

«Segur ere, herria harresiak inguratzen zuen, baina ez da erabat segur», erran du Partarrieuk. Nafar etxearen parean gelditu da: «Jeremi Spencer bizi izan da hemen berriki arte, Erresuma Batuko errugbi talde nazionaleko jokalaria. Euskal Herrira etorri zen partida bat jokatzera, eta bertan gelditu zen! Ehulea da».

Karrikaren buruan, elizaren gibeleko pentzean juduak pausan daude: hilerria, lekuko mutua. XVII. mendean Espainia Inkisizioarekin hasi zeneko herexak dira: Portugaldik juduak bota zituenekoa. Agramonteko kondeak aterpetu zituen Baionan, Bidaxunen eta Bastidan: hala, 80 bat judu-familia bizi izan zirela azpimarratu du Partarrieuk: «Ongi integratu ziren, baitzekiten ederki salerosketan, beraz, komunitate egokia Bastidarako». Etxe izenek damaite haien berri: David, Iskarot, Abraham, edo Hazanberri: otoitzera deitzen duena.

Elizaren kalostrapea

Bastidarra zen Inesa Gaxen ere, zeina De Lancre inkisidoreak eta Espainiako Inkisizioak torturatu baitzuten bakoitzak bere aldian, baina bastidarrak nehoiz ez zuen aitortu leporatzen zizkiotenak.

Andre Dena Maria elizaren kalostrapea bereziki ikusgarria egiten dute harrizko zutabe borobilek, haien magalean biltzen ziren agintariak deliberatzeko, Frantziako Iraultzak isildu zituen arte.

Joanes Leizarraga erretore egon zen Bastidan, eta Erreformako ministro biarnesei euskara kurtsoak ematen zizkien, gero predikari lanetan ari zitezen. Arroxelako (Frantzia) portu protestantera heltzen ziren kultuko liburuak Herbehereetatik, hortik Baiona eta Bastidara, portua zela medio, hala-hala, Leizarragak euskaraturiko Testamentu Berria. Mandazainek gero eramaten zituzten liburu debekatuok Nafarroa Garaira, kontrabandoz .

Elizatik beheiti, bertze artisau batek geldiarazi du Partarrieu: udako bisitez mintzo da: «Hamarreko taldeak hiru artisauen atelerietara sarraraziko ditugu, astean hiru egunetan, ados?». Turismo bulegoak dituzke ordutegiak oro, izan ere, Bastida artisauen bilgune baita oraingo egunean. Sendi da egunaren hondarreko jabaldura, lanaren ondoko nasaitze unea eta turistendako aperitifarena. Taulet-etan atseden hartzeko momentu egokia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.